Miarritzeko (Lapurdi) Mouriscot aisialdi zentroko bi animatzaile atxilotu zituzten herenegun goizean Baionan, haurrak bortxatzea eta haien kontra sexu indarkeria baliatzea leporatuta. Gaur goizean fiskaltzak eskatu du bi gizonak behin-behinean kartzelatzeko, baina epaileak erabaki du baldintzapean aske uztea, kautela neurriak jarrita; fiskaltzak adierazi du ez duela helegiterik aurkeztuko. Hain zuzen, aisialdi zentroko haurrekin eta gurasoekin harremanetan jartzea debekatu diete, baita haurrak dauden eremuetara joatea ere. Horrez gain, Pirinio Atlantikoetako Departamenduan egon beharko dute.Â
Zehazki, 3 eta 4 urte bitarteko hamasei haur daude tartean, eta horietatik hamabi biktima gisa identifikatu dituzte jada. Fiskaltzaren esanetan, lau familiak jarri dute salaketa polizia etxean, baina litekeena da beste batzuek ere jartzea datozen egunetan eta asteetan. Familiek protesta egin dute gaur Miarritzeko herriko etxearen aurrean, azalpenak eskatzeko. Izan ere, salatu dute abenduan helarazi zizkiotela herriko etxeari lehenbiziko kexak.
Miarritzeko polizia etxeak uztailaren 12an abiatu zuen ikerketa, 3 urte eta erdiko haur baten gurasoek salaketa jarri eta gero; umeak adierazi zien aisialdi zentroan eraso egin ziotela. Hain zuzen, 36 urte ditu atxilotuetako batek, eta 21 besteak; zaharrenak bi urte daramatza lanpostu horretan, eta gazteenak udako lana zuen. Gaur egun eskura duten informazioarekin ezin dute argitu bi gizonak hitzartuak ziren ala ez erasoak egiteko. Epaileak jakinarazi duenez, akusatuetako bati sexu erasoak egitea egotzi dio, eta besteari, berriz, adin txikikoak galbidean jartzea.Â
Fiskaltzaren arabera, gainera, sexu erasorik salatu ez duten beste adingabe batzuek «trauma zantzuak» dituzte, eta, beraz, litekeena da biktima gehiago izatea. Dena den, adierazi dute «afera biziki konplikatua» dela, biktimen adinagatik, haurrek zailtasunak izaten baitituzte erasoak kontatzeko. Baionako ospitalean artatu dituzte, eta gai horietan espezializaturiko psikologo batekin egonak dira.
Serge Blanco Miarritzeko auzapezak biktimen gurasoei herenegun gutun batean adierazi zienez, bi gizonak kargutik kendu zituzten ikerketen berri izan bezain laster. Bestalde, esan zien Miarritzeko herria parte zibil gisa aurkeztuko dela auzibidean. Gertakizunen larritasuna dela eta, erasoak herriko etxean entzute zerbitzuak ezarri dituzte kasuak plazaratuz geroztik, gurasoek aukera izan dezaten psikologoengana joateko.Â

