Indarkeria matxista

Baliabide eta koordinazio gehiagoren falta

Genero indarkeriari aurre egiteko Espainiak duen legedia aztertu dute EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak, fiskalburuak eta Euskal Legelarien Kontseiluko ordezkariak

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2017ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Joan den irailaren 28an, Espainiako Diputatuen Kongresuaren osoko bilkurak aho batez onartu zuen Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Itunerako azpibatzordeak osatutako txostena. Besteak beste, txosten horrek agindu dio Espainiako Gobernuari bi estatu itun bat lortu dezala hilabeteren buruan. Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak, Carmen Adan EAEko fiskalburuak eta Juana Balmaseda abokatu eta Legelarien Euskal Kontseiluko ordezkariak 2004ko legeak utzitako lorpenak eta estatu itunak jaso beharrekoak aztertu zituzten atzo, Bizkaiko Diputazioak antolatutako jardunaldi batean. 2004ko legea «aurrerapausoa» izan zela deritzote. Baina hainbat gabezia ikusi dizkiote. Baliabideak eta koordinazioa eskatu dituzte, besteak beste.

Ibarrak, adibidez, emakumeenauzitegi bereziak sortu izana azpimarratu du. Hori da, haren ustez, lorpen nagusietakoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera azaldu du: Donostian, Gasteizen eta Barakaldon auzitegi espezializatu bana dago; beste bi daude Bilbon. Horrez gainera, gainontzeko auzitegi barrutietan zigor arloa eta genero indarkeriarena batera daramatzan auzitegi bana dago. Uste du barrutietako auzitegi partekatu horietako batzuk elkartuta Bizkaian beste auzitegi berezi bat sortu beharko litzatekeela, genero indarkeriari lotutako zaintza auzitegi bat egoteko.

Genero-indarkeria kasuetarako zaintzako abokatu espezializatuen auzia ere aipatu du. Bilbon, adibidez, bi daude. Haietako batek polizia etxeetako beharrak betetzen ditu, eta besteak, epaitegietakoak. «Oso gutxi» direla aitortu du Balmasedak, eta esan du «ezinean» ibiltzen direla. Ibarraren arabera, beste abokatu batjartzeak 72.000 euroko kostua luke, urteko. «Ez da asko».

Balmasedak esan du ez dela bermatzen biktimek lehen minututik bertatik aholkularitza juridikoa jasotzea. «Biktimari azaldu behar zaio berari dagokiola erasoa frogatzeko ardura, baina salaketa ipintzera doanean ez dago horretan pentsatzeko egoeran. Aholku emango dion norbait behar du. Eta ez da nahikoa abokatuak polizia etxera laguntzea salaketa jartzera. Aurretik azaldu behar dio zer egin behar duen, nola». Genero indarkeriari lotutako kasuak lantzen dituzten abokatuek prestakuntza berezia jasotzen dute. «Baina hitz egiten irakasten zaigu. Zer hitz erabili, zer eta zelan esan. Ordea, inork ez digu entzuten irakatsi».

Baliabide ekonomiko gehiago behar direla ohartarazi dute hirurek. «Ezin bada, neuk esango dut zein izan behar den lehentasuna: biktimentzako arreta psikologikoa», gehitu du fiskalburuak. «Salaketari eta kontakizunari tinko eutsiko dioten biktima indartsuak behar ditugu, eta hori laguntza psikologikoaren bitartez baino ez dugu lortuko. Bestela, atzera egiteko arriskua dugu, eta fiskalok horrela ezin dugu ezer egin. Nik justizia eraginkorra nahi dut, eta, horretarako, salaketa sendoak behar ditugu».

Kongresuak 200 neurritik gora eskatu dizkio gobernuari. Adanek horietako batzuk kritikatu ditu. Adibidez, delitu berriak sortzearen eta zigorrak handitzearen aurka agertu da fiskalen ordezkaria. «Askok uste dute zigor handiagoek delituak urritzea dakartela, eta hori ez da horrela. Gehiago zigortu ordez, prebentzioan egin behar da indar; eta, batez ere, justiziari dagokionez, eraginkorra izatean. Legea ondo aplikatuz gero, behar beste tresna ditugu». Ohartarazi du epaileek delitu zehatzak epaitzen dituztela. «Delitua frogatzen bada, delitu horri dagokion zigorra ezartzen da, eta listo. Badakigu salatu ez diren delitu edo ekintza gehiago egon zitezkeela. Eta denok asaldatzen gara. Eta ulertzekoa da sarritan frustrazioa sentitzea. Baina Justiziak frogatutako delitu zehatzak epaitu behar ditu; bestela, ez da Justizia».

Gustatu zaio txostenak espresuki genero indarkeriaz berba egitea. Baina aitortu du Espainiako legeak genero indarkeriaz emandako definizioa Europako Kontseiluak 2011n Istanbuleko Hitzarmenean emandakoa baino murritzagoa dela; bikote harremanen barruko indarkeria baino ez du aintzat hartzen, eta nazioarteko testuak bortxa mota oro hartzen du kontuan. «Salaketa ia beti biktimek egiten dute. Lortu behar dugu ingurukoek ere salatzea, genero indarkeria ikusgarri egitea. Baina, horretarako, agian, genero indarkeriaren definizioa aldatu behar genuke, Istanbulekoa hartu. Era berean, horrek arazoak sortuko lituzke. Auzitegi bereziak ez daude prest genero indarkeria zentzurik zabalenean lantzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.