BBVA «gerren eta genozidioaren bitartez aberasten» dela salatu dute antimilitaristek Bilbon

KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduko kideek protesta ekintza bat egin dute BBVAren sukurtsal baten aurka, erakunde horren irabaziak «odolez zikin» daudela irudikatzeko.

KEMeko antimilitaristen ekintza, gaur, BBVAk Bilbon duen sukurtsal baten aurka. ARITZ LOIOLA / FOKU
KEMeko antimilitaristen ekintza, gaur, BBVAk Bilbon duen sukurtsal baten aurka. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko martxoaren 19a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduko zenbait ekintzailek protesta egin dute gaur Bilbon, salatzeko bankuen irabazien zati bat «gerrekin eta Gazako genozidioarekin lotutako inbertsioetatik» datorrela. Zehazki, BBVA bankuaren erantzukizuna nabarmendu nahi izan dute: kartel handi bat paratu dute erakunde horrek Ertzilla kalean duen sukurtsalean, eta gerraren aurkako itsasgarriak eta kartelak pegatu dituzte kutxa automatikoetan. BBVAk bihar Euskalduna jauregian eginen duen akziodunen batzarraren karira antolatu dute protesta.

«Gerren ugaritzea etengabea den garai honetan —Ukrainatik hasita Iraneraino, Gazatik edo Sudanetik igarota, bakan batzuk baino ez aipatzearren— eta mundu osoan gastu militarra inoiz ez bezala handitzearekin batera, inbertsio funts eta banku askok, tartean BBVA, egoera aprobetxatzen dute gatazka horietan erabiliko diren armen fabrikazioan inbertituz, etekinak lortzeko», salatu dute KEMeko kideek.

Antimilitaristek uste dute, gainera, BBVA dela jokabide horren adibide garbienetako bat: «Bigarren postuan dago armagintza industria finantzatzen duten Espainiako bankuen sailkapenean, eta 39. postuan mundu mailakoan». Zehazki, salatu dute banku horrek 4.752 milioi euro inbertitu zituela armagintzan 2020 eta 2022 bitartean.

Horrez gain, BBVAk Gazako genozidioan duen «inplikazio zuzena» ere kritikatu du KEMek: «2019-2024 aldian, 1.558 milioi eurorekin finantzatu zituen Israelera armak esportatzen dituzten enpresak; hain zuzen, gero Gazako genozidioan erabili diren armak». Izen-abizenak ere paratu dizkiete inbertsio horiei: «BBVAk finantzatutakoen artean dira Jabaliako bonbardaketan erabilitako bonbak gidatzeko sistema; Gaza hiriko eremu zibilak fosforo zuriz bonbardatzeko erabilitako artilleria sistemak —zeina debekatua baitago eta gerra krimena baita—; Al-Xifa ospitalearen aurkako erasoan erabilitako lurreko ibilgailu blindatuak; eta Xati errefuxiatu esparruan zibilei eraso egiteko erabili zituzten helikopteroak».

Hori guztia salatzeko, KEMeko kideek zenbait kutxa automatiko blokeatu dituzte pegatina eta kartelen bidez. BBVAren oso ohikoa: gerretan inbertitzea, armak fabrikatzea, genozidioak finantzatzea leloa irakur zitekeen hala kutxa automatikoetan jarri dituzten paskinetan nola Ertzilla kaleko sukurtsalean paratu duten kartel handian.

Protesta ekintza horren bidez, antimilitaristek irudikatu nahi izan dute BBVAren irabaziak «odolez zikinduta» daudela, banku horrek «gerrak finantzatzen dituelako, armen fabrikaziotik mozkinak ateratzen dituelako, eta, horrez gain, oraintxe Gazako genozidioan erabiltzen ari diren armak ordaintzen dituelako». Hori dela eta, KEMeko ordezkariek gogoeta egiteko deia egin diete herritarrei: «Pentsa dezatela ea eroso dauden jakinda beren aurrezkiak erabiltzen ari direla gerra eta armagintza finantzatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!