Barakaldo Naturalak «hipokritatzat» jo du EAJ, Espainiako Gobernuari tren saihesbidearen kalteak arintzeko plan bat eskatzeagatik

Elkarte ekologistaren arabera, Eusko Jaurlaritza da azpiegitura horren trazaduraren diseinuaren «arduradun nagusia», eta «hari egin behar zaizkio eskaerak».

Hegoaldeko tren saihesbidearen kontrako elkarretaratze bat Barakaldon. BARAKALDO NATURALA
Hegoaldeko tren saihesbidearen kontrako elkarretaratze bat Barakaldon. BARAKALDO NATURALA
14789412 kepa
2026ko uztailaren 24a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barakaldo Naturala talde ekologistak ez du begi onez hartu Arabako eta Bizkaiko EAJko bederatzi alkatek eta ordezkarik atzo Madrilen egindako agerraldia. Espainiako Kongresuan legez besteko proposamen bat aurkeztu zuten jeltzaleek, udalerri horietan hegoaldeko tren saihesbideak izango duen eragina arintzeko jarduera plan bat eskatzeko Espainiako Gobernuari. Barakaldo Naturalak EAJren «hipokrisia eta elektoralismoa» salatu ditu, eskaera hori Eusko Jaurlaritzari ez egiteagatik, «erakunde hori baita azpiegitura horren trazadura diseinatzearen arduradun nagusia bere bi faseetan».

Azpiegitura hori eraikuntza fasean dago, eta Bilboko Portua Europako eta penintsulako beste trenbide korridore batzuekin «hobeto lotzeko» balioko du; haren sustatzaileek diotenez, horren bitartez salgaiak garraiatzeko. Saihesbideak, ordea, «zaratak, dardarak eta beste eragozpen batzuk» eragingo dizkie inguruko udalerrietako bizilagunei, jeltzaleek eurek aitortu zutenez.

Bada, Barakaldo Naturalak gogorarazi du 2017ko uztailaren 12an lankidetza hitzarmen bat sinatu dutela Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta Adifek, hegoaldeko tren saihesbidea egiteko jarduketei bide emango lieketen baldintzak ezartzeko. Horren bitartez, «Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrari agindu zioten informazio azterlanak egiteko, bide bikoitzerako plataforma eraikitzeko proiektuak idazteko, obrak kontratatu eta gauzatzeko, eta desjabetze espedienteen administrazio kudeaketan laguntzeko, baita obrak egiteko behar diren obra zuzendaritzetan eta beste edozein zerbitzutan ere», nabarmendu dute ekologistek.

Barakaldo Naturalak gogorarazi du 2017ko uztailaren 12an lankidetza hitzarmen bat sinatu dutela Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta Adifek, saihesbidea egiteko jarduketei bide emango lieketen baldintzak ezartzeko

«Azken erabakia Espainiako Gobernuari dagokion arren», EAJri aurpegiratu diote «ez dela beharrezkoa 400 kilometro bidaiatzea proposatutako trazaduraren aurka agertzeko», baizik eta «nahikoa dela Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egitea».

Horiek horrela, eta kontuan hartuta 2027an udal hauteskundeak izango direla, Barakaldo Naturala taldearen arabera, EAJren eskaera «elektoralistatzat baino ezin da jo», bai baitakite saihesbideak «kalte eginiko herritarrak azpiegituraren kontra» daudela. «Saihesbideak ekarriko lituzkeen kalteen erantzukizuna beste batzuei egotzi nahi diete, azpiegitura horren sustatzailea haien alderdia izan arren», gaitzetsi dute.

«Legez kanpokoa»

Ekologistek esplikatu dutenez, saihesbidearen lehen faseak jada sorrarazi zuen «kontrakotasun handia» Barakaldon: besteak beste, bi zubibide egin zituzten Zubileta-Kastrexanan eta Mespelerrekan. «Azken hori Barakaldoko birika berdea da, balio ekologiko oso handikoa. Amaia del Campo EAJko alkateak berak aitortu zuenez, zentzugabekeria izan zen», nabarmendu dute.

Bada, hegoaldeko tren saihesbidea «legez kanpokoa» dela berretsi du Barakaldo Naturalak, eta adierazi «alternatiba merkeagoak» badaudela, «gizarteari eta ingurumenari onura handiagoa ekarriko lioketenak». Gainera, salatu dute orain artean egindako informazio azterlanak «irregulartasunez eta datu faltsuz josita» daudela, eta Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu diete haien idatziei eta helegiteei erantzun ez izana. «Ez dago justifikatuta 1.000 milioi euro azpiegitura horretara bideratzea, eta ez du interes publikorik», amaitu dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA