«Eromen hori amaitzen ez bada, Gaza aurri egoeran geratuko da, herriaren ahotsak isilaraziak, aurpegiak ezabatuak, eta historiak gogoraraziko dizu ez gelditzea erabaki zenuen genozidio baten lekuko isila zarela». Pilar Txaskok ozen irakurri ditu Anas Al-Xarif Israelek hildako kazetari palestinarraren hitzak Gasteizko Urrezko Zeledonen plazan eguerdian, Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatzeko antolatu duten astebeteko protesta egitarauaren barruan. Zerrendan duten muturreko egoera ikusaraztea baita haien helburua, gosetea barne, eta, hain zuzen ere, zazpi lagun baraualdia egiten ari dira egunotan elkartasun ekintza gisara.
Bederatzi lagunek hasi zuten baraualdia astelehenean, baina zazpik jarraitzen dute orain. Agus Gorbea gasteiztarra da haietako bat. Hiru egun daramatza ezer jan gabe, baina haren protesta ez da horretan amaitzen. «Hainbat lekutan mobilizatzeko modu desberdinak izan dituzte. Guk baraualdia egitea erabaki genuen Palestinako gosetea irudikatzeko asmoz».
Gazarako martxan parte hartu zuen Gorbeak ekainean ere; Kairora joan zen Gazarako Mugimendu Globala elkartearekin, Egiptori mugak ireki zitzan eskatzera. Ez zuten helburua lortu, baina han otu zitzaien baraualdi bat egiteko ideia, azaldu duenez: «Abuztuan egitea aukeratu genuen, guretzat opor garaia izan arren sionistek ez dutelako atsedenik hartzen».Â
Baraualdia egiten ari diren zazpi lagunek Gasteiz Txiki lokalean igarotzen dute ia egun guztia. Bertan egiten dute lo, eta Gazarako Mugimendu Globalak antolatutako protesta ekitaldiak prestatzen dituzte: «Kontzentraziorako edo manifestaziorako irteten gara, eta horietarako pankartak eta komunikatuak prestatzen ditugu». Guztia, helburu argi batekin: «Sionistek jakin dezaten mundua haien aurka dagoela, eta palestinarrek gure babesa dutela».
Askotariko ekintzak
Urrezko Zeledonen Plazan dozenaka herritar bildu dira eguerdian Gazarako Mugimendu Globalak deituta. Palestinako banderak eta genozidioaren aurkako kartelak eskuetan zituztela bertaratu dira asko, hain zuzen ere. «Lara Nabil, Said Al-Quinfudh, Reem Bilal, Abd Al-Haleem Nufal…», hasi da zerrendatzen Txasko berehala. «Abdullah Zian, Ahmad Al-Muqayyad, Hamza Salah, Omar Xaraf…». Israelgo armadak hil dituen 18.000 haurren izenak dira, eta banan-banan irakurri dituzte gaur ere, zenbakiei izen-abizenak jartzeko.Â
Posta kaletik oinez igarotzen ari zen jendea batu da protestara, eta zerrenda irakurtzen lagundu dute haietako batzuk ere. Txalo zaparrada batekin eskertu diete bertaratutakoek, mikrofonoa eskutik eskura pasatzen ari ziren bitartean. «18.000 erraz esaten da, baina zenbaki horren atzean dauden izen guztiak irakurtzea oso gogorra da, jakin badakizulako irakurtzen duzun izen bakoitza hildako haur errugabe bat dela», adierazi du Txaskok.
Irakurketa ez da antolatu duten ekintza bakarra; izan ere, supermerkatuen eta erakundeen atarietan ere elkarretaratzeak antolatu dituzte egunotarako. «Atzo, adibidez, Eusko Legebiltzarraren aurrean bildu ginen Eusko Jaurlaritzari eskatzeko Israelekin dituen harremanak eten ditzala». Edozerk balio baitu gizartea aktibatzeko, Txaskok azpimarratu duenez. «Ezinbestekoa da horrelako ekintza indartsuak egitea. Jasanezina bilakatu da hau, eta ez dakigu zer gertatu behar ote den genozidioa geldiarazteko».Â
Ostiralean amaituko dute baraualdia, Gasteizen egingo duten manifestazioarekin bat eginez. Baina ez diote Gazako egoera salatzeari utziko: «Sarraskia eten arte jarraituko dugu».