Aita Mari itsas salbamendurako ontzia Bariko portura iritsi da gaur (Italia), eta asteartean Mediterraneoan erreskatutako hamahiru pertsonak lehorreratu ditu. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak ohar batean azaldu duenez, porturatzea «normaltasunez» egin dute, «Italiako Poliziaren eta Gurutze Gorriaren zaintzapean».
Nolanahi ere, Europako Batasunaren eta hura osatzen duten gobernuen jokabidea kritikatu du erakundeak. Erreskatatutakoak urrun porturatzeko «erabaki sistematikoa» eta giza laguntzaren «kriminalizazioa» txarretsi dituzte Aita Mari ontziko arduradunek: «Nazioarteko itsas zuzenbidea urratzen du horrek, trabak jartzen baitizkie Mediterraneoan laguntza ematera doazenei».
Ikusi gehiago
«Europako Batasunak Libiarekin duen migrazio ituna indartu eta mugen kudeaketa giza eskubideak urratzen dituzten herrialdeen esku utzi nahi dituen honetan, betebehar humanitario negoziaezina da itsasoan biziak salbatzea. Ezin da inolaz ere delitu izan», azaldu du elkarteak.
Erreskatatuak Tunisiatik eta Marokotik Europara iristen saiatzen ari ziren, antza, eta zenbait egun zeramatzaten itsasoan, Aita Mari-ko kapitain Iñigo Mijangosek esplikatu duenez. Euskal eskifaiaren arabera, abuztuaren 14az geroztik zebiltzan noraezean, eta «deshidratazioaren, akiduraren eta zorabioen sintomak» zituzten. Hala ere, artatuak izan ondoren denak «ongi» daudela nabarmendu du kapitainak.