INGURUMENA

Barrongo urtegiaren proiektua bertan behera gelditu da

Acuaes enpresa publikoak uko egin dio Añanako Kuadrillan (Araba) eraikitzekoa zen urtegiaren proiektuari. Ekologistek nabarmendu dute «pozik» daudela enpresak hartutako erabakiarekin.

Ekologistak Martxan eta Barron-Añanako Urtegiari Ez plataformako kideek eginiko agerraldia. JUANAN RUIZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko urtarrilaren 21a
14:31
Entzun

Barrongo urtegia (Araba) eraikitzeko proiektuari uko egin dio Acuaes enpresa publikoak. Gaur egin dute agerraldia Ecologistak Martxan eta Barron-Añanako Urtegiari Ez plataformako kideek, eta bertan eman dute azken ordukoaren berri. Ohartarazi dutenez, enpresa publikoak bertan behera utzi ditu urtegia egiteko lanak, «kostu ekonomikoek aurreikusitako finantza plana gainditzen zutelako, eta, ondorioz, ezinezkoa litzatekeelako bermatzea planean jasotako baldintzak». Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministerioari iazko urtarrilean igorritako eskaera baten ondoren jaso dute berria plataformako kideek.

Espainiako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak aurreikusitako proiektu bat da, eta helburuetako bat zen Barron eta Artiega herrien artean —Añanako Kuadrillan (Araba)— eraikitzea urtegia «inguruko lurrak ureztatzeko». Herritar zenbait, ordea, proiektuaren aurka agertu ziren, eta plataforma bat jarri zuten martxan. Adierazi zutenez, besteak beste, urtegiak hainbat nekazariren «bizitza eta lana hondatuko» zuen azpiegituraren, eraikuntzak haien lurrak hartuko baitzituen. Halere, enpresaren erabakiaren berri izan ostean, nabarmendu dute «pozik» daudela: «Bideragarritasun txostenak ondorioztatu du urtegia ez dela bideragarria ez sozialki, ezta ekonomikoki ere, eta ingurumenean eragingo zituen ondorioak negatiboak direla»

Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak ere plataformak orain arte egindako lana txalotu du, eta gaineratu du informazio ofiziala eskatuko duela «neurriz gainekoa eta beharrezkoa ez den proiektua behin betiko geldiarazi dela baieztatzeko». Areago, adierazi du ureztatze jasangarrien aldeko apustua egiten dutela, eta, beraz, aukera bagoela gune horretako ureztatzeei aurre egiteko.

Urtegirik ezean, aukerak

Ekologistek eta plataformako lagunek nekazariak izan dituzte gogoan. «Urtegiaren proiektua bertan behera gelditzeak ez du esan nahi ez dagoela ureztatzea hobetzeko proiekturik; izan ere, bideragarritasun txostenak barnean hartzen ditu bideragarriak diren aukera batzuk», esan dute urtegiaren aurkakoek, baina ez dute aukera horien xehetasunik eskaini.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.