Eukalipto landaketak 2030. urtera arte eteteko eskatu dute talde ekologistek

Azaldu dute zuhaitz mota hori hedatzen ari dela landaketa eremuetatik kanpo, baita natura eremu babestuetan ere. Ohartarazi dute zabalkunde horrek kalte egiten diola biodibertsitateari.

Eukalipto landaketa bat, Elgoibarren.
Eukalipto landaketa bat, Elgoibarren. GORKA RUBIO/FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko ekainaren 13a
18:31
Entzun 00:00:0000:00:00

Eukalipto landaketak hamarkadaren amaiera arte eteteko eskatu diete 25 talde ekologistak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoei. Adierazpen bateratu bat aurkeztu dute gaur, genero horretako zuhaitzen hedatzeaz eta haren eraginaz ohartarazteko. Beharrezkotzat jo dute zabalkunde hori geldiaraztea, baita zuhaitz espezie horien presentzia murrizteko neurriak hartzea ere; bereziki natura eremu babestuetan.

Adierazpena sinatu duten talde ekologisten artean dira Ekologistak Martxan, Eguzki, Baso Biziak plataforma, Kukubaso, Lurgaia, Mutriku Natur Taldea eta Sagarrak Ekologista Taldea, eta, horiekin batera, baita Espainiako Estatuko eta nazioarteko zenbait elkarte ere: Greenpeace, WWF Naturarentzako Mundu Funtsa eta SEO Birdlife, besteak beste. Neurria EAEko hiru lurraldeetan ez ezik Galizian, Asturiasen eta Kantabrian ere ezartzea galdegin dute.

Gaur-gaurkoz, Bizkaian indarrean da eukaliptoak landatzeko debekua, 2025 amaierara arte. Ekologistek uste dute luzatu egin behar dela neurria, eta Gipuzkoan eta Araban ere ezarri beharko litzatekeela.

Nabarmendu dutenez, Bizkaian 2022an indarrean sartu zen debekua ez zen ingurumen arrazoiengatik hartu, baizik eta eukaliptoen «hazkunde izugarriak» basogintzaren sektorean piztu zuen kezkari erantzuteko. 2018. urteaz geroztik, zenbait izurritek konifero espezieei kalte handiak eragin dizkiela azaldu dute, eta eukaliptoak «ordezkapen masiboak» egiteko erabili direla azken urteetan. «Konifero sailak eukalipto sailekin masiboki ordezkatzeak alarma piztu zuen basogintzaren sektorean, eta, bereziki, konifero zuraren balio kate osoan, hornidurarik gabe geratzeko arrisku nabarmena zegoelako», jaso dute adierazpenean.

Nafarroan joera beste bat izan dela esan dute ekologistek. Izurriteek hondatutako konifero landaketak zuhaitz hostozabalekin ordezkatu dira neurri handi batean. «Oso gutxi egin da beste lurralde batzuetan espezie interesgarri batzuekin landaketak dibertsifikatzeko eta espezie horien erabilera sustatzeko». Intereseko espezieen artean aipatu dituzte gaztainondoa, urkiak, haritzak, sahatsak eta lizarrak.

Espezie inbaditzaileak

Taldeek ohartarazi dute eukaliptoa landatu den lurralde gehienetan espeziea landaketa eremuetatik kanpo hedatu dela, eta erraza dela genero horretako zuhaitzak aurkitzea isurialde atlantikoko ibaien ertzetan. Natura eremu babestuetan ere zabaldu da, nabarmendu dutenez, eta Urdaibaiko biosferaren erreserba jarri dute adibide gisa.

Zabalkunde horrek ingurumenean duen eraginari buruz, azken hamarkadan eztabaida bizia izan dela gogorarazi dute. Batik bat, eukaliptoaren izaera inbaditzaileari dagokionez. «Eztabaida hori ez da itxi, eta naturalizatutako eukaliptoek biodibertsitatean duten eraginaren ebidentziak alfonbra azpian ezkutatu dira». Taldeek salatu dute eukalipto espezieak inbaditzailetzat jotzeko «ebidentzia zientifiko ugari egon arren» Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak muzin egin diola hala sailkatzeari. Praktikan, ordea, erakundeek eukaliptoen izaera inbaditzailea aitortzen dutela ziurtatu dute. «Diru kopuru ikaragarriak inbertitzen dituzte hura kontrolatzeko eta desagerrarazteko Natura 2000 sarean».

Eukalipto espezieak ez daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espezie inbaditzaileen zerrendan ere, baina talde ekologistek adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak inbaditzailetzat jo duela zuhaitz mota hori, biodibertsitatean duen eraginaz ohartarazi duela eta neurriak hartu dituela Jaizkibelgo kontserbazio bereziko eremuan eukaliptoaren hedatzeari jarraipena egiteko.

Eukaliptoen landaketak 2030era arte eteteko neurriaz gain, talde ekologistek eskatu dute luzamendu hori baliatzea landaketen «trantsizioa eta egokitzapena» sustatzeko. Uste dute basogintza eredu berriak garatzeko balio behar lukeela epe horrek, zerbitzu ekosistemiko aberatsagoak eskaintzeko eta klima larrialdiari hobeto erantzuteko. Horretarako, landatzen diren zuhaitz espezieak dibertsifikatzera deitu dute, eta basoak beste modu batera kudeatzera. Beste espezie batzuk ekoiztea eta horien erabilera industriala bultzatzea ere egokia litzatekeela uste dute, bertako espezieak sustatze aldera, exotikoak landatu beharrean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.