Bea Etxeberriak 2011n jasandako torturengatik deklaratu du

Bilboko epaitegiak ikerketa berriro ireki izana «estatuko biktimek egia judizialera iristeko duten eskubidea bermatzeko» pausutzat jo dute. Espainiako justiziaren parte direnei eskatu diete beren nazioarteko erantzukizunak betetzeko.

GEBehatokiak emandako prentsaurreko bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
GEBehatokiak emandako prentsaurreko bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
nerea intxausti
2026ko azaroaren 27a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bea Etxeberriak gaur goizean deklaratu du 2011n jasandako torturengatik, Bilboko 1. Instrukzio Epaitegiak aginduta. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak «erabakigarritzat» jo du ekimen juridiko hori, «estatuko biktimek egia judizialera iristeko duten eskubidea bermatzeko». Hamabost urte geroago bada ere, epaitegiak ikerketa berriro ireki izana nabarmendu dute, horrelako kasuak berriro zabaltzea ez delako ohikoa izaten.

Joan den apirilaren 23an, zazpi lagunek eskatu zuten Espainiako epaileek beren torturak iker zitzaten, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako agindu bat zuten oinarri. Europak Espainiako Estatua zigortu zuen haien tortura salaketak ez ikertzeagatik: aurpegiratu zion ikerketa hori behar bezala egin ez izana, eta eskatu zion ikerketa berriro irekitzeko. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak aurkeztu zuen ekimen hori, Iruñean. 

Horietako bat da Etxeberria, eta gaur berari egindako torturak deklaratu ditu Madrilgo Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, Bilboko 1. Instrukzio Epaitegiak agindu bezala. Zaballako espetxetik egin du adierazpena, telematikoki, Oscar Sanchez abokatuarekin batera. Etxeberriak 2011ko martxoan inkomunikatutako atxiloketan jasan zituen tratu txarrak kontatu ditu berriro: sexu abusuak, mehatxuak, oihuak eta itolarria —buruan plastikozko poltsa bat jarri zioten—, besteak beste. 

Eskaera bat Espainiari

GEBehatokiari ulergaitza egiten zaio hamabost urteren ondoren salaketa horrek kaxoi batean gordeta jarraitzea. «Hobe berandu, inoiz ez baino», erantsi dute. Beraien arabera, Etxeberriaren deklarazio hartzeak berresten du erabaki politikoa izan zela torturaren biktimei justizia ukatzea, eta torturatzaileei zigorgabetasuna emateko estrategia integral baten parte. Espainiako justiziaren parte direnei eskatu diete beren nazioarteko erantzukizunak bete ditzatela: «Ikertu, prozedurak ireki eta justizia eman diezaiela Estatuko polizia aparatuen aldetik giza eskubideen urraketa oso larriak jasan dituzten biktimei».

Oroitu dute urteak atzera auzitegiek ez zituztela berdin ikertzen ETAren biktimak eta estatuarenak: «Lehenak prozedura eta zigor luzeekin babesten zituzten eta, bitartean, estatuaren biktimei prozedura oro ukatzen zizkieten». Madrilgo epaileek jarrera horri eusten badiote ere, adierazi dute Bilbokoek erakusten dutela ikertzea posible dela, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatuari ezarritako zigorrak tarteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA