Beste bederatzi salaketa jarri dituzte Baionako Auzitegian eskoletako indarkeria kasuengatik

Izpurako eskola publikoan gertatu dira salaketetatik bosten erasoak: besteak beste, duela aste batzuk lekukotasuna eman zuen batek jarri du salaketa, Bea Ardoinek. Beste kasuak Uztaritzeko eta Domintxaineko ikastetxe pribatu katolikoei dagozkie.

Bederatzi salaketak jartzera jinak ziren hiru ikasle ohiak, gaur goizean, Baionako Auzitegiaren aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Bederatzi salaketak jartzera jinak ziren hiru ikasle ohiak, gaur goizean, Baionako Auzitegiaren aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko maiatzaren 28a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Betharramgo aferak martxan jarri duen prozesuak ez du etenik: Baionako Auzitegian beste bederatzi salaketa jarri dituzte gaur goizean Ipar Euskal Herriko hiru ikastetxetan gertatutako indarkeria fisiko eta sexu abusu kasuengatik. Tartean, badira Izpurako (Nafarroa Beherea) eskola publikoan gertatutako sexu abusuak salatzen dituzten bost salaketa.

Hain zuzen ere, horien arteko bat da Bea Ardoin ikasle ohiarena: duela hiru aste anonimoki kontatu zion BERRIAri nolako tratuak jasan zituen eskolan, eta nolako prozesua eraman duen urteetan bere minen eta traumen gainditzeko. Oraingoan publikoki agertu da, lasaiturik: «Prozesu biziki luzea izan da, eta orain gai naiz mintzatzeko eta salaketa horren ezartzeko; espero dut beste batzuei emanen diela gogoa edo indarra». Funtsean, hala izan da, harenarekin batera beste lau salaketa jarri baitituzte, beste lau ikasle ohik eskola berean jasandako sexu abusuak kontatzen dituztenak.

Denera, gaur goizean hiru ikasle ohi hurbildu dira Baionako Auzitegi aitzinera, hiru ikastetxetako bederatzi indarkeria kasuren dosierrak beso azpian. Horietarik lau jadanik salatuak izan diren ikastetxeei lotuak dira: beste bi salaketa jaso dituzte Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierkoa ikastetxe pribatu katolikoan gertatutako erasoei dagozkienak; eta beste salaketa bana Angeluko (Lapurdi) Jean Jaures eskola publikoari eta Domintxaineko (Nafarroa Beherea) ikastetxe pribatu katolikoari dagozkienak. Azken bostak, beraz, Izpurako eskola publikoari dagozkienak.

Pribatu katolikotik at

Gilles Parent ere hor zen, Angeluko Jean Jaures eskola publikoko eta Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa ikastetxe pribatu katolikoko ikasle ohi gisa. Eta, batez ere, bi biktima talderen sortzaile eta bozeramaile gisa: Uztaritzeko ikastetxeko biktimen taldea eta Ipar Euskal Herriko eskola publikoetako biktimena. «Hasieratik erran dut, eta erran nuen Frantziako Asanblea Nazionaleko komisioan: lehen indarkeria kasuak 7 urterekin jasan nituen, Angeluko eskola publikoan; gero Uztaritzen ere bai. Ezin da ikastetxe pribatu katolikoetara mugatu... Denetan gertatu da, eta denetan gelditu beharko da».

Parentek jadanik jarriak ditu bi salaketa, aipatu duen ikastetxe bakoitzari bat. Baina, biktima taldeen bozeramaile denez geroz, beste pertsona anitzen lekukotasunak eta salaketak jaso ditu azken hilabeteetan, eta horien prozesuaz arduratzen da orain. Gaur goizean, hain zuzen, hiru ziren salaketak jartzera jin zirenak, baina, denera, bederatzi ezarri dituzte. Biktimen saretze eta mintzatze prozesu hori Facebook taldeen bidez egiten dute —Betharramgo aferan ere hala gertatu zen—.

Eskola publikoetako ikasle ohiak ere indarkeria kasuak salatzen hasi baitira, argi geratu da ez dela izan ikastetxe pribatu katolikoetako afera soilik, baina, orokorkiago, gizartekoa.

«Traumek preskripziorik ez»

Behin eta berriz galdetu diete salaketak jartzera jinak ziren biktimei zer espero duten prozedura horiek martxan jarririk. Ardoinek «gauza gutxi», eta Parentek ez askoz gehiago. Baina baliteke desmartxa horiek beste zenbait biktima bultzatzea hitza hartzera, orain arte gertatu den bezala Betharrameko kasuak aipatzen hasi direnez geroz. Hala espero dute. Ardoin lehena izan zen Izpurako eskolako kasuak aipatu zituena, duela hilabete. Geroztik, beste zenbaiten artean hitz egin dute, eta, azkenean, bost salaketa ezarri dituzte goizean: «Hori zen helburua, tanta izatea eta hortik beste batzuek ere salaketa ezartzea».

Izpurako eskolan 25 bat ikasle ziren gela bakoitzeko, «eta gizon hori 20 bat urtez aritu da lanean eskola horretan», gutxi gorabehera. Hain zuzen ere, errient baten kontrako salaketak jarri dituzte Izpurako ikasle ohiek, eta errient horrek pairarazi zizkion bortizkeria fisikoak eta sexu jazarpena kontatzen zituen Ardoinen leukotasunak. Pentsaketan ibili da, kezkaturik: «Ez dakit zenbat biktima egin dituen... Nik kontatzen dudana nirea da, nire zati txikia, baina pentsatzen dut beste anitz badirela, eta ez da sekula deus aipatu».

Orain urteak pasatu direla, preskripzioa dago. Adingabeen gaineko sexu krimenen epaitzeko epea biktimak heldutasun adinera iritsi eta 30 urtera iragan zen Frantzian 2018an. 2021eko legearen arabera, epe hori luzeagoa da baldin eta erasotzaile berak beste haur bat bortxatu badu, edo eraso egin badio. Berrikien gertatu den erasoaren arabera kalkulatzen da preskripzioa. Gaur goizean ezarri dituzten salaketen kasuan, adibidez, preskripzioa aplikatzen da.

Ardoinek ezin du hori entzun: «Preskripzioa juridikoa da, eta nik bizi izan dudana eta kontatzen dudana ez da horretan sartzen. Preskripzioa lotsagarria zait: erasotzaileen aldeko gauza bat da. Zeren traumek ez dute preskripziorik. Gu trauma horien eragin biziki handiarekin bizi gara bizi osoan, eta biziko alde guztietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.