Izpurako eskolan sexu abusuen biktima

A. A.: «Eskua taulier azpitik sartzen zigun, gero galtza barnera, eta kulota barnera»

Errientarengandik jasan zituen sexu abusuak kontatu ditu Izpurako eskola publikoko ikasle ohi batek. Beatrice Ardoinek duela hiru aste publikatu zuen lekukotza bat, eskola berean gertatutakoak kontatzeko.

Izpurako eskola publikoa, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Izpurako eskola publikoa, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko maiatzaren 28a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizi-bizi mintzatu da A.A. (bere izenik ez du eman nahi izan), Izpurako eskola publikoko ikasle ohia (Nafarroa Beherea). Kontatu dituenak atzo gertatu balira bezala kontatu ditu. Biziki argi oroitzen ditu haur denboran eskolako errientarengandik jasandako sexu abusuak; garai hartan, jadanik, ulertu zuen arazo bat bazela. Eta gaur goizean ezarri dituzten salaketen artean, harena ere bazen. BERRIAri kontatu dio bere istorioa.

Beatrice Ardoinenek bere lekukotasuna idatzi zuen, bidali zizun eta...

Gutuna erakutsi zidan eta erran nion: «Hori da nik ere bizitu nuena». Urteak eta urteak dira jendeak badakiela zer gertatu den Izpuran. Neska guztiek jasan dute.

Zer?

Sexu erasoak. Mutilak jotzen zituen, eta gu, neskak, ukitzen gintuen. Diktaketak eginarazten zizkigun, eta gero, haren bulegora joan behar genuen zuzenketa egitera. Jarria zen bulegora gibelean, eta haren esku ezkerraren aldean ezarri behar ginen, haren kontra; bata bestearen ondotik joaten ginen. Lehenik eskua taulier azpitik sartzen zigun, gero galtza barnera, eta kulota barnera. Aldi oro. Beti hala gertatu da.

Orduan, udan, sekula ez ginen joaten gonaz jantzirik. Bero egiten bazuen ere, biziki ongi bagenekien harekin beti galtzetan joan behar genuela.

Orduan ulertua zenuten lanjer bat bazegoela.

Bai, hori segur da. Oroitzen naiz atzo izan balitz bezala. Bagenekien zer egiten zigun bere eskuekin.

Gero, besta bat egiten genuen Donibane Garaziko haurrekin; gimnastika. Zangoak altxatu behar ziren eta holakoak... Orduan, beti erraten zigun: «Jantzi itzazue soinekoak, jantzi itzazue soinekoak». Eta guk, bagenekien soinekorik ez genuela jantzi behar, edo galtza labur batekin azpian. Bestenaz zangoak altxatzean, buruz beherakoa egiten genuelarik, kulota ikusten zigun.

Horrela zen, bai. Sistematikoki. Dorpea zen.

Eta gertakari horiek zure bizian eragiten dizute, gero?

Ni beti mesfidati izan naiz, dena den. Gizonez beti mesfidatu naiz. Ez nintzen petzero. Eta ez zen hura bakarrik, banuen auzo bat ere, berdin. Beti existitu da, eta existitzen da oraino ere. Ez da ametsetan ibili behar.

Sekula ez ginen joaten gonaz jantzirik. Bero egiten bazuen ere, biziki ongi bagenekien harekin beti galtzetan joan behar genuela. 

Bagenekien zer egiten zigun bere eskuekin

Behin Beatrice Ardoinen lekukotasuna irakurririk, beste zenbait ikasle ohirengana jo duzu.

Banuen auzo bat, ni baino sei urte gutiago zituena. Behin amarekin etorri ziren bisitan, eta haren amak erran zigun alabak kontatu ziola errientak eskua kulotan sartzen ziola. Erran genion: «Baita guri ere. Denei gertatu zaigu».

Orduan ama horrek salaketa jarri zuen edo seinalatu zuen, eta zuzendaria ikusi omen zuen... Errientak berak bihotzekoa izan zuen, orduan erretretan sartu zen goizago. Afera gorde zuten. Orduan Beatricena irakurtzean, berriz jarri nintzen harremanetan ama-alabekin, eta biek salaketa ezarri dute.

Baina, dirudienez, norbaitek salaketa ezarri zuen 1974an, jadanik. Segidarik gabe gelditu zen. Ni eskolan izan baino hamar bat urte lehenago zen. Horrek erran nahi du kondenatua izan balitz guk ez genituela jasandakoak jasanen. Norbaitek ez zuen bere lana egin.

Orain, salaketa jarri duzula, zer espero duzu?

Ez dadila sekula berriz gertatu. Behin halakorik gertatzen bada, ez da gorde behar. Hezkuntza Ministerioak bere lana egin izan balu, orduan guk ez genukeen halakorik jasanen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.