Oñatiko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuten asteazkenean, apirilaren 17an Mondragon Unibertsitatearen Oñatiko campuseko aparkalekuan (Gipuzkoa) sexu eraso bat egiten saiatzea egotzita. Bergarako epaitegira eraman zuten, eta, epailearen aurretik igaro ostean, aske utzi dute behin-behinean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, emakumea bere autoan zegoen, aparkalekuan, eta, bat-batean, gizonezko bat sartu zen barrura, kopilotuaren atetik. Emakumeak ihes egitea lortu zuen, eta inguruan zegoen jendea ohartarazi.
Ertzaintzak han bertan hasi zuen ikerketa, eta 51 urteko gizona atxilotu zuen, sexu eraso bat egiten saiatzea egotzita.

