Ertzaintzak eta Oñatiko Udaltzaingoak 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Oñatin (Gipuzkoa), emakume bati sexu eraso bat egiten saiatzea egotzita. Erasoa apirilaren 17an gertatu zen, Oñatiko unibertsitate gunean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, biktima —53 urteko emakume bat— bere autoaren barruan zegoen, autoa aparkatuta zeukala, eta, bat-batean, gizonezko bat sartu zen barrura, kopilotuaren atetik.
Emakumeak ibilgailutik ihes egitea lortu zuen, eta gizonak atzetik jarraitu zion. Ihesean zihoala, biktimak kalean zebilen oinezko bati laguntza eskatu zion, eta erasotzaileak alde egin zuen.
Gertatutakoaren berri izan ostean, Ertzaintzak osasun zentro batera eraman zuen emakumea, eta ikerketa abiatu zuen gertakariak argitzeko, Oñatiko Udaltzaingoaren laguntzarekin. Ikerketaren ondorioz, atzo atxilotu zuten gizona, Oñatin bertan. Gaur goizean eraman dute Bergarako epaitegira (Gipuzkoa). Poliziak ikerketa zabalik dauka.

