Behin-behinean espetxeratu dute Arguedasen emaztea hiltzea egotzita atxilotutako gizona

Gizonezko bat Guardia Zibilaren kuartelera joan zen astelehenean, emaztea hil zuela erratera.

Arguedasen izan zen hilketa salatzeko elkarretaratzea, asteartean, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Arguedasen izan zen hilketa salatzeko elkarretaratzea, asteartean, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Isabel Jaurena.
2026ko maiatzaren 21a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astelehenean gizon bat atxilotu zuen Arguedasen (Nafarroa) Espainiako Guardia Zibilak, emaztea hiltzea egotzita. Gizona Guardia Zibilaren Valtierrako kuartelera joan zen, eta emaztea hil zuela erran. Bada, Tuterako Instantziako Auzitegiaren Zigor eta Instrukzio Atalak erabaki du gizona behin-behinean espetxeratzea; akusatuak ez du epailearen aitzinean deklaratu nahi izan. Lehenbiziko ebazpen judizialaren arabera, giza hilketa delitua egozten diote gizonari.

Auzitegiak erran duenez, Arguedasko Postigo kalean izan zen hilketa, bikoteak herrian zuen etxebizitzan. Senitarteko batek aurkitu zuen andrea, hilotz, eta foruzainei eman zien horren berri. Ordurako, kuartelerako bidea egina zuen senarrak, eta han kontatu zuen asteburuan andreari eraso egin ziola, eta hilda zegoela. Guardia zibilek atxilotu egin zuten gizonezkoa, andrea hiltzea leporatuta. Iturri judizialen erranetan, auzitegi medikuaren txostenak erakusten du heriotza «bortitza» izan zela, eta gizonak emakumeari buruan kolpe bat eman ziola, eta gero itotzen saiatu zela. 

Euskal Herriko aurtengo bosgarren hilketa matxista da. Elkarretaratzeak egin dituzte egunotan hilketa salatzeko, instituzioek, mugimendu feministak eta Itaiak deituta. Feministek salatu dute Arguedasko hilketa matxista ez dela «gizon zoro baten ekintza bakan bat», sistema «zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonial» baten ondorioa baizik. Are, mugimendu feministaren irudiko, sistema horrek emakumeak eta gorputz disidenteak jotzen ditu bereziki. Itaiak, berriz, «matxismoa ukatzen duten ideia erreakzionarioei» aurre egiteko beharra azpimarratu du, eta ohartarazi iaz ia halako bi direla aurtengo lehen seihilekoa amaitu baino lehen Euskal Herrian hildako emakumeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA