Belateko auziak baldintzatuta, etzi egingo dute Nafarroako politika orokorreko eztabaida

Legealdian hartutako neurriak eta eskuinaren blokeari aurre egiteko beharra azpimarratuko dute Nafarroako Gobernuko bazkideek. UPNk aurreratu du «egin dena eta egin ez dena» nabarmenduko dutela. EH Bilduk «begirada altxatzeko» eskatu du.

Nafarroako Parlamentua, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Parlamentua, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2026ko irailaren 22a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroan, legealdiko hitz nagusia Belate da. UPNk lortu du tunelak bikoizteko adjudikazio prozesua eta lanek eragindako gainkostuak agenda politikoaren erdian kokatzea. Auzi horrek baldintzatuta, etzi egingo dute politika orokorreko eztabaida Nafarroako Parlamentuan. Foru hauteskundeetarako zortzi hilabete falta direla, eztabaida baliagarria izango da jakiteko nola egingo dion aurre Nafarroako Gobernuak legealdi amaierari, eta nola ikusten duen egungo egoera talde bakoitzak.

Nahiz eta eskuineko oposizioak ustelkeriari buruzko susmoak haizatu dituen Belateko tunelen inguruan, gobernuko bazkideek elkar babestu dute orain arte. Eztabaidak islatuko du zertan diren euren arteko harremanak, eta nola egingo dioten aurre higadura politiko posibleari.

Gobernuko bazkideek saioa beste esparru politiko batean kokatu nahiko dute: eskuinaren eta eskuin muturraren arteko aliantza. Espainian, PPren eta Voxen arteko akordioak egonkortu egin dira, eta inork gutxik jartzen du zalantzan UPN Voxekin negoziatzeko prest legokeela aritmetikak horretarako bidea emango balu. Diskurtsoei eta Ceutaren aldeko mobilizazioei dagokienez, hirukoa elkartuta agertu da, eta, batik bat UPN higatu asmoz, gainerako alderdiek hori azpimarratuko dute.

Bloke autoritarioaren ereduari aurre egiteko, euren jarduna nabarmenduko dute Nafarroako Gobernuko hiru bazkideek eta EH Bilduk, baina bakoitzak bere ñabardura egingo du. Dena den, ez dirudi diferentzia horiek kontu publikoei eragingo dietenik. Politika orokorreko eztabaida 2027ko aurrekontuen negoziazioen hasieran egingo bada ere, Geroa Baik gaur goizean aurreratu du hura adosteko prest dagoela.

PSNk, berriz, Maria Txibiteren agintaldiari erreparatu nahi dio: «Nafarroak aurrerapauso handiak eman ditu urteotan, eta orain Txibite gobernura heldu aurreko egoeran baino hobeto gaude», azpimarratu zuen astelehenean Kevin Lucero parlamentariak. Sozialisten ustez, zera nahi dute herritarrek: «arazoei konponbideak eta erantzun aurrerakoiak ematea, iraintzea eta polarizazioa sustatzen dutenek ez bezala».

Geroa Baik gobernuaren jardun ona nabarmenduko badu ere, PSNrengandik bereizten ere ahaleginduko da. Koalizio gobernu ororen arazo klasikoa da ordezkaritza handieneko alderdiak bereganatzen duela arreta, onerako zein txarrerako. Beraz, Geroa Bai bere eredu propioa ezartzen saiatuko da, eta ahaleginak egingo ditu sozialisten arazoek bere kudeaketa orbaindu ez dezaten. Belateren kasuari dagokionez, «zorroztasun eta gardentasun handiagoa» eskatuko dio. Politikoki, bere ardurapean diren bi lege nagusiak ditu apustu: Osasun legea eta Industria legea.

EH Bilduk, berriz, begirada altxatzeko eskatuko dio gobernuari. Astelehenean Laura Aznalek gogorarazi zuen egunerokoa lantzea ez dela aski. «Ez diogu soilik legealdian gertatu denari erreparatu behar, haratago joan behar dugu». Koalizioak ohartarazi du gerrak, larrialdi klimatikoak eta inflazioak ezinegona eragiten dietela herritarrei. «Erantzun irmoak behar ditugu, eta etorkizunera begirako ikuspegia».

Zurekin Nafarroak ezkerrerago joateko eta legealdi hasieran hitzartutako akordio programatikoa «ausarki» betetzeko deia egingo die PSNri eta Geroa Bairi. Carlos Guzmanen arabera, «anbizioz» jokatu nahi dute.

Eskuinaren blokea

Ikusi beharko da UPNk zenbat denbora erabiltzen duen Belateko kontua eta Cerdan auzia salatzeko. Dena den, Javier Esparzak aurreratu du Txibiteren kudeaketaren atzera begirakoa egingo dutela. «Ikusiko dugu zer egin den eta zer ez den egin, eta hitz egingo dugu, halaber, zazpi urteotan modu batera esan baina gero bestela egin diren gauzez». 

PPren kasuan, Javier Garcia eta bere taldea ez dira gai izan UPNren aurka lehiatzeko, eta nekeza izan da bien diskurtsoak bereiztea. Voxek ere Txibiteren gobernuaren kontra egingo du. Diferentzia nagusia izango da haren diskurtsoan irainak nagusituko direla.

Nafarroaren egoerari buruzko eztabaida orotan bezala, 09:30ean hasiko du saioa lehendakariak, eta nahi beste hitz egin ahalko du. Amaituta, ordu erdiko atsedena hartuko dute parlamentariek, eta jarraian taldeetako eledunen txanda helduko da. Ordezkaritza handieneko alderditik (UPN) ordezkaritza txikienekoraino (Vox), ordu erdi izango du bakoitzak. Goizeko saioa amaituta, arratsaldean lehendakariak eledunei erantzungo die, eta ondoren haietako bakoitzak hamar minutu izango du berriz erantzuteko. Txibitek berak izango du azken hitza.

Jurio: «ALDERDI ABERTZALEEN ARAZOA DA»

Uztailaren amaieran, Nafarroako eta Espainiako gobernuek segurtasun batzordean hitzartu zuten foruzain kopurua handitzea eta larrialdietako zerbitzuek polizia aginte komuna izatea. Geroa Baik eskatuta, Inma Juriok «historikotzat» jo du akordioa gaur, parlamentuan. Jurioren arabera, 112 telefonoaren larrialdi plataforma koordinatu egingo da polizien artean, eta «alderdi abertzaleen arazoa da» hori gaizki ikustea, Poliziari lotutako larrialdien inguruko «beste ikuspegi bat dutelako». Geroa Baiko Blanca Regulezek zera leporatu dio: gai horren berri eman ez izana eta Nafarroak eskumenen auzian amore eman izana. EH Bilduk, berriz, egotzi dio Barne Departamentuak uko egin izana Foruzaingoa Polizia oso izateari. UPNren arabera, akordioa eta plataforma «hobetu egin daitezke». PPren arabera, «albiste ona da». 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA