Belateko tunelaren gainkostuen auzian ardura duela ukatu du Lurralde Kohesioko idazkariak

Eduardo Jimenez Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuko idazkari teknikoaren esanetan, orduko hartan arrazoitu zen gainkostuak ustekabeen ondorio zirela, eta horregatik erabaki zuen «juridikoki babestea» espedientea.

(ID_15612999) ESPAÑA COMISIÓN OBRAS BELATE
Eduardo Jimenez Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko idazkari teknikoa. IÑAKI PORTO / EFE
joxerra senar
2025eko abenduaren 17a
18:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eduardo Jimenez Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko idazkari teknikoak bere lana defenditu du. Belateko tunelen herri lanek zortzi milioi euroren gainkostuak izan dituzte, eta, hasierako aurrekontuarekin alderatuta igoera %10etik gorakoa zenez, administrazioan espedientea ireki zen. Jimenezek aldaketa hura juridikoki babestu zuen txosten batean, eta gaur goizean Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean adierazi du hori egin zuela ustekabeetan oinarrituta zegoelako. Ukatu egin du ardurarik izatea: «Esku artean nuen dokumentazioarekin egin nuen nire txostena».  

Nafarroako Parlamentuan aurrera doa Accionari eta Servinabarri adjudikatutako kontratu publikoen ikerketa batzordea. Lehen asteetako arreta gunea Belateko tunelak izan dira, eta, adjudikazioak ez ezik, interes berezia piztu du obra horren gainkostuekin gertatutakoak ere. Jimenezen arabera, txosten juridiko bat egiteko eskatu zioten: «Erabat normala da txosten juridiko bat eskatzea Belateko tunelekoen moduko herri lanek duten garrantzia ikusirik». 

Espediente hori lantzeko, Belateko herri lana zuzentzen ari den taldeak dokumentazioa pasatu zion: «Hor arrazoitzen zen proposatutako unitateen aldaketak ustekabeen ondorio zirela, eta hori aztertu genuen». Azkenean, juridikoki ontzat jo zuen, eta, horregatik, UPNko Pedro Gonzalezek galdetu dio ea Nafarroako Gobernuaren ildoari men egin zion. «Inondik ere ez», ukatu du.

Kontu hartzailearen txostena

Auzia da azaro amaieran departamentuko kontu hartzaileak auzitan jarri zuela kostu igoera ustekabeen ondorio zela eta 6,2 milioi euro arrazoitu gabe daudela esan du. Gainera, salatu zuen aldaketa horiek enpresaren interesen araberakoak zirela, eta ez ustekabeen ondorio. Hori jakinik, gaur Jimenezi galdetu diote ea kinka larrian geratzen ote den. Berak uste du ezetz: «Nik esku artean nuen dokumentazioarekin ebatzi nuen, eta ez nekien aldaketa batzuk obra hasi aurretik erabaki zituela enpresak». 

Orain, kontu hartzaileak eragozpen etengarritzat jo du gainkostuen espedientea, eta ordutik etenda daude enpresari egin beharreko ordainketak. Atzo, Juan Jose Perez Capapay Nafarroako Gobernuko Kontu Hartzailetzako zuzendariak argitu zuen Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiak hartu beharko duela azken erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.