Zirimola politikoaren erdigunean dago Jesus Polo, Belateko tunelen kontratazio mahaiko presidentea. Bera izan da Cerdan auziko ikerketa batzordetik igaro den lehen pertsona, eta, hasteko, tentsio handia sortu da bere eta UPNko Javier Esparzaren artean. Esparzak iradoki du kontratazio mahaiko gainerako kideen botoak ezagutu ostean Poloren botoa «erabakigarria» izan zela 76 milioi euroko kontratua Acciona, Oses eta Servinabarren alde adjudikatzeko. Haatik, Polok bere «ohorea auzitan jartzea» aurpegiratu dio UPNri. «Zuk zure kontakizuna duzu, eta jende askok sinetsi egin du, baina gauzak ez dira horrela izan», nabarmendu du agerraldian.
Ikerketa batzordearen helburua da Cerdan auzian ikertzen ari diren bi enpresei —Acciona eta Servinabar— adjudikatutako herri lanak aztertzea, eta lehen agerraldietan Belateko tunelen obran jarriko dute arreta. Hasi aurretik, Polok adierazpen bat irakurri du. «Hainbat politikarik, komunikabidek eta erakundek nire ohorearen aurka jo dute, legez kanpoko komisioak kobratu izana leporatu didate, eta haietako bat bera ere ez da niregana etorri».
«Hainbat politikarik, komunikabidek eta erakundek nire ohorearen aurka jo dute, legez kanpoko komisioak kobratu izana leporatu didate, eta haietako bat bera ere ez da niregana etorri»
JESUS POLO Belateko tunelen kontratazio mahaiko presidentea
Javier Esparzari erantzunez, baina, argi utzi du ez duela inongo erlaziorik Santos Cerdan PSOEko buruzagi ohiarekin edota Antxon Alonso enpresaburuarekin. Lizitazioetan inoiz eraikuntza enpresaren bat edo goi kargudun politiko bat bere erabakietan eragiten ahalegindu al den galdetuta, irmo ukatu du: «Sekula ere ez». Agindu bakarra jaso zuen Lurralde Kohesioko Departamentuko kabinetetik. 2004tik tunel horietan ezer egin ez zenez, Europako Batzordeak Nafarroa gogor zigor zezakeen «segurtasun faltagatik», eta goi kargudunek zigorrak izan zitzaketen istripurik izanez gero. «Oso argi nuen obra horrek presa zuela».
45 lizitazio
Polo ingeniaria eta doktorea da AEBetako unibertsitate batean, eta kolore desberdinetako gobernuekin egin du lan teknikari gisa azken lau legealdietan —1988an urtebetez egin zuen lan foru administrazioan, baina ondorengo hamarkadatan arlo pribatuan aritu zen, Nafarroatik kanpo—. 2019an Nafarroako Gobernuko Azpiegitura Berrien zuzendari izendatu zuten, eta 45 herri lanen lizitazioetan parte hartu du, 35 ingurutan kontratazio mahaiko presidente gisa.
Agerraldian agerian geratu da, baina, tentsio pertsonalak egon zirela Belateko tunelen kontratazio mahaiko zortzi kideen artean: horietako bost adituak ziren balorazio teknikoan (ingeniariak), eta gainerako hiruak, arlo juridikoan. Desadostasunak azpiegituraren atal teknikoaren eta juridikoaren artean sortu ziren, «hasieratik». Lizitazioan zazpi eskaintza jaso zituzten, eta guztiek administrazioak ezarritako gutxieneko preziotik gertu zeuden eskaintza ekonomikoak egin zituztenez, argi zegoen prozeduran tunelen inguruko eskaintza teknikoa izango zela erabakigarria.
Hala, Esparzaren interpretazioaren arabera, gainerako ingeniarien batez besteko balorazioan Mariezkurrena eraikuntza enpresa atera zen irabazle «ehuneko txiki bategatik», eta Polok egindako balorazioak aldatu zuen balantza Acciona eta Servinabarren alde. «Zuk bazenekien balorazio teknikoa erabakigarria zela, eta Mariezkurrenarena nahita baloratu zenuen okerrago», esan du UPNkoak, eta gaineratu du idazkari judizialak eskaintzak aldez aurretik jakitea leporatu ziola.
«Hori ez da egia», irmo ukatu dio Polok. Haren esanetan, berak ez zuen besteen balorazioen berri, eta bi ingeniarik beren balorazioa egin ondotik egin zuen Polok berea. Alegia, Polo bost kidetik hirugarrena izan zen baloratzen. «Orain arte ez genekien hori. Erabakigarria da idazkariaren interpretazioa hankaz gora jartzen duelako», onartu dio EH Bilduko Adolfo Araizek, eta harrituta agertu da zergatik ez duten horren berri izan orain arte. Hori egiaztatzerik al duen galdetuta, Polok esan du ezetz. Egun 73 urte ditu, erretiratuta dago, eta, gobernuari bere artxiboak eskatuta, «ezabatuta» daudela esan diote.
Polok nabarmendu du erabakiak guztien artean hartu zituztela. «Araudiaren eta pleguaren arabera, mahaiko kide guztiok elkarrekin egiten dugu proposamena. Hortaz, ez dute batek edo lauk erabaki, bostek baizik, eta gutako bakoitzaren balorazioa kalkulu orri batean jarrita atera genuen». Izan ere, ingeniari bakoitzak bere ezagutza du, bakoitzak garrantzi handiagoa ematen die alor batzuei eta txikiagoa beste batzuei. «Behin eta berriz esan nien kide juridikoei balorazioa ez dela matematikoa, kualitatiboa baizik». Zehaztu duenez, bere azterketako balorazio onena Obenasak lortu zuen, eta Acciona-Servinabar-Oses elkarteak, «bigarren hoberena».
«Belatekoa gertatu arte harreman ona nuen mahaiko idazkariarekin, baina orduan nire aurka jo zuen»
JESUS POLO Belateko tunelen kontratazio mahaiko presidentea
2023ko maiatza zen balorazio teknikoa egin zenean, baina arlo juridikoko beste hiru kidek, idazkariak gidaturik, esan zuten ez zegoela behar bezala azalduta. Ingeniariek lau txosten idatzi zituzten ekainetik abuztura bitartean. «Eta zortzi txosten idatzi izan bagenitu ere ez zuten ulertuko». Polo gogor mintzatu da Lorenzo Serena mahaiko idazkariari buruz. «Belatekoa gertatu arte harreman ona genuen, baina ordutik nire aurka jo zuen». Haren esanetan, Serenak ez zuen ulertu eskaintza teknikoan tuneletako ingeniaritza lan guztiaz gain inguruneko instalazioak ere aintzat hartu behar zirela —balorazioaren heren bat har dezake—: «Tuneletara mugatzen zen. Arlo teknikoan erabat oker daude. Ez da motibazio falta, ezagutza falta baizik».
Alta, desadostasun hori susmoaren zantzua zabaltzeko baliatu du Esparzak. Izan ere, Poloren ordezko bat izendatzea eta hark balorazioa egitea proposatu zuen idazkariak «irtenbide gisa». Legelarien irizpidea aintzat ez hartzea eta «harrigarriki temati» nahi zuena lortzea egotzi dio Polori. Hark ukatu egin du, berriz. «Ez nuen onartu, nire lana auzitan jartzen ari zirelako; gauzak gaizki egin izan banitu, onartuko nukeen, baina ez da horrela».
Tentsioa handitzen joan zen, eta, 2023ko irail hasieran kontratazio mahaiaren ebazpena ontzat jo bazen ere, 2023ko urrian beste bat egin zen, eta beste hartan azaleratu ziren hiru boto partikularrak. «Lehen aldia zen hori gertatzen zitzaidala. Kanpora begira eragina zuenez, astakeria horiek ez jartzeko eskatu nien», azaldu du. «Boto partikular hori ez zuten garaiz atera, eta gainera esan zuten gauzak ez zirela zuzen egin. Jakina, horrek gogaitu egin ninduen. Ez zen egia, eta ez zuten eztabaidatzeko aukerarik eman», gaineratu du. Zergatik ez zuen salatu galdetu diote: «Aurrera egin behar zelako; baina salaketa jarri behar nuen, bai», onartu du.
Bihar, hain zuzen ere, Lorenzo Serena izango da ikerketa batzordean.

hIRU LEHENDAKARIAK, BATZORDEAN
Aurreko astean PSNk, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak proposatu bezala, ikerketa batzordetik igaroko dira azken hiru lehendakariak: Maria Txibite, Uxue Barkos eta Yolanda Barcina, alegia. Hiru proposamenak aurrera atera dira, baina emaitza desberdinak izan dituzte bozketan. Txibiteren eta Barkosen agerraldi eskaerak aho batez onartu dira. Aldiz, Barcinaren agerraldiaren aurka bozkatu dute UPNk, PPk eta Voxek. Ez dago argi noiz pasatuko diren batzordetik, baina aurreko astean jakin zen batzordearen amaieran joango direla.