Ekainaren 13an izango da egun handia, larunbatean: Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Euskaltzaleon Martxan parte hartuko dute euskaltzaleek Iruñean. Baina mobilizazioa lehenago hasiko dute zenbait euskaltzale gaztek: Gazte Euskaltzaleen Sareak antolatuta, martxa bat egingo dute ostegunean Urepeletik (Nafarroa Beherea) abiatuta, eta larunbatean Iruñera helduko dira, Kontseiluaren mobilizaziora batzeko. Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea da Izar Zubiaga (Durango, Bizkaia, 2006).
Zertan datza zuen martxa?
Gazte euskaltzaleok bidea urratu lelopean egingo dugu martxa, ekainaren 11tik 13ra, Urepeletik Iruñera. Gazteak euskararen alde aktibatzeko izango da, eta euskararen aldeko konpromisoa indartzeko, baita gure artean saretzeko ere. Eta Korrikan metatu genuen indar hori berriro aktibatu nahi dugu; jendea gehiagorako gogoz geratu zen, eta horri erantzuna eman nahi diogu.
Zer moduzko erantzuna izan du egitasmoak orain arte?
Espero genuen kopuruan inguruan ibili da, eta pozik gaude. Izen ematea positiboa izan da: hartu ditugun datuak ikusita, gazteen arteko gazteenak dira joango diren gehienak. Alde horretatik, pozik gaude, ikusten delako belaunaldi berrietan ere badagoela gogoa eta grina euskararen inguruan borrokatzeko.
Izen ematea itxita daukazue jada, baina baten batek parte hartu nahiko balu, ba al du horretarako aukerarik?
Bai. Izen ematea otorduak eta lolekuak kalkulatzeko da, batez ere. Baina martxa bera zabalik dago, eta gura duenak parte hartu ahal du.
«Bidegurutzean gaude, eta, beraz, gazteok hautu argi bat egin behar dugu: pizkundearen aldeko hautua»
Ibilbidea ez ezik, egitarau oparoa ere antolatu duzue.
Bai, hori da. Lehenik eta behin, jendea autobusetan etortzea sustatu nahi dugu; autobusetan izena emateko epea zabalik egongo da ia azken eguneraino. Bi autobus egongo dira: bat Bilbotik, Gasteiztik eta Iruñetik igaroko da; bestea, Donostiatik, Baionatik eta Donibane Garazitik. Urepelera heldutakoan, harrera egingo zaie parte hartzaileei, eta etaparekin hasiko gara. Bazkaldu ostean, bidean aurrera jarraituko dugu; gero, geldialdi historiko bat egingo dugu Orreagan, eta Auritzera iritsitakoan, mural margoketa, afaria eta afaloste girotua izango dira. Ostiralean, etapa egin ostean, Lintzoainen bazkalduko dugu, herri kirolak egingo ditugu, eta, etaparen ostean, Larrasoañara helduko gara; kontzertua eta afaria izango ditugu, baita Ipar Euskal Herriko gazteak euskalgintzan izeneko mahai ingurua ere. Larunbatean, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako martxaren egunean, Iruñeraino joango gara, eta bertan, harrera, bazkaria, txaranga eta manifestazioa izango dira.
Pizkundean eragin nahi duzue. Gazteek zer ekarpen egin asmo diozue pizkundeari?
Bidegurutzean gaude, eta, beraz, gazteok hautu argi bat egin behar dugu: pizkundearen aldeko hautua. Garrantzitsua da bertan gazteak egotea.