Azken hilabeteotan, Gasteizko Salburuko auzo elkarteak gaua lokalean igarotzeko aukera eskaini die kale gorrian diren asilo eskatzaile batzuei, bestelako aterperik ez dutelako. Harrera sarearen laguntzaz, txandak egin dituzte 20:00etatik 08:00etara, hogei bat migratzailek han igaro zitzaten gauak. Gasteizko Udalak, ordea, uztailean ohartarazi zion auzo elkarteari lokala erabiltzeko baldintzak urratzen ari zela eta jarduera hori eten behar zuela. Erabakiaren ondorioz, kale gorrian dira berriz ere hogei bat migratzaile. «Udalaren erabakiaren ondorioz, duela bi aste baino hogei pertsona gehiago daude kalean gaua pasatzen», salatu du Asier Etxenike Burdinbide auzo elkarteko kideak.
Ikusi gehiago
Noiztik ari zarete asilo eskatzaileei aterpea emateko elkartasun lanetan, eta nola antolatu zarete?
Otsailean hasi ginen harrera sarea auzoan antolatzen. Iluntze partean, aterpea behar zuten asilo eskatzaileekin elkartu, eta beharren araberako taldeak osatzen genituen haiekin. Auzo elkartera 20-25 migratzaile etortzen ziren lo egitera, nahiz eta kopurua egoeraren arabera asko aldatzen zen. Han koltxoiak eta mantak ematen genizkien, eta 08:00ak arte bertan egoten ziren. Goizean, dena jaso eta garbitu egiten zuten, eta lokala itxi. Giltza inguruko taberna batean uzten zuten. Eta arratsaldero txanda berri bat antolatzen genuen. Noizean behin, kasu bereziak ere izan ditugu, batez ere emakumeren bat iristen zenean. Horrelakoetan, beste leku txikiago batzuk bilatu ditugu haientzat.
Udalak noiz eta nola jakinarazi zizuen harrera hori eten behar zenutela?
Hasiera batean, bilera batera deitu gintuzten, aldez aurretik zertarako zen esan gabe. Bilera hartan ahoz esan ziguten ezin zitzaiola inori utzi gaua pasatzen auzo elkartearen lokalean. Gure elkarteak diru laguntza bat jasotzen du, urtean aurkezten dugun programazioari lotuta, baina baita lokalaren erabilerari lotuta ere. Eta erabilera horrek baldintza batzuk ditu; horietako bat da lokalean ezin dela gaua pasatu.
Zer erantzun zenieten?
Ulertzen genuela ohiko egoeran baldintza hori egotea, auzoko elkarte baten lokala ez baita, berez, aterpe bat. Baina kasu honetan ezohiko egoera bat zela. Guretzat, gainera, argi zegoen ez zela lekurik egokiena, baina udalak beste erantzun bat eman behar zuen eta ez zuen ematen. Hori ikusirik, ahal genuena egiten ari ginela, eta guretzat hori zela egoerari erantzuteko aukera bat.
«Gure aldetik, ahalik eta laguntza gehien eskaintzen jarraitzen dugu. Gasteizko eragile batek utzitako beste lokal bat dugu, eta bertan hogei migratzaile inguruk egiten dute lo gauero. Baina hori ez da nahikoa»
Eta udalak zer azalpen eman zizuen?
Argudio desberdinak eman zizkiguten. Guk jarrera ikusita, eskatu genien bileran esandakoa ere idatziz emateko. Uztailaren amaiera aldera iritsi zitzaigun agindua idatziz. Ez zuten bestelako justifikaziorik eman; diru laguntzaren baldintzetara jo zuten, eta hamar eguneko epea eman ziguten egoera zuzentzeko. Adierazi ziguten bestela hurrengo urratsa diru laguntza etetea izango zela eta, ondorioz, lokala ixtea.
Gaueko harrera eten egin behar izan duzue. Zer egoeratan geratu dira pertsona horiek?
Gure artean aztertu genuen jarduerarekin jarraitzea eta, nolabait, bestelako erantzunak behartzea. Baina, batez ere pertsona horien interesei begira, gatazka areagotzea ez zitzaigula interesatzen erabaki genuen. Orain, gure aldetik, ahalik eta laguntza gehien eskaintzen jarraitzen dugu. Gasteizko eragile batek utzitako beste lokal bat dugu, eta bertan hogei migratzaile inguruk egiten dute lo gauero. Baina hori ez da nahikoa. Oraintxe bertan, 50 lagun inguru daude oraindik egoera horretan, eta duela bi aste baino hogei pertsona gehiago daude kalean gaua pasatzen, udalaren erabakiaren ondorioz.
«Gasteizko Udalak orain arte jarrera pasiboa zuen: jende hori hor zegoen, eta, arazorik sortzen ez zuten bitartean, 'hor konpon' pentsatzen zuen. Orain, berriz, ikusten dugu ez dutela jarrera pasiboa, baizik aktiboa, baina kontrako norabidean»
Zer egiten ari zarete egoera halakoa izanik?
Alde batetik, beste aukera batzuen bila ari gara: tarteka lo egiteko lekuak, gune berriak... Baina, aldi berean, esaten ari gara irtenbide horiek bilatzea eta ematea ez dela bakarrik gure ardura. Oreka zaila da. Batzuetan, arriskua dago guk erantzuna emanez gero beste batzuek beren ardurei muzin egiteko. Horregatik, laguntzen jarraitu nahi dugu, baina, aldi berean, erakundeei dagokien ardura ere mahai gainean jartzen. Auzi hau ez da berria: aspalditik dator. Pertsona horiek asilo eskaera egiteko tramitazioa hasi aurretik kalean geratzen dira, eta tarte horretan ez da inor haietaz arduratzen.
Behin asilo tramitazioa hasita, badago nolabaiteko erantzun instituzionala, Eusko Jaurlaritzaren edo beste erakunde batzuen bidez. Gure ustez, udalak esku hartze zuzena izan beharko luke kalean lo egiten duten pertsona guztiekin.
Gasteizkoa ez dela kasu bakana salatu duzue. Donostiako afari solidarioen debekua ere hor dago... Zer analisi egiten duzue?
Gasteizko Udalak orain arte jarrera pasiboa zuela esango genuke: jende hori hor zegoen, eta, arazorik sortzen ez zuten bitartean, 'hor konpon' pentsatzen zuen. Orain, berriz, ikusten dugu ez dutela jarrera pasiboa, baizik aktiboa, baina kontrako norabidean. Eta Donostian ere antzeko egoerak ikusi ditugu. Beldur gara Euskal Herrian, tantaka bada ere, ez ote den elkartasuna eskaintzen dutenei oztopoak jartzeko joera bat zabaltzen ari. Beldur gara ez ote den zabaltzen ari migranteekiko elkartasuna kriminalizatzeko joera bat.
Azken urtean pertsona asko igaro dira auzotik. Harrera sareari eta haien jarrerari esker, ez da arazorik egon. Gurekin egon dira auzoko jaietan, Korrikan eta beste hainbat ekinaldietan. Auzoan egon diren bitartean, beste edozein auzokide gisa hartu ditugu. Ez dugu nahi horrelako erabakiek bizikidetza hori haustea eta beste logika batzuetara eramatea.