Gasteizen, asilo eskariak bideratzeko zain dauden dozenaka migrante berriro ere kale gorrian geratu direla salatu du Salburuko Harrera Sareak. Izan ere, Gasteizko Udalak Salburuko Burdinbide auzo elkarteari eskatu dio asilo eskatzaileei gauez eskaintzen dien harrera bertan behera uzteko, eta, hala egin ezean, lokala kentzeko mehatxua egin dio. Irailaren 3tik, beraz, ordura arte bertan lo egiten zuten 22 migratzaileak berriro kalean geratu dira.
Erlazionatuta
Azken urte eta erdian, Malitik iritsitako asilo eskatzaileen presentzia etengabea izan da Salburuan, Espainiako Poliziaren komisariaren inguruan. Bertara joaten dira asilo eskaera izapidetzeko asmoz. Egoerari erantzuteko baliabide instituzional nahikorik ez dagoela salatu dute maiz herri mugimenduek eta auzokideek, eta, preseski gabezia horri erantzuna eman aldera, auzoko bizilagun talde bat antolatu eta harrera sare bat osatu zuten duela hilabete batzuk.
Azken sei hilabeteetan, Salburua Burdinbide auzo elkarteak bere udal jabetzako lokala erabili du asilo eskatzaileei gauez aterpe emateko. Arratsaldeko 20:00etan irekitzen zuten lokala, eta goizeko 07:30ean ixten. 22 pertsonak igarotzen zuten gaua leku horretan; bertan afaltzeko eta lo egiteko aukera zuten. Ez zen soilik lo egiteko tokia: aldian-aldian, eta beharrezkoa zenean, elkartearen egoitza asilo arretan eskumena duten gizarte erakundeen esku ere jartzen zuten, migratzaileei bertan arreta zuzena eman ziezaieten.
Harrera sareak azaldu duenez, auzotarrek emandako erantzun hori «larrialdiko irtenbide bat» izan da, erakundeek beren gain hartu ez duten beharrari aurre egiteko. Izan ere, 22 lagun horiek ez dira Salburuan kalean bizi diren migratzaile bakarrak. Beste batzuek herri mugimenduak atondutako beste lokal batzuetan eta etxe partikularretan topatu dute gaua igarotzeko lekua. Udalak auzo elkartearen lokalean egiten zen harrera eten ondoren, ordea, sarearen arabera, asilo eskatzaileen erdia baino gehiago berriro kale gorrian geratu dira.
Elkartasunari oztopoak
Salburuko Harrera Sarearen arabera, udalak ez die bestelako aterperik eskaini lokalean hartzen zituzten pertsonei. Horren ordez, auzo elkarteari harrera amaitzeko eskatu dio, eta aginduari muzin eginez gero lokalaren erabilera kenduko diola jakinarazi dio, sareak salatu duenez.
Harrera sarearen ustez, mehatxu horrek auzo elkartearen jarduera arruntak ere arriskuan jartzen ditu, lokal horretan egunero egiten baitira auzoko hainbat jarduera. Gainera, ohartarazi du instituzioak ez direla arazoari konponbidea ematen ari: «Arazoa konpondu beharrean, haren ondorioak arintzen saiatzen direnen aurka egiten ari dira».
Egoera ez da berria. 2025eko udatik, Maliko gerratik ihesi eta Gasteizera iritsi diren migratzaile ugari Salburua auzoko kalean pilatu dira, Poliziaren komisariaren inguruan. Gasteiz ez da salbuespena, baina. Donostian eta Iruñean ere antzeko egoerak izan dira azken hilabeteetan.
Gasteizen, hasieran, auzotarrek banaka eman zieten laguntza migratzaileei: janaria, arropa eta oinarrizko beste baliabide batzuk. Ondoren, harrera sare antolatuagoa eratu zen. Elizak ere bi parrokia utzi zituen gaua igaro zezaten: San Joakin eta Santa Ana, Viena kalean, eta Andra Mari Elurretakoaren parrokia, Valladolid kalean. Udako hilabeteetan, ordea, parrokiek ateak itxi zituzten, eta auzo elkartearen lokala eta herri sareak antolatutako beste toki bat geratu ziren erabilgarri.
Oraingoz, aste batzuk falta dira Elizak berriro gaua igarotzeko lekuak ireki arte. Baina harrera sareak ohartarazi du ordura arte kalean geratuko direla hainbat pertsona, eta, batez ere, egoerak kezka handiagoa eragingo duela gau hotzak iristean.
Salburuko Harrera Sareak Donostian gertatutakoa ere ekarri du gogora. Duela aste batzuk, kalean bizi diren pertsonentzako afari solidarioak debekatu zituztela salatu zuten han. Gasteizen, berriz, auzo elkarte bati lokala kentzeko mehatxua egin diotela salatu dute, asilo eskatzaileei gaua bertan igarotzeko aukera emateagatik. Harrera sareak esan du bere jarduerarekin aurrera jarraituko duela eta elkartasun sareak ehuntzen segituko duela. Bitartean, galdera bat egin dio Gasteizko Udalari: zer egiten ari da Maliko asilo eskatzaileek kalean lo egin behar izan ez dezaten?