Istilu galanta eragin zuen La Vanguardia egunkariaren zuzendari Luis Martinez de Galinsogak 1959ko ekainaren 21ean Bartzelonan, Sant Ildefons elizan. Meza latinez bazen ere, sermoia katalanez egin zuen apaizak. Galinsoga amorru bizian jaiki, sakristiara joan eta kargu hartu zion bertan zegoen abade bati. Eta elizatik irten zen, oihu hau ahoan: «¡Todos los catalanes son una mierda!». Irainak egunkariaren kontrako boikota ekarri zuen. Kanpainak luze jo zuen. 30.000 ale gutxiago saltzera iritsi zen La Vanguardia. Azkenean, Francok Galinsoga postutik kendu eta Manuel Aznar Zubigarai etxalartarra jarri zuen haren ordez. Izendaezinaren aitona, hori bera.
Inoiz helduko gara euskaldunok halakorik egitera? Pizkundearen aroa da. Zenbateraino jokatuko dugu malgu? Zenbateraino zorrotz? Ezpainetan beti irribarrea eta inoiz ez haserrea segituko dugu? Tortilla pintxo bat eskatu —Irati Urdalleta Letek lehengoan kazeta honetan ipinitako adibidea erabilita— ulertu (nahi) ez, eta, deskuidatzen bazara, aurpegi txarra jarri eta “todos los vascos son una mierda” pentsatu. Azpeitian hori. Zer ez dute egingo Bilbon! Eta guk? Barrenak nahasi eta aurrera?
Sambou Diaby-ri gertatuaren berri jakin dugu aste honetan. Beltza eta euskalduna da aktorea, bideo batean azaldu duenez. Diabyri ez diote aukerarik eman Bilbao Berria jatetxean tortilla pintxo bat eskatzeko. Kanpora bota dute bere koloreari lotutako aurreiritzi arrazista eta klasistengatik. Kosmopolita Bilbo? Nago ez ote dugun uste bezainbeste aurreratu. Duela urte batzuk elkarrizketa egin zion El Correok 80ko hamarkadan hirira ailegatu zen kubatar bati. Jendea bueltatu egiten zen gizona Etorbide Nagusian ikusten zuenean. Zer dabil baltza Gran Vian? Nundik urten dau? Orain Ledesmako ostatuetatik kanporatzen dituzte beltzak. Kale paralelotik.
Bilbao Berriak agiria hedatu du berehala. Halakorik ez da gehiagotan gertatuko. Inklusioaren balioak bultzatuko ditu. Ez du inor diskriminatuko. Inor ere ez? Mezua erdara hutsez zabaldu du. Beste alde batetik, jatetxearen webgunea espainieraz eta ingelesez dute. Arreta eman dit: web orrian EBren funtsak jaso dituela aipatzen da. Money, alegia. Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ere ageri dira. Webgunean euskararen arrastorik ez, eta erakunde publikoen laguntza jaso? Ondo da Jaurlaritzak Pizkundearen ekitaldira ordezkariak bidaltzea, baina bada garaia ausartago jokatzeko: “Web orria euskaraz ere egin beharko duzue. Bestela, ahaztu dirua”. Hori ere Pizkundea da.
Inklusioaren alde egin du jatetxeak. Horrek esan nahi du euskararen aldeko sentsibilizazio kanpainak ere egingo dituztela langileen artean, ez da hala? Hori ere inklusioa baita. Ez da zerbitzariei C2 maila eskatzea, gutxieneko oinarri batzuk baizik: agurtzen eta zenbatzen jakitea, edari eta janen euskal izenak ezagutzea. Euskarari erasorik ez egitea. Hain zaila da?
Arazoa ez da zailtasuna, begirunerik eza baizik. Gure hirietako jatetxe gehienetan hizkuntza bat edo bitan dituzte menuak. Edo hirutan. Zenbatetan dugu euskara? Barre egiten digute. Kaka burutik behera eta txiza belarrian. Eta nola erreakzionatzen dugu euskaldunok hizkuntzari burla egiten diotela ikusita? Dirua ematen diegu. Sadomaso totala. Herri honetan segituan altxatzen dugu ahotsa bidegabekeria mota askoren aurka. Noiz oldartuko gara euskararen alde eremu horietan guztietan bezain gogor? Pizkundeak hori ere behar luke.
Hemendik aurrera Ledesmako jatetxean ez dituzte beltzak diskriminatuko. Azaleko koloreagatik ez, behintzat. Eta mintzairagatik? —zer izango zatekeen zerbitzariaren buruan Diabyk zerbait eskatu balu euskaraz?—. Inklusioa agindu du Bilbao Berriak. Hala ere, beldur naiz euskaldunak ez ote duen galtzailea izaten segituko tortilla pintxo bat dastatu nahi duen bakoitzean. Han eta edonon. Areago arrazializatua bada eta erabiliko duen hizkuntza, minorizatua. Beltza izatea, tira; beltza eta, gainera, euskalduna? Gehiegitxo da hori.