Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokia gogoz ari da «fiskaltza sozialaren» lanetan, horretarako memoria legeek ireki duten zirrikitu oro baliatuz. Horren adierazle izan da asteburuan aurkeztutako salaketa kolektiboa: Segiko kide izateagatik atxilotutako 29 lagunek euren tortura kasuak ikertzeko eskatu dute, GEBehatokiarekin elkarlanean. Auzi horren eta esku artean dituzten gainerakoen inguruan aritu da Agus Hernan behatokiko kidea (Irun, Gipuzkoa, 1962).
Asteburuan Segiko kideen kontrako sarekadan atxilotutako 29 lagunen kasua aurkeztu zenuten. Orain arte sustatu duzuen salaketa kolektiborik handiena da. Zergatik egin duzue halako formula kolektibo baten alde?
Giza Eskubideen Behatokian bi urte eta erdi daramatzagu fase berri honekin. Hasieran, ikasteko izan zen, eta kasu esanguratsu batzuk lantzen hasi ginen: adibidez, Josu Mujikarena eta Txomin Letamendirena. Eta, esperientzia horrekin, planteatu genuen kasu kolektiboak lantzea. Lehena Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren zazpi ebazpeni lotutakoa izan zen, eta, orain, 29 kasu hauena. Eta beste kasu batekin ere lanean ari gara.
Patroi batzuk errepikatzen dira?
Gure asmoa zera da, tortura elementu jarraitu bat izan dela irudikatzea, nahiz eta frankismo berantiarrean, trantsizioan edo demokrazia garaian gertatu. Beti patroi komun batekin gertatu da: estatuak berak babestu du, eta torturatzaileen inpunitatea ziurtatu du. Gogoeta horren inguruan, eskalan gora joan gara bi urte eta erdi hauetan. Orain, oso konplexua da 29 lagunekin kasu bat muntatzea, baina ikusi dugu torturatuen aldetik erresilientzia eta borondate handia dagoela egia judiziala lortzeko. Torturatuek esan zuten bezala, sinistuak izatea nahi dute, eta egia judiziala eskuratu.
Hain zuzen, Espainiako justiziak izan duen rola kritikatu duzue, torturak ez ikertzeagatik eta izan duen jarreragatik.
Guk hala planteatzen dugu: badira egia soziala, instituzionala eta judiziala. Egia soziala beti izan dute; hemen, Euskal Herrian, beti susmatu dugu edo jakin izan dugu zer gertatzen zitzaien torturatuei ziega barruan. Eta egia instituzionala ere lortzen ari dira egun. Kriminologiaren Euskal Institutuaren azterketak 5.000 kasu baino gehiago jaso zituen, eta Torturatuen Sareak 500 karpeta inguru aurkeztu ditu, eta prest ditu beste horrenbeste. Negazionismotik gatoz, baina gaur egun badago kontsentsu politiko-instituzional zabal bat.
«Gure asmoa zera da, tortura elementu jarraitu bat izan dela irudikatzea, nahiz eta frankismo berantiarrean, trantsizioan edo demokrazian gertatu»
Beraz, egia judiziala falta da?
Torturatuak egon dira, baina badirudi torturatzailerik ez dela egon. Oso gutxi izan dira epaituak, eta gutxiago kondenatuak. Hamar kasutan egin dio tira belarritik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatuari; NBEko Giza Eskubideen Batzordeak ere sakon kritikatu du etengabe. Eta ez da ezer gertatzen. Noizbait jarri beharko ditugu mahai gainean torturatzaileen izen-abizenak eta haien ardurak. Hemen inor ez dabil mendeku bila, egia judizialaren bila baizik. Gure herrian benetako bake prozesu bat landu nahi badugu, bizikidetza demokratikoa behar da, eta, horretarako, sufrimendu denak aitortu behar dira.
Aurrez, Raul Fuentesen, Pello Alcantarillaren eta Iratxe Sorzabalen kasuak landu dituzue. Zer balorazio egiten duzue bide horretaz?
Estatuaren biktimak bigarren maila batean egon dira, baina uste dugu fase hori gainditu dela, eta tokatzen zaiela tokia izatea. Historia osoa, memoria eta sufrimendu guztiak mahai gainean jarri behar ditugu. Hortik abiatzen da gure eginkizuna, eta horregatik diogu fiskaltza sozialaren rola bete nahi dugula. Lortzen ari gara? Zailtasun handiz. Martxan jarri ditugun kasu gehienak artxibatzen ari dira, eta errekurtsoak aurkeztu behar dira orain, gure asmoa baita, Espainiako justiziak egia judiziala ezartzeko borondaterik ez badu, NBEra jotzea.
Denboran gertuago dauden kasu horietan gehiago kostatzen da bidea egitea?
Legez, bi fase daude, guk hala ikusten ez badugu ere. Batetik, Espainiako Memoria Demokratikoaren legeak zirrikitu bat ireki du, baina 150 kereilatik soilik bost onartu dituzte. Euskal Herriko bi: Txomin Letamendirena itxi egin da torturatzaileak hil direlako; Josu Mujikarena, berriz, aurrera doa; eta [Asturiagako segadan hildako] Mendez eta Mondragonena ere jarrita dago, eta ikusiko dugu zer ematen duen.
Bigarren fasea da 1977tik aurrerakoa. Estrategia integral bat egon da estatuaren partetik, hori guztia luzatzeko eta preskripzioarekin jokatzeko. Eta hor txoke handi bat dago, NBEk baitio tortura delituak preskribaezinak direla.
Txomin Letamendiren auzian, borondatezko jurisdikzioaren formula erabiliko da. Zer dakar horrek?
Guk Espainiako Memoria Demokratikorako Legearen irakurketa oso kritikoa egin izan dugu, baina beti esan dugu eskaintzen diren tresnak erabili behar direla: kereila judizialak, aitortza instituzionalak edo borondatezko jurisdikzioa. Oso sinbolikoa da, baina uste dugu tresna bat eskaintzen duela esateko pertsona hori torturatua izan dela, eta familientzako ere elementu sendatzailea da. Hilaren 27ko epaiketara gonbidatu ditugu lehendakaria eta San Jose sailburua, baita Gogora eta Eusko Legebiltzarreko alderdiak ere, familiari babesa emateko.
Iritsi berri da Espainiako Gorteetarako hauteskunde deialdia, kezkatzen zaituzte gobernu aldaketa batek?
Ikusiko dugu zer gertatzen den hauteskundeen ondoren, PPk jada esan baitu Memoria Demokratikorako Legea bertan behera utziko duela. Ez dakigu horrek zer ondorio izan ditzakeen jada aurkeztu diren kasuetan. Baditugu kasu berri batzuk aitortzarako aurkeztuak, baditugu kereila batzuk aurkezteko prest ere. Printzipioz, lege bat ezin da atzeraeraginezkoa izan, baina ikusiko dugu, eskuinak eta ultraeskuinak duten jarrera bortitza kontuan izanda.
«Estrategia integral bat egon da estatuaren partetik, tortura kasuen preskripzioarekin jokatzeko»
Martuteneko espetxea memoria gune izendatzeko eskaera bat ere egin zenuten, bertan pairatutako errepresioa oroitua izan dadin. Zer-nolako erantzuna jaso duzue erakundeen aldetik?
Guk hiru eskakizun egin ditugu: memoria leku bat ezartzea, elementu adierazgarriren bat gordetzea eta txosten sakon bat egitea espetxearen inguruan. Entzunak izan dira, eta, oraintxe bertan, leku diskretuetan ari gara lanean.
Segurtasunaren arloa ere landu duzue. Udaren ostean, kexu azaldu zineten Zupiriak bizikidetza arazoen inguruan adierazitakoengatik. Gero, berak ere aitortu zuen ez zela egon iragarritako arazorik udan.
Segurtasun gaiei heltzeko bi manera daude: atzera begirakoa eta aurrera begirakoa. Iaz eta urte hasieran gertatu ziren zenbait auzirekin atzera begirakoa egin zen. Egin ziren irakurketak 30 urte pasa ez balira bezala. Egungo gazteak ETA osteko garaian sortuak dira, eta Ertzaintzan bertan ere aldaketak egon dira. Orduan, uste dugu gauzak ezin direla horrela aztertu. Oso marko arriskutsua iruditzen zaigu. Uda ondoren, baina, Zupiriak esan zuen ez dela gertatu esandako hura, eta marko berri bat kokatu du. Bilkura monografiko bat egingo dute, eta ematen du ez dela bakarrik polizia ereduaren ingurukoa izango, baizik eta segurtasun ereduaren ingurukoa. Adibidez, Hondarribian ikusi dugu segurtasun ereduak beste elementu asko hartu behar dituela ondo ulertzeko.
Eusko Legebiltzarrean, kontrol mekanismoetan zentratu zineten. Azken urteetan, Arartekoa eta Kontrol eta Gardentasun Batzordea ere kexu azaldu dira dituzten zailtasunengatik. Zer gertatzen da?
Abenduan egin genuen agerraldia ez zen guk espero bezala atera. Jarrera eraikitzailearekin joan ginen, baina konturatu ginen orduan ez zegoela urik igerilekuan. Horregatik diot aldaketa bat gertatu dela, badirudielako orain badagoela. Guk zera planteatzen dugu, kontrol mekanismoak ez direla onak, baliabideak falta direla bai Kontrol eta Gardentasun batzordean eta bai Ertzaintzako barne mekanismoetan. Kontrol batzordeak ezin du ikerketarik egin auzia epaitegietan dagoen bitartean, Ertzaintzari eskaerak egitean ez dute erantzunik... Badago korporatibismo handi bat ere. Mekanismo horiek hobetu behar dira, eta formakuntza eman giza eskubideetan. Guretzat oso garrantzitsua da, gure datuen arabera ez baita behar bezala lantzen. Ertzaintza osatzen dutenen tipologia aldatzen ari da, beste balio batzuekin sartzen dira belaunaldi berriak, eta hori aztertu beharra dago, ikusteko ea nola zuzendu daitezkeen zuzendu beharrekoak formakuntzaren eta barne arau diziplinarioen bitartez.