Azkenean gauzatu da. Joan den ostiralean biltzekoa zen Madrilen Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak osatutako bitariko batzordea, transferitu gabe dauden eskumenen gaia jorratzeko, eta bi gaik, meteorologia zerbitzuak eta Europako Batasunetik kanpoko atzerritarren lan baimenen kudeaketak, mahai gainean egon behar zuten. Azken orduan, bilera atzeratu egin zen, baina bi gai horien inguruko negoziazioa oso aurreratuta zegoen, eta orain izenpetu dute horri buruzko ituna.
Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia estatutuaren 10. artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio meteorologia zerbitzuaren gaineko eskumena; 12. artikuluan, berriz, zehazten da Jaurlaritzaren eskumenekoa dela lan legeria, «estatuak arlo honetan dituen lan harremanei buruzko ahalmen eta eskumenak bereganaturik», bai eta «estatuak lan legeria betearazteko dituen zerbitzuak antolatzeko, zuzentzeko eta gainbegiratzeko ahalmena». Hala ere, eta estatutua onartu zenetik 45 urte baino gehiago igaro diren arren, meteorologia zerbitzuak eta atzerritarrei lan baimenak emateko ahalmenak eskualdatu gabe iraun dute orain arte.
Dudarik gabe, bi gai horiek Jaurlaritzaren esku gelditzea urrats garrantzitsua da estatutua osorik betetzeko bidean; prozesu hori urtea amaitu aurretik bukatutzat eman nahi dute, eta bi aldeek horretarako konpromisoa sinatu dute. Beste kontu bat da bi eskumen horien transferentziak eragin handirik izango ote duen herritarren egunerokoan. Meteorologiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak 1983ko uholdeen ostean erabaki zuen ez zela transferentziaren zain egongo eta abian jarriko zuela eguraldiaren aurreikuspenerako bere sistema propioa. 1990eko ekainean Euskalmet meteorologia agentzia sortu zuen, eta, geroztik, hura lanean aritu da, eta bitarteko tekniko ugari garatu ditu horretarako.
Hori dela eta, zenbaitek uste zuten eskumena de facto transferituta dagoela, eta formalismo hutsa dela orain eskualdatzea. Baina Jaurlaritza ez zen iritzi horretakoa: haren ustez, oraindik falta zen estatuak arlo horretan duen azpiegitura Euskalmeten esku uztea edo, hori egin ezean, Euskalmetek bere gain hartzen duen lanaren kostua kalkulatu eta horren finantzaketa argitzea.
Izan ere, hori izan da transferentziaren eduki nagusia: jakinarazi dutenez, orain arte Espainiaren esku zeuden zenbait azpiegituraren kudeaketa eskualdatu egingo dute, Donostiako Etxaide Bordarena eta Igeldoko Behatoki Historikoarena, esaterako.
BERRIA Euskalmetekin jarri zen harremanetan, haren iritzia jakiteko, baina agentziak azaldu zuen Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioaren emaitzaren zain zegoela, eta nahiago izan zuen adierazpenik ez egin. Edonola ere, badirudi Euskalmetek alertak eta abisuak eman ahal izatea izango dela zerbitzuan egongo den aldaketarik esanguratsuena.
Lan baimenen auzia
Lan baimenei dagokienez, orain arte Espainiako Estatuaren eskumena izan da langile migratuen eskaerei bidea ematea. Horrek arazo bat sortzen zuen: Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Espainiako nazionalitatea ez duten 5.000 bat langilek prestakuntza ikastaroak egin dituzte Lanbiden, baina, lan baimena eskuratzeko prozesua asko atzeratzen denez, prestakuntza jaso duten alor horietan aritzeko aukerarik gabe daude. Eskumena Jaurlaritzaren esku egonda, uste dute prozesu hori asko azkartuko dela.
Ana Elena Altuna Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kidea da, eta eskarmentu handia du langile migratuei laguntzen beharrezko dituzten agiriak lortzeko prozesuan. Haren ustez, egoera ez da asko aldatuko eskumena Jaurlaritzaren esku egonda: «Bizileku baimena Espainiako Gobernuak ematen du, eta hori ez da aldatuko. Seguru asko, aldaketa nagusia izango da eskabidea egiten dutenentzat nahaste handiagoa egongo dela, batez ere lehenengo hilabeteetan, bi prozesu egin beharko dituztelako: bat, Espainiako Estatuaren aurrean, bizileku baimena eskuratzeko, eta beste bat, hemen, lan baimena lortzeko».
Migratzaileentzat, agiriak lortzeko bidea oso korapilatsua izaten da. Printzipioz, langile atzerritar batek, lan baimena eskuratzeko, beharrezkoa du bere egoera erregularizatzea, «eta hori Espainiako Gobernuaren esku dago, eta hala izango da eskumena transferituta ere». Baina alderantzizko bidea ere egin daiteke: migratzaile batek lan eskaintza bat badauka, bizileku baimena eska dezake, lanak irauten duen epealdirako.
Altunak zalantza handiak ditu lan baimenen kudeaketa Jaurlaritzaren esku egonda prozesua azkartuko ote den: «Ez dut uste txarrerako denik, baina onerako ere ez». Haren iritziz, auziaren benetako gakoak beste batzuk dira: «Atzerritartasun Legea Madrildik dator, eta badirudi lan baimenak orain Euskadik kudeatuko dituela, baina Madril eta Euskadi Europan daude; Europak ezartzen ditu migrazio politiken inguruko irizpide nagusiak».
Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak auzi honen inguruan duen iritzia ere biltzen saiatu da BERRIA, baina nahiago izan dute adierazpenik ez egin negoziazioen emaitza ikusi arte.
Kataluniari begira
Edonola ere, Jaurlaritzak argi du atzerritarren lan baimenen kudeaketa ez dela immigrazio arloan lortu nahi duen eskumen bakarra. Eta, horretarako, Kataluniari begira jarri da. 2024ko urtarrilean, Espainiako Gobernuak eta Junts Per Catalunyak akordioa erdietsi zuten alor horretako zenbait eskumen Generalitatearen esku uzteko, eta negoziazio prozesu luze eta korapilatsu baten ostean, aste honetan eman diote bide horri.
Akordio horren arabera, Generalitateak atzerritarrentzako zentro itxiak kudeatuko lituzke, migratzaileak itzularazteko eta kanporatzeko eskumena izango luke, eta Mossos d'Esquadra Kataluniako Polizia mugan egongo litzateke, Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin koordinatuta. Gainera, Kataluniak emango lituzke bizileku baimenak eta egonaldi luzeetarakoak.
Espainiako Kongresuan erregistratu duten lege proposamenean agertzen dira neurri horiek guztiak, eta ikusteko dago Kongresuak proposamen horri oniritzia emango dion. Baina argi dago eskumen horiek guztiek lan baimenen kudeaketa hutsa gainditzen dutela, eta, akordioak aurrera eginez gero, Jaurlaritzak ere izango luke transferentzien langa igotzeko aukera. Asteartean, Gobernu Batzordearen bileraren ostean, Gobernantza eta Autogobernu sailburu Maria Ubarretxenak esan zuen Jaurlaritzak «interes handiz» erreparatu diola akordioari: «Jakina, Euskadik hurrengo bileretan eskumen gehiago eskatzeko aukera aztertuko du».