Urduña Herri Eskolako zuzendaria

Enartze Larrakoetxea: «Berdin du zein den zure egoera: publikoan beti izango duzu lekua»

Euskal Eskola Publikoaren Jaiak hezkuntza publikoaren alde dagoen komunitate bat badela irudikatzeko balio du, Urduña Herri Eskolako zuzendariaren ustez.

Enartze Larrakoetxea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Enartze Larrakoetxea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko ekainaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Eskola Publikoaren Jaia Urduñan (Bizkaia) egingo dute. Bertan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bakarra dago: Urduña Herri Eskola. Ikastetxeko zuzendari Enartze Larrakoetxea (Laudio, Araba, 1979) harro dago eskolan egiten duten lanaz, eta azpimarratu du ikastetxeak oso lotura estua izan duela herriarekin joan deneko hiru hamarkadan: «Askotariko familiak bildu ziren duela 30 urte Urduñan eskola publiko, euskaldun eta laiko bat lortzeko».

Eskola publikoak zer ekarpen egiten dio gizarteari?

Edozein familiarengana heltzen dela esango nuke. Hau da, hemen berdin du zein den zure egoera sozioekonomikoa edo kulturala: publikoan beti izango duzu lekua. Guztiz inklusiboa da, aukera berberak eskaintzen dizkio mundu guztiari.

Denona da, gainera. Gu eskolako pareten barruan egoten gara, baina eskolatik kanpo dauden familiak eta herrian dauden hainbat agente ere komunitate hezitzailearen parte dira: liburutegia, museoa eta basoa bera. Eta eskola kanpoko heziketa hori gero eta gehiago saiatzen gara lantzen. Izan ere, eskola uzten dutenean, herriko baliabideak bertan egongo dira lehen bezala, eta haien eskura egotea nahi dugu.

Eta euskarak zer toki du?

Ba, hori eskola dagoen gunearen araberakoa izango da. Kalean euskara gutxi entzuten bada, garrantzi berezia du, umeek euskararekin kontaktua izango baitute eskolan, batzuetan lehenengoa. Eskolan euskara entzungo dute, eta hizkuntza ikasteko aukera izango dute. Esango nuke euskararen ezagutza orokortu egiten duela eskola publikoak. Hemendik igarotzen den edozein ume euskaran murgiltzen da.

Zuek nola egiten duzue?

Heldu berriak badira, eta euskararik gabe badatoz, norbait jartzen dugu errefortzurako. Euskara klaseetan haiekin daude, gelatik kanpo. Eta ezagutzak garatuz doazen heinean, gelara itzultzen dira. Eta, orokorrean, hezitzaile berritsuak izan behar gara. Ikasleen belarrietan ahalik eta euskara gehien sartzea lortu behar dugu.

«Euskararen ezagutza orokortu egiten du eskola publikoak. Hemendik igarotzen den edozein ume euskaran murgiltzen da»

Zergatik da garrantzitsua Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatzea?

Komunitate bat garela ikusteko balio duelako. Nola gauden egunero hor, gogotsu eta gustura sare publiko honetan. Iruditzen zait, proiektu guztietan bezala, atzean ilusioa eta indarra duen komunitate bat badago, proiektu politak eraman daitezkeela aurrera;  jai honekin, eskola publikoak komunitate hori duela erakusten dugu.

Zeintzuk dira euskal eskola publikoaren erronka nagusiak?

Gizarte berri honi erantzuten asmatzea. Aldaketa garrantzitsu asko izan dira oso denbora gutxian; izan teknologia berriak, izan gero eta gizarte pluralago bat. Horiek ondo txertatzen ikasi behar dugu, aseta gera daitezen ikasleen oinarrizko behar emozionalak, eta sentitu daitezen benetan eskolaren parte; zerbaiten parte sentitzen zarenean, prest zaude edozer ikasteko.

Eta zuen eskolan, zehazki?

Gure aldetik, ongietorria ondo egitea. Gero eta ikasle gehiago ditugu, eta eraikina txiki geratu ahal zaigu. Bestalde, ikasleen beharrak asetzeko giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak behar dira. Eta eskola publikoan sinestea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.