Eskola publikoa hezkuntzaren ardatza izatea defendatuko dute 32. aldiz

Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatuko dute gaur, Urduñan. Urduña Herri Eskolak antolatu du aurtengoa. Lau gune egongo dira: Herri eskola, Foru Plaza, Gernika Plaza eta Bolatokia.

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 32. aldiaren aurkezpena, Urduñan. BERRIA
Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 32. aldiaren aurkezpena, Urduñan. BERRIA
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko ekainaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoa atzean utzi eta Bizkaira egin du salto Euskal Eskola Publikoaren Jaiak aurten: Ordiziaren (Gipuzkoa) lekukoa hartuko du Urduñak (Bizkaia) gaur, jaiaren 32. aldia ospatzeko. Urduña Herri Eskolari egokitu zaio aurtengo aldia antolatzea, eta eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izan behar dela aldarrikatzeko lau gune eta hamaika ekitaldi prestatu ditu. Jaia herriko hainbat txokotan ospatuko da; izan ere, jaiaren antolatzaileek uste dute hezkuntza publikoa «herrian txertatua» egon behar dela: «Hezkuntzak, publikoa den heinean  denona eta denontzat izan behar du. Baita euskara sustatzailea eta herrian txertatutakoa ere».

Eskolaren ardatz diren hiru ezaugarri nagusiak jai eremuan egongo dira txertaturik. Lurra, herria eta eskola dira Urduña Herri Eskolaren zutabe nagusiak, eta aurtengo lelotik hasita topa daitezke: Lurra, herria, eskola Errotu. Lurrari dagokionez, elikadurari garrantzia ematen dion eskola da Urduñakoa; bide horretan, 2018-2019 ikasturtean elikadura burujabetzaren proiektua abiarazi zuten jantokian, zero kilometroko elikagaiak menuetan txertatuz. Hiru hamarkada bete ditu aurten Urduña Herri Eskolak, eta nabarmendu nahi izan dute herria aritu zela eskola sortzen. Izan ere, herriko bizilagunek eskola publiko baten alde egin zuten borroka, hori baitzen, haien ustez, «belaunaldi berrien euskalduntzea bermatu zezakeen» eredua.

Eta, azkenik, eskola bera dute helburu Urduña Herri Eskolan. Hori dela eta, baliabide «berritu eta egokien» alde egiteko deia egiten diete erakunde publikoei.

Haur eta Lehen Hezkuntzako Urduñako ikastetxe bakarraren lerro nagusi horiek, gainera, antolatu duten egitarauan ere topa daitezke. Adibidez, 13:00etatik 15:00etara bazkariak emango dituzte Gernika Plazan. Han eskainiko dituzten jakiak, eskolako jangelan legez, bertakoak izango dira. Hala nola tokiko barazki ekologikoekin egindako parrillada eskainiko dute hiru euroan, eta eskualdeko ogia eta Urduñako Bedarbide abeltzainen elkarteko txahal ekologikoarekin egindako hanburgesak jan ahalko dituzte bertaratutakoek 2,5 euroren truke. Gainera, Urduñako kale nagusian hainbat etxola egongo dira eskualdeko produktuak dastatu eta erosteko.

Guztira, lau gune izango dira: Herri eskola, Foru Plaza, Gernika Plaza eta Bolatokia. Bakoitzean hainbat ekintza antolatu dituzte; egun osokoak zein ordu batzuez egingo direnak. BERRIAk Foru Plazan izango du lekua, egun osoan, eta 16:15ean Hodei magoaren emanaldia. Foru Plaza, halere, ez da soilik BERRIAren gotorleku izango. 12:00etan Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren Ostirala iritsi da! emanaldia hasiko da, eta, egun osoan, PAIren jolas kooperatiboetan gozatzeko aukera egongo da, besteak beste.

Horrez gain, zenbait ikuskizun ibiltari ere antolatu dituzte egun osoan Urduñako txokoetan. Reperkusion feminista batukadak inguruak girotuko ditu. Eta, batukadaz gain, bestelako musika estiloak ere entzun ahal izango dira: Getxa Goi txistu taldea eta Otxotea kantu taldea eremu batetik bestera arituko dira. Gainera, Txarlazopeko musikariak Urduñako buruhandiekin batera ibiliko dira herrian zehar.

Gaurko jairako antolatutako ikuskizunetara ez ezik, museora joateko aukera ere izango dute Urduñara bertaratzen direnek. Izan ere, Orduña Hiria museoa 11:00etatik 18:00etara egongo da zabalik, eta bertan bisita gidatuak egiteko aukera egongo da.

Garraioa eta aparkalekuak

Euskal Eskola Publikoaren jaietan bildu ohi den jende kopurua ikusirik, Urduñara joateko garraio publikoa erabiltzea gomendatu du EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak. Trenez joateko, esaterako, Bilboko Abando geltokitik zuzenean joan daiteke Urduñara, Renfe hartuta. Horrez gainera, Bizkaibuseko hainbat autobus lineak Urduñan egiten dute geldialdia. Gainera, elkarteak ehun euro eman dizkie Euskal Herriko askotariko txokoetatik Urduñara joateko autobusak antolatu dituzten eskoletako guraso elkarteei. Autobus horiek herriko zezen plazan geldituko dira.

Dena den, eremu batzuk aparkaleku moduan atonduko dituzte antolatzaileek, autoz joatea erabakitzen dutenentzat. Autoan joaten direnek industrialdean utzi beharko dute; eta autokarabanarekin joaten direnek, berriz, Urduñako Nafarroa kalean dagoen parkingean. Iturria egongo da han, baina, autokarabanen komuna husteko, zezen plazara jo beharko dute gidariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.