Eusko Jaurlaritzak Valogreene Paper SM enpresari emandako ingurumen baimen integratua baliogabetu egin du EAEko Auzitegi Nagusiak, eta atzo jakinarazitako ebazpen hori «oso positibotzat» jo du Bergarako Udalak. Gorka Artola alkateak azaldu duenez, Bergarako Udalak defendatutako jarrera berretsi dute epaian: «Valogreene enpresaren proiektuak ez zuen bat egiten udal antolamenduarekin; industria jarduera gisa mozorrotu nahi izan dute egitasmoa, baina hondakinak errausteko jarduera bat zen».
EH Bilduko udal gobernuko buruak gogorarazi du hasieratik salatu zutela proiektuan ezarritako aldaketak ez zirela «behar bezala aztertu», eta Jaurlaritzak «justifikaziorik gabe» onartu zituela zenbait salbuespen baimenean, eta horrek bide eman ziola «herritarren osasunerako eta ingurumenerako arriskua» sortzeari. Hala, Artolak azpimarratu du «prozesu guztian garden eta zuhur» jokatu duela Bergarako Udalak, «herritarren interes orokorra lehenetsiz».
«Ez da erraza izan: batzuek uste zuten Bergarako Udala ez zela gai izango Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa handi baten aurrean tinko eusteko»
GORKA ARTOLABergarako alkatea
Alkateak helarazi duenez, «ez da erraza izan» Jaurlaritzaren irizpidearen aurka aritu behar izatea: «Batzuek uste zuten Bergarako Udala ez zela gai izango Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa handi baten aurrean tinko eusteko. Baina erakutsi dugu gauzak ondo eginez egoera bere onera ekar daitekeela». Erantsi du «zintzo, legearen barruan eta interes orokorraren defentsan» aritu dela udala.
Halaber, Artola alkateak gaitzetsi egin du «zenbaitek» udalaren jarrera zalantzan jarri izana: «Administrazio honetan beti defendatu dugu udaleko teknikariekin batera egindako lana. Haien profesionaltasuna funtsezkoa izan da, eta zenbait aholkulari aditurekin batera egindako lanak bide eman du Bergararentzat kaltegarriak izan zitezkeen erabakiak baliogabetzeko». Gaineratu du udal gobernuak beti izan duela argi bergararren «interes orokorra lehenetsi» behar zela, «partikularrenaren gainetik».
Aukera berriak
Udalak salatu du Valogreeneren proiektuak azken urteotan «kalte konponezina» eragin duela Larramendiko industrialdean. Denbora eta aukera baliotsuak galdu dira, Artolaren ustez. Hala eta guztiz ere, orain aukera berriak zabaltzen direla nabarmendu du: «Epaia ez dadila soilik iraganari buruzko ondorio izan: etorkizunerako aukera berri bat zabaltzen da. Larramendiko guneari beste ikuspegi batekin begiratu ahal diogu orain, eta bestelako proiektu batzuk garatzeko aukera izan». Eta konpromiso argi bat hartu du: «Gaurtik aurrera, Larramendi Bergarako ehun industrialaren eta garapen sozioekonomikoaren mesedetan jartzen hasiko gara».
BERRIAk egiaztatu duenez, EAEko Auzitegi Nagusiak Valogreeneren ingurumen baimena legez kontrakotzat jotzeko azaldu dituen arrazoietako bat honako hau da: Jaurlaritzaren ingurumen eraginari buruzko adierazpenak ez duela aztertu zein beste kokapen posible egon daitezkeen halako instalazio bat hartzeko. Bestalde, epaian ohartarazi dute proiektuaren jarduera ezin daitekeela mineral industriakotzat jo, eta beste modu batean sailkatu behar dela: papergintza sektorearen hondakinen balorizazio gisa, hain zuzen. Gainera, nabarmendu du Jaurlaritzak ez zuela kontuan hartu Bergarako Udalak eman zuen hirigintza txostena, proiektuaren kontrakoa zena. Epaiaren arabera, gobernuak ezin zion txosten horri ez entzunarena egin.
Horiek horrela, epai horri Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jarri ahal zaio, eta Eusko Jaurlaritzak horretarako 30 eguneko epea izango du. Hala egiten ez badu, sententzia irmo bihurtuko litzateke. Bergarako Udalak errepikatu du «herritarren osasuna, ingurumenaren babesa eta interes orokorra» izango direla beti bere jardunaren ardatz nagusiak: «Ez da erraza izan, baina frogatu dugu herri baten duintasuna eta etorkizuna defendatzeko administrazio txiki batek ere asko egin dezakeela. Eta horixe izan da gure konpromisoa hasieratik».