Valogreene enpresaren ingurumen baimena legez kontrakoa dela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Kareharri materialak ekoizteko planta bati hasiera batean eman zioten baimena baliogabetu zuen Bergarako Udalak, proiektuan aldaketak izan zirela argudiatuta. Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena eman zion, hala ere.

Bergarako Udaleko ordezkaritza bat, Valogreene Paper enpresak Elxen duen planta bat bisitatzen, 2021ean.
Bergarako Udaleko ordezkaritza bat, Valogreene Paper enpresak Elxen duen planta bat bisitatzen, 2021ean. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko maiatzaren 28a
16:53
Entzun 00:00:0000:00:00

Valogreene Paper enpresak Bergaran (Gipuzkoa) planta bat ezartzeko jaso zuen ingurumen baimen integratua baliogabe utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Ondorioz, kareharrizko materialak ekoizteko plantaren proiektuari bidea itxi diote auzitegiek. Bergarako Udalak eman du epaiaren berri, ohar labur baten bidez.

Udalak nabarmendu du auzitegiak arrazoia eman diola, epaiak baieztatu baitu Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Valogreene Paperi eman zion baimena legez kontrakoa dela. Azaldu duenez, epaiak zuzenbidearen kontrakotzat jotzen ditu Eusko Jaurlaritzaren hurrengo bi erabakiak: batetik, proiektuaren ingurumen eraginari buruzko aldeko adierazpena eta ingurumen baimen integratua onartzen zizkion ebazpena, eta, bestetik, ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoak ezesten zituen erabakia.

Jaurlaritzak Valogreene enpresari ingurumen baimena aitortu izanari helegitea aurkeztu zioten Bergarako Udalak, Ekologistak Martxan taldeak eta Bergarako bi bizilagunek. Laurek ireki zuten administrazioarekiko auzi prozesu bat, gobernuak errekurtsoak baztertu ostean, eta auzi horri erantzun dio orain EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak. 

Valogreene enpresaren ingurumen baimen integratua indargabetzeaz gain, epaiak jaso du Eusko Jaurlaritzari dagokiola auziko kostuak ordaintzea. Oharrean, epaia «oso positibotzat» jo du udalak, «zalantzan jarri baititu Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimen bateratua emateko orduan jarraitu dituen prozedurak».

Sententziaren aurkako kasazio helegite bat aurkezteko aukera izango du Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Auzitegi Gorenean. 30 eguneko epea izango du horretarako. Hala egingo ez balu, irmoa izango litzateke epaia.

Aurreratu duenez, Bergarako alkate Gorka Artolak auziaren gaineko balorazio sakonago bat egingo du bihar, prentsa agerraldi batean, gobernu taldeko kideekin eta kasua eraman duen abokatuarekin batera.

BERRIAk egiaztatu duenez, auzitegiak Valogreeneren ingurumen baimena legez kontrakotzat jotzeko azaldu dituen arrazoietako bat honako hau da: Jaurlaritzaren ingurumen eraginari buruzko adierazpenak ez duela aztertu zein beste kokapen posible egon daitezkeen halako instalazio bat hartzeko. Bestalde, epaian ohartarazi dute proiektuaren jarduera ezin daitekeela mineral industriakotzat jo, eta papergintza sektorearen hondakinen balorizazio gisa sailkatu behar dela. Gainera, nabarmendu du Jaurlaritzak ez zuela kontuan hartu Bergarako Udalak eman zuen hirigintza txostena, proiektuaren kontrakoa zena. Epaiaren arabera, gobernuak ezin zion txosten horri ez entzunarena egin.

Proiektuan aldaketak

Valogreenek industriarako karga mineralak modu ekologikoan ekoizteko planta bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zion udalari, 2021eko ekainean. Egitasmoaren txostenak jasotzen zuenez, instalazio horrek paper industriaren hondakinak deuseztatuko zituen pirolisiaren eta errekuntzaren bitartez. Zaldibarko zabortegiaren amiltzeak hondakin horiek kudeatzeko utzi zuen beharra bete nahi zuten modu horretan —zabortegia 2020ko otsailean amildu zen—.

Udalak begi onez ikusi zuen egitasmoa, eta hura garatzeko baimena eman zion enpresari, uztailean. Atzera egin zuen, baina, hilabete gutxira. Bergarako Udalak 2021eko azaroan iragarri zuen bertan behera utzi zuela Valogreene Paper-i behin-behinean eman zion baimena. Gorka Artola alkateak argudiatu zuen enpresak udalari aurkeztu zizkion jarduerak ez zetozela bat ingurumen baimen integratua lortzeko Eusko Jaurlaritzan egin zuen eskariarekin. Beraz, enpresari eskatu zion berriz ere aurkezteko garatu nahi zituen jarduerei buruzko txostena, udalak baimena eman ala ez azter zezan. Enpresak ez zuen bestelako dokumentaziorik aurkeztu udalean, eta Bergarako Udalak 2022ko otsailean ebatzi zuen proiektua ez zetorrela bat herriko hirigintza planarekin.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ingurumen eraginari buruzko aldeko adierazpena eman zion egitasmoari, 2022ko apirilean, eta ingurumen baimen integratua aitortu zion ebazpen berean. Gaur egun Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburu den Amaia Barredok sinatu zuen baimena —Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde zen orduan—. Barredo prebarikazio delitu batekin lotu zezaketen zantzuak ikusi zituen fiskaltzak, Ekologistak Martxan taldearen informazio batzuk aintzat hartuta, baina EAEko Auzitegi Nagusiak auzia artxibatu zuen joan den otsailean, ikerketarik agindu gabe. Gauza bera egin zuen martxoan, Javier Agirre Orcajo Ingurumen zuzendari ohiarekin.

Orain, Auzitegi Nagusiaren azken epaiak bertan behera utzi du Valogreenek proiektuarekin aurrera jarraitzeko behar duen ingurumen baimen integratua, eta, beraz, eten egin du, oraingoz behintzat, kareharrizko materialak ekoizteko plantaren egitasmoa. Halaber, epaiak ezbaian jarri du Eusko Jaurlaritzaren jokabidea, haren ebazpenak zuzenbidearen kontrakotzat jo dituen heinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.