Alokairu kontratuak mugagabeak izatea ahalbidetzen duen dekretua atzera bota du gaur Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrak, eta atzoko greba orokorraren biharramunean, politikariei dagokie orain etxebizitza larrialdiari aurre egin eta milaka herritarren eskariari erantzutea. Hala irizten dio LAB sindikatuak. Sindikatuak ohar batean esan du «alderdi politikoen eta arduradun instituzionalen mahaietara» eramango duela etxebizitza sindikatuek eskatutako eraldaketak.
Erlazionatuta
Diputazio Iraunkorrean eztabaida izan aurretik, LABek jeltzaleei eskatu die iraupen mugagabeko alokairuen dekretuaren alde bozkatzeko. Izan ere, maizterren ziurgabetasun eta zaurgarritasun egoera «arintzeko» balio dezakete neurriok, sindikatuaren ustetan. Argi defendatu du ezinbestean behar direla «egiturazko aldaketa sakonak», eta interpelazio zuzena egin diote: «Ez dago erdibiderik: espekulatzaileen alde, edo maizterren eta euskal langileriaren gehiengoaren alde».
Etsaia etxean
EAJk «etxejabe txikien» alde egiten duela argudiatu arren, errealitatea bestelakoa da LABentzat: «Urte luzez elikatu duen sare errentistaren alde egiten du». Egoera hori salatzeko, seinalatutako sare horrek «bahituta» zeukan etxebizitza turistiko bateko giltzak berreskuratu ditu, «herritarren esku» uzteko.
Azkenaldian turismoak gogor jotako eskualde bizkaitar batean egin du sindikatuak «ekimen sinbolikoa»: Urdaibain. Izan ere, Bermeon etxebizitza turistiko bat dago 73 biztanleko, eta horrek etxeen funtzio soziala «bahiturik» lagatzen duela argudiatu du sindikatuak, bestelako arazoei bide emanez: emantzipazioa ezinezko bilakatzea eta prezioen etengabeko igoera sustatzea. Bada, etxe turistiko horietako batera sartu zen herenegun LAB, haren giltzak bermeotarrei eskaintzeko gaurko egunean.
Etxe horren ugazaba alderdi jeltzalearekin «lotura» duen etxejabe handi bat dela defendatu du sindikatuak, zeinak «70 etxe baino gehiago» kudeatzen dituen. Etxeen negozio izaera arbuiatzeko antolatu du egitasmoa, agerian uzteko EAJk diru publikoz «gizentzen» dituela «onura fiskalak jasotzen dituzten etxejabe handiak». Ekimena amaitutzat eman ostean, etxebizitzaren larrialdia «modu gordinean» bizi duten maizterrentzako «egonkortasuna» aldarrikatu du LABek.