Etxebizitzaren aldeko greba orokorraren biharamunean, eta azaroaren 29ko hauteskundeetarako kanpaina hasteko ordu eskas batzuk falta direnean, etxebizitzaren arloko bi dekretuei buruzko eztabaida hartu du gaur Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrak. Eta, aurreikusi bezala, onetsi egin dute etxegabetzeen aurkako neurriak ezartzen dituen eta alokairuen prezioa mugatzen duen dekretua, baina atzera bota dute kontratuen luzapen automatikoa eta maizterrentzako kalte ordainak aurreikusten dituen neurri sorta.
Diputazio Iraunkorra arduratzen da gobernuaren neurriak bozkatzeaz, Diputatuen Kongresua deseginda dagoelako. Organo horrek 69 kide ditu: PPk 27, PSOEk 25, Voxek sei eta Sumarrek beste sei, eta ERCk, EH Bilduk, JxCek, EAJk eta Podemosek bana dute. Gobernuaren aldeko taldeek, EAJren babesarekin, 35 boto bildu dituzte etxegabetzeen aurkako dekretuaren alde; PPk, Voxek eta JxCk, berriz, 34 aurka. EAJk aurrez iragarri zuen etxegabetzeen aurkako dekretuaren alde egingo zuela, baina alokairu kontratuen luzapenari buruzkoaren kontra bozkatuko zuela, eta hala egin du gaurko bozketan. Hala, jeltzaleak ezezkoen blokera batu dira, eta, PPren, Voxen eta JxCren botoekin batera, kontrako 35 boto bildu dituzte.
Neurri gehienak jasotzen dituen dekretua da gaur onetsi dutena. 21 artikulu ditu, eta etxebizitzaren funtzio soziala babesteko eta bizileku eskuragarrien eskaintza handitzeko hainbat neurri jasotzen ditu. Besteak beste, etxegabetze prozedurak eteteko aukera ezartzen du 2030eko abenduaren 31ra arte, baldin eta etxebizitzan bizi diren pertsonak egoera zaurgarrian baldin badaude eta bizitzeko beste aukerarik ez badute.
Dekretuak bereziki eragiten die etxebizitzen edo finantza erakundeek eta inbertsio funtsek espekulazio helburuz erosten dituzten ordaindu gabeko zor multzoen inguruko kasuei. Etxebizitza horiek merkatuko balioaren oso azpitik erosten dituzten erosleen kasuan, epaileek etxegabetze prozedurak eten ahal izango dituzte 2030era arte. Gainerako jabeen kasuan, etenaldia hiru urtera artekoa izan daiteke, urtean behin egoera berrikusita.
Alokairuen prezioari dagokionez, urteko eguneratzeak %2ra mugatuko dira 2027ko abenduaren 31ra arte, kontratuaren aldeek bestelakorik adostu ezean. Erreferentzia indizeak ezarritako gehieneko errentaren gainetik dauden kontratuetan, berriz, ezingo da prezioa igo.
Dekretuak bi urteko luzapen berezia ere aurreikusten du 2028ko abenduaren 31 baino lehen amaitzen diren alokairu kontratuentzat. Ordainketak egunean dituzten maizterrek eskatu ahal izango dute luzapena, urtebeteko bi alditan banatuta eta aurreko baldintza berberei eutsita. Etxebizitzaren jabeak uko egin ahal izango dio luzapenari, legeak zehaztutako salbuespenetan, esaterako etxea benetan bere bizileku izateko behar badu.
Etxebizitza erosteko laguntzak ere jasotzen ditu testuak. Tu Casa izeneko mekanismoaren bidez, Kredituen Institutu Ofizialak lehen etxebizitza erosteko 50.000 eurorainoko maileguak eskainiko ditu. Horrez gain, 400 milioi euroko gizarte inpaktuko funtsa sortuko dute, gizarte hornitzaileek etxebizitza sustatzeko proiektuak bultzatu ditzaten.  Neurri fiskalak ere badira dekretuan. Besteak beste, ohiko etxebizitzaren alokairuan ordaindutako kopuruaren %10eko kenkaria aurreikusten du, zerga oinarria 33.007,20 eurotik beherakoa duten zergadunentzat.
Isabel Rodriguez Etxebizitza ministroaren arabera, dekretuak maizterrak eta jabe txikiak babestu nahi ditu. «Etxebizitza ez da merkantzia, ezta finantza aktibo bat ere; oinarrizko eskubidea da», adierazi du. Ziurtatu du etxebizitza publikoaren parkea babestuko dutela etorkizunean inbertsio funtsen esku gera ez daitezen.
Ministroak adierazi du atzo egindako greba orokorrak agerian utzi duela etxebizitza eskubidearen aldeko aldarria kalean eta lantokietan dagoela. «Atzo etxebizitza eskubideak irabazi zuen kalean eta lantokietan». Rodriguezen hitzetan, dekretuak maizterrei eta etxebizitza txikien jabeei babesa emango die merkatuaren gehiegikerien aurrean: «Maizterra babestea eta jabe txikiari segurtasuna ematea ez dira kontrajarriak, beharrezkoak dira».
Alokairuak berritzekoa, bertan behera
09:00etan hasi da eztabaida Diputazio Iraunkorrean, alokairuak automatikoki berritzeko dekretuaren eztabaidarekin. Pablo Bustinduy Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren ministroak esan du dekretu horrek bost milioi pertsonari eragingo liekeela, eta maizter bakoitzak urtean 4.341 eurorainoko aurrezkia izan dezakeela. Frantzian, Alemanian eta Vienan antzeko neurriak daudela gogorarazi du, eta alderdiei eskatu die alokairuan bizi direnen interesak lehenesteko.
Hain justu ere, aurrera egin ez duen dekretuak aurreikusten zuen kontratuaren gutxieneko iraupena bete ondoren —bost urte pertsona fisikoen jabeen kasuan, eta zazpi urte pertsona juridikoen kasuan— alokairua automatikoki luzatzea beste bost urtez, edo zazpi urtez jabea enpresa bat bazen. Jabeak kontratua eten nahi bazuen, maizterrari kalte ordaina eman beharko zion, urtebeteko alokairuaren baliokidea. Jabeak gutxienez sei hilabete lehenago jakinarazi beharko zion maizterrari kontratua ez luzatzeko erabakia; maizterraren kasuan, aurre-abisua bi hilabetekoa izatea jasotzen zuen dekretuak.
Neurriak ez dira aski
Goizeko eztabaidan, talde parlamentarioek eutsi egin diete orain arteko jarrerari. Hala, EH Bilduko Oskar Matutek bi dekretuak babestu ditu, baina ohartarazita neurriak ez direla aski etxebizitzaren arazoa konpontzeko: «Larrialdiko dekretu bat da», esan du etxegabetzeen aurkako neurri sortaren inguruan. Haren ustez, dekretu hori «abiapuntu» bat da, baina ez du «helmuga» izan behar.
EAJko Maribel Vaquerok ohartarazi du etxebizitza arazoa konpontzeko ez dela nahikoa arauak egitea, etxebizitza gehiago eraikitzea ere ezinbestekoa dela: «Arautzea eta eraikitzea; ez naiz hori esateaz nekatuko». Vaquerok berretsi du jeltzaleek alokairu kontratuen luzapen automatikoaren aurka egiten dutela uste dutelako hamabi hilabeteko kalte ordaina «neurriz kanpokoa eta gehiegizkoa» dela.
Sumarreko Veronica Barberok dekretua babestu du, baina «gutxienekoen dekretua» dela ohartarazita. Haren ustez, ezinbestekoak dira bestelako neurri batzuk alokairu mugagabeak lortzeko eta espekulazioa errentagarri izateari uzteko.
Josep Maria Cruset JxCko diputatuak, aldiz, bi dekretuen aurka egin du esanez arazoa konpondu beharrean larriagotu egiten dutela. Crusetek «hauteskunde intereseko operazioa» abian jartzea aurpegiratu dio gobernuari, eta ohartarazi du araudiak segurtasun juridikorik eza sortzen duela etxebizitza txikien jabeen artean, ez duela alokairuen ordainketa bermatzen, eta Generalitatearen eskumenak urratzen dituela.
PPko Jose Vicente Marik, berriz, Etxebizitza ministroaren dimisioa eskatu du, eta Voxeko Carlos Querok ohartarazi du neurriekin «alokairuan etxerik aurkitu ezin duen herritarren kasta bat» sortuko dela.