Bernedoko udalekuen inguruko ikerketari lotuta, hamazazpi salaketa erregistratu ditu Ertzaintzak

Bingen Zupiriak adierazi du bertze hiru edo lau familia polizia etxera joan direla, baina ez dutela salaketarik jarri.

 Euskal Udalekuak Bernedon. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Euskal Udalekuak Bernedon. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Isabel Jaurena.
2025eko urriaren 8a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bernedoko (Araba) udalekuei buruzko ikerketari lotuta, hamazazpi salaketa erregistratu dituzte Ertzaintzan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi duenez. Halaber, jakinarazi du bertze hiru edo lau familia ere polizia etxera joan direla, baina horiek ez dutela salaketarik jarri. 

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean eman du Zupiriak datu horien berri, zehaztuta «kontuz» mintzatu behar dela gai horri buruz, adingabeak daudelako tartean. «Badago salaketaren bat sexu erasoen delitu batekin lotura izan dezakeena, eta gainerakoak, gehienak, exhibizionismoari edo derrigortze delituei lotutakoak dira», erran du.

Udalekuen funtzionamenduari buruzko gogoeta ere egin du Zupiriak. Haren erranetan, familiek eskubidea dute jakiteko udalekuan harremanak «nolakoak» izanen diren, baina, aldi berean, gurasoei dagokie aztertzea norat igortzen dituzten seme-alabak. Halere, gehitu du udalekuetako arduradunek familien oniritzia izan behar dutela bertan egiten den ekintza oro egiteko, adingabeak daudelako tartean. Hala, adierazi duenez, salaketak jarri dituzten familiek diote ez zekitela udalekuetako elkarbizitza eredua nolakoa izanen zen.

Jazarpena

Joan den ortziralean ehun haur, gazte eta heldu baino gehiago elkartu ziren Bergaran (Gipuzkoa). Bertan, salatu zuten udalekuei buruzko «gezurrak eta difamazioak etengabeak» direla, eta lintxamendu pertsonalak ere izan direla, sareetan eta kalean. «Horrez gain, hainbat komunikabidek Abaigarren, Bernedon eta Goñin sortutako eragozpenak ere salatu nahi ditugu, herrietako zerbitzuak eta herritarren ohiko jarduna oztopatu eta baldintzatu baitituzte».

Horri buruz ere mintzatu da Zupiria, eta erran lintxamendu horren barruan eraso egin diotela uste dutenek salaketa aurkeztu dezaketela Ertzaintzan. «Nazkatuta nago. Zabor asko dago alde batetik eta bestetik», erran du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.