Euskal Udalekuetako hezitzaileek adierazi dute dutxen funtzionamenduari buruzko salaketak jaso dituztela, eta ez erasoei lotutakoak

Agerraldi jendetsua egin dute Bergaran, eta jasaten ari diren jazarpena salatu dute bertan.

Euskal Udalekuetako hezitzaileen agerraldia gaur, Bergaran. EUSKAL UDALEKUAK
Euskal Udalekuetako hezitzaileen agerraldia gaur, Bergaran. EUSKAL UDALEKUAK
Isabel Jaurena.
Bergara
2025eko urriaren 3a
21:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astebete zen atzo hainbat hedabidek Bernedon (Araba) egiten diren Euskal Udalekuei buruzko salaketen berri eman zutela: bertzeak bertze, dutxa mistoak ezarri eta adingabeak elkarrekin dutxatzera «behartu» zituztela; behar bezala ez zituztela zaindu; begiraleak ere dutxetan sartzen zirela, eta hamabortz egunez familietatik «inkomunikatuta» eduki zituztela. Eta astebete da gaur hezitzaileek hitza hartu eta hori ukatu zutela. Bada, geroztik anitz izan dira sareetan eta kalean udalekuen eta begiraleen kontra zabaldu diren mezuak, eta gaur jazarpen hori salatu dute hezitzaileek. Gainera, nabarmendu dute orain arte beraiek zuzenean jaso dituzten salaketak eta kexak dutxen funtzionamenduari buruzkoak izan direla, eta ez hezitzaileek ustez egindako erasoei lotutakoak.

Bergaran (Gipuzkoa) ehun haur, gazte eta heldu baino gehiago elkartu dira: Euskal Udalekuetako egungo hezitzaileak eta begirale ohiak —familia osoak baziren tartean—. Nabarmendu dute «edozein» eraso «erabat» gaitzesten dutela, eta gaia «dagokion seriotasunez» hartzen dutela: «Protokoloak dauzkagu, lanketa feminista egiten dugu hezitzaileok, eta haurrekin eta gazteekin ere lantzen dugu gaia. Gure artean erasotzailerik balego, jakin egin nahiko genuke, neurriak hartzeko eta, beste ezeren gainetik, erasoa jasan duenaren aldean kokatzeko», adierazi dute.

«Gure artean erasotzailerik balego, jakin egin nahiko genuke, neurriak hartzeko eta, beste ezeren gainetik, erasoa jasan duenaren aldean kokatzeko»

EUSKAL UDALEKUETAKO BEGIRALEAK

Udalekuei buruzko «gezurrak eta difamazioak etengabeak» direla azaldu dute, eta lintxamendu pertsonalera iritsi direla, sareetan eta kalean. «Horrez gain, hainbat komunikabidek Abaigarren, Bernedon eta Goñin sortutako eragozpenak ere salatu nahi ditugu, herrietako zerbitzuak eta herritarren ohiko jarduna oztopatu eta baldintzatu baitituzte», erran dute.

Halaber, argi utzi dute zuzenean jaso dituzten salaketak eta kexak dutxen funtzionamenduari buruzkoak izan direla; hau da, ez dute hezitzaileen aldetik egindako «eraso salaketarik» jaso. 

Onartu dute udalekuetako elkarbizitza espazioek «deserosotasuna» sortzen dutela, baina nabarmendu egoera horiek «ahalik eta ondoen zaintzen» saiatzen direla. «Deserosotasuna aintzat hartuta, gure ereduaren etengabeko lanketan eta barne hausnarketan jarraituko dugu», adierazi dute.

Esan dute jazarriak izan direla, baina nabarmendu dute babes mezu eta keinu ugari ere jasotzen ari direla, eta horiei guztiei erran diete «proiektua bizirik mantentzeko indarra eta oinarria» eman dietela. Indar horrekin erantzun diete bertaratu diren guztiek ere: txalo eta babes keinuak izan baitira nagusi agerraldian, hasi eta buka. 

Ez da aste honetako lehenbiziko babes erakustaldia. Izan ere, Euskal Udalekuetan egon diren haur eta gazteen 137 gurasok gutun bat argitaratu zuten asteazkenean BERRIAn, eta Bernedoko begiraleei babes osoa adierazi zieten bertan: «Guztiz gaitzesten ditugu hezitzaileak jasaten ari zareten jazarpena eta sare sozialen bidez, publikoki zein maila pribatuan egin zaizkizuen akusazioak eta mehatxuak. Aldi berean, arbuiatzen dugu hainbat hedabidek, publikoak barne, aukera baliatu izana egoera magnifikatzeko eta distortsionatzeko eta zuen lana kriminalizatzeko».

Testigantzak

Udalekuetan egon ziren adingabe batzuen gurasoen testigantzak izan ziren guztiaren abiapuntua; beren seme-alabak dutxa mistoak erabiltzera behartu izana salatu zuten, hain zuzen. Haietako baten arabera, «inork» ez zien deus ere erran dutxa mistoei buruz: «Nesketako batzuk traumatizatu egin dituzte. Bakarren batek arreta psikologikoa jaso behar izan du, eta beste batzuek ez dute udalekuen inguruko ezer jakin nahi». Kontrara mintzatu ziren hezitzaileak joan den astean, eta nabarmendu dutxa mistoena ez dela «haurrengandik eta gazteengandik bereizita dagoen proposamen bat»: «Egoera berariaz azaltzen zaie, eta horri buruz hausnartzeko baliabideak eskaintzen zaizkie. Gure helburu nagusia eremu hezitzaile eta seguru bat sortzea den heinean, haien zalantzak eta kezkak entzuteko eta lantzeko denbora hartzen dugu».

Halaber, salatu zuten dutxa mistoen harira gorroto mezuak zabaldu direla, eta bide publiko eta pribatuetatik eraso transfoboak jasan behar izan dituztela. Hori ikusirik, ezinbertzekotzat jo zuten esplikatzea Euskal Udalekuetako hezkuntza proiektuak, orokorrean, balio transfeministak dituela oinarri, eta «identitate eta gorputz guztientzako gune seguruak sortzea» duela helburu. 

Ertzaintzak hamabi salaketa jaso ditu

Bernedon (Araba) egiten diren Euskal Udalekuei buruzko ikerketa judiziala martxan jarri dute asteon, eta Ertzaintzak hamabi salaketa jaso ditu dagoeneko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erran duenez. «Sexu askatasunaren kontrako» ekintzengatik dira guztiak, iturri horrek berak adierazi duenez. Hain zuzen, udaberrian iritsi zen Ertzaintzaren atestatua Gasteizko epaitegira, baina joan den asteko ortzegunean agindu zuen epaileak prozedura aurretiazko eginbidea irekitzea.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.