BERRIA eta AEK eskuz esku arituko dira lanean 24. Korrikan

24. Korrikari begira, elkarlanerako akordioa izenpetu dute. BERRIAko bi kidek Korrikaren berri bertatik bertara emango dute une oro, eta 'Mantangorri'-k ere kontakizun berezia egingo du.

Korrikaren eta BERRIAren ordezkariak, gaur goizean, BERRIAren Andoaingo egoitzan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Korrikaren eta BERRIAren ordezkariak, gaur goizean, BERRIAren Andoaingo egoitzan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko azaroaren 18a
15:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

«BERRIAk eta Korrikak marrazten dute euskararen kartografia, euskararen mapa, Euskal Herri osoarena». Eta marraztu ez ezik, hauspotu ere egiten dute. Euskara bera. Eta, horrekin batera, mundu oso bat: «Euskara gara da Korrikaren leloa. Euskara da kolektiboa, zubia, kohesioa, herri baten arnasa. Orain, hizkuntzak bizi duen larrialdi egoera honetan, arnasestuan ibiltzetik arnasberritze fase batera eraman behar dugu euskara, hizkuntza politika sendo eta berrien bidez, herritarren aktibazioaren bidez... Eta Korrikak ematen digu aukera arnasberritze hori irudikatzeko». Hori horrela, BERRIAko marketin arduradun Ainara Lasak iragarri duenez, BERRIA eta AEK elkarlanean arituko dira datorren martxoko Korrikari begira; gaur sinatu dute horretarako akordioa, BERRIAren Andoaingo egoitzan.

Hain zuzen, Lasaren hitzetan, BERRIAk Korrikaren «kontakizun berezia» egingo du: «BERRIAk bere baliabide guztiak jarriko ditu Korrikaren kontakizun berezia egiteko, multimedia, hainbat euskarriren bidezkoa». Horretarako, BERRIAko kazetari bat eta ikus-entzunezko taldeko kide bat Korrikako prentsa taldera joango dira, Korrika hamaika egunez eta hamar gauez bertatik bertara kontatzeko. Gainera, haurrentzako Mantangorri gehigarriak ere kontakizun berezia egingo du euskararen aldeko egitasmo horren inguruan, transmisioari aparteko arreta jarrita, eta, horretarako, BERRIAko beste kazetari bat joango da Korrikara egunen batean.

Gainera, elkarlanak beste fruitu batzuk ere emango ditu. Esaterako, Korrika laguntzaileek zenbait abantaila izango dituzte: BERRIAren asteburuko harpidetza eskuratu ahal izango dute sei hilabeterako, 55 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.