Berrikuntza eremu

Euskararen eta euskal kulturaren alorrean berrikuntza eremu gisa Martin Ugalde kultur parkeak duen lekua aztertu dute bi ikertzailek. Hizkuntza gutxituei buruzko saio batean emango dute horren berri gaur, Eskozian.

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Proposamen berritzailea ote zen nahi zuten aztertu. Euskarazko kultur industriaren barruan zenbateraino zen berri Martin Ugalde kultur parkearen jarduna (Andoain, Gipuzkoa). «Berrikuntza sozialaren ikuspegitik egin nahi izan dugu azterketa; alegia, bi osagai uztartuta: enpresa ekimenaren antolaketa zenbaiteraino den berritzailea eta zenbaterainoko izaera soziala duten». Helena Francok eman du azterlanaren berri; Enekoitz Etxezarretarekin batera ari da lanean, ez baitute oraindik amaitutzat eman. EHUko irakasleak dira biak, ekonomian adituak. Gaur Glasgown (Eskozia) aurkeztuko dituzte lehenbiziko emaitzak.

Hizkuntza gutxituei buruzko saio bat dute gaur Glasgowko Unibertsitatean. Hizkuntza gutxituak eta ekonomia: Gaelikoaren kasua du izenburu. Hizkuntza horri buruzko hitzaldiekin batera euskarari buruzkoa izango da.

Ekonomiaren alorrean aritzen dira beharrean Franco eta Etxezarreta, baina kultur parkeko enpresen izaera berezia aztertu dute lanean: «Izaera soziala dute: hizkuntza gutxitu bat sustatzeagatik eta duten jatorri komunitarioagatik; herritik bertatik sortutako ekimenak dira, eta, ondorioz, ez dira enpresa pribatu tipikoak, ezta erakunde publikoak ere».

Azterketa egin dute, oinarri teorikoekin batera Martin Ugalden lanean ari diren enpresekin eta bestelakoekin harremanetan jarrita. BERRIA hartu dute erreferentzia gisara. Elkarrizketak egin dituzte parkeko arduradunekin, eta inkestak banatu dituzte.

Ikerketa ildo baterako bidea zabaldu dute lehen urrats horretatik, Francok azaldu duenez: «BERRIA eta haren inguruan garatzen ari diren hedapen estrategiak aztertuta, uste dugu badagoela tokia proiektu horiek guztiak berrikuntza sozialaren ikuspegitik aztertzeko. Aglomerazioen garrantziaz eta espazio berritzaileei buruz mintzo diren teoriekin uztargarri dira». Eta hori gizartearen ikuspegiarekin lotu dute, aurrerapenerako bide izateko: «Hor badago sakontzeko ikerketa ildo bat, eta hori egin behar dugu euskal kultur produkzioaren eta euskalgintzaren garapenerako ondorioak atera ahal izan ditzagun». Ildo hori eta beste batzuk aztertzen segitu nahi dute aurrerantzean.

Gaurko hitzaldiarekin, Martin Ugalde kultur parkearen berri zabaldu nahi dute nazioartean, kasu berezia baita: «Hizkuntza gutxituetan ez dugu aurkitu kultur parke batean edo gisakoetan kontzentratutako kultur industriarik. Berritzailea da». Bidenabar, kanpoko berri ere jasoko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.