Beste bost urtez EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea izan nahi du Iñaki Subijanak. Demokraziaren Aldeko Epaileak elkarteko bazkideak, ordea, Aner Uriarte Epaileen Elkarte Profesionaleko kidea izango du aurkari, berriz ere hautatua izateko bozketan. Azken horrek bere hautagaitza aurkeztu dio Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagoeneko, martitzenean amaitzen baitzen horretarako epea. Erakunde horretako osoko bilkurak aukeratuko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, datozen bost urteetarako.
Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoa da gaur egun. Hain zuzen, hirugarren legegintzaldia du kargu horretan, 2014an izendatu ostean, 2018an eta 2023an berriz hautatu baitzuten. Durangoko epaitegietan hasi zuen ibilbide profesionala, 2002an. Magistratu izendatu zuten 2005ean, eta Bilboko epaitegira aldatu. Eta 2014an, Bilboko Dekanotzako buru izendatu zuten.
Bestalde, Subijanak bost urte daramatza EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentetzan, 2021eko apirilaren 29an hartu baitzuen kargua.
1992 eta 1995 bitartean, Cadizko Auzitegian aritu zen (Espainia), eta gero Donostiako epaitegian hasi zen lanean. 2001ean Gipuzkoako Auzitegiko magistratu bilakatu zen, eta 2010ean izendatu zuten presidente.
Zigor Zuzenbideko doktore izendatu zuten EHUn, eta esparru horretan irakasle ere izan da. 2002 eta 2009 bitartean Uruguain, Guatemalan, Hondurasen eta El Salvadorren izan zen Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aholkularitza lanetan.