Bertan behera geratu da ikastetxe erlijiosoetako langileen greba

Aurreakordioa lortu dute bart ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Kristau Eskola eta IZEA patronalekin. Besteak beste, %16ko soldata igoera adostu dute.

Itunpeko ikastetxeetako langileak.
Itunpeko ikastetxeetako langileen protesta bat Gasteizen, iazko abenduan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maite Asensio Lozano - Arantxa Elizegi Egilegor
2024ko otsailaren 6a
13:05
Entzun

Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako langileak gaur ziren grebara itzultzekoak bost egunerako, baina, azkenean, bertan behera utzi dute lanuzte deialdia. Atzo arratsaldean LHK Lan Harremanen Kontseiluan bildu ziren langileen eta patronalen ordezkariak, eta, ordu askoren ondoren, akordio bat lortu zuten. 2022ko maiatzetik ari ziren lan hitzarmen berria negoziatzen, eta ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuak iazko apirilean hasi ziren mobilizazioekin. Aurreakordioa LAB ez beste sindikatu guztiek sinatu dute; azken horrek, baina, grebak bertan behera uztea babestu badu ere, nabarmendu du ez datorrela bat hitzarmenarekin, ez duelako jasotzen soldatak sektore publikoko langileenekin parekatzea. Hala, LABek iragarri du militanteei egingo diela kontsulta erabakia hartu baino lehen.

Zabaldutako informazioaren arabera, %16ko soldata igoera izango dute langileek —KPItik gorakoa—, finantzaketa publikoaren mugarik gabe. Horrez gain, irakasleen jardunaldiak gutxienez ordubete murriztuko dira etapa guztietan irakasle bakoitzeko, eta gutxienez beste ordu osagarri bat ere izango dute irakasleek. Haur Hezkuntzan, berriz, urtean hogei orduko lanaldi murrizketa izango dute irakasleek, eta 38 ordukoa, berriz, laguntzaileek. Hezkuntza laguntzaile espezialistek ere ordu osagarri gehiago izango dituzte: hiru gehiago lanaldi osoan daudenek, eta bi lanaldi erdiarekin daudenek.

Lanbide Heziketan, beste irakasle bat jarriko dute hemeretzi ikasletik gorako praktika eskoletan, hau da, bi egongo dira orain, eta, lantokiko praktikei dagokienez, ordu gehiago jarriko dituzte, ikasleen jarraipena egin ahal izateko. Akordioaren arabera, patronalak konpromisoa hartu du arrisku psikosozialei buruzko azterketak, berdintasun planak eta euskara plangintzak egiteko eskola guztietan.

Sektorean ELAk du gehiengoa, %58ko ordezkaritzarekin. Sindikatu horretako kideek batzarra egin dute ELAren Bilboko egoitzan, eta akordioa berretsi dute han. Batzarra amaitutakoan, kalera jo dute, eta han xanpain botilak zabaldu dituzte, akordioa ospatzeko.

ELAren Hezkuntza arloko arduradun Miren Zubizarretak esan du «zoriontzeko modukoa» dela albistea: «Akordio on bat lortu dugu, eta hori berri ona da langileentzat, ikasleentzat eta hezkuntza komunitate osoarentzat». Nabarmendu du akordioak sindikatuen hiru eskakizun nagusiak jasotzen dituela: erosahalmena bermatzea, lan zama arintzea eta lanpostuei eustea. «Akorduak onurak ekarriko dizkie langileei, eta bereziki sektore feminizatuetan aritzen direnei».

Hala ere, prozesuaren «alde tamalgarria» ere aipatu du Zubizarretak: «Behin eta berriro behartzen gaituzte prozesu hau errepikatzera eta mobilizazio dinamika astunak abian jartzera. Aurreko negoziazio prozesuan ere berdin gertatu zen. Akordio honek jasotzen dituen edukiak duela urtebete egon izan balira mahai gainean, akordioa duela urtebete hitzartuko zen».

Aurrez, ostiralean bildu ziren azkenekoz patronalak eta sindikatuak, baina ez zuten adostasunik erdietsi. Bilera bukatu berritan, Kristau Eskolako zuzendari nagusi Maria Eugenia Iparragirrek ziurtatu zuen «anbizio handiko proposamena» egin zutela: eskola erlijiosoetako langileen soldatak ikastetxe publikoetako langileen soldaten parekoak izatea. ELAk, ordea, soldaten KPIaren araberako igoera bermatu nahi zuen, eta ez «daitezela lotuta egon finantzaketa publikora».

Langileen lan baldintzak sektore publikoko langileenekin parekatzea izan da eztabaidagai egon den beste eskakizun bat, eta, hain zuzen, hori jaso ez izana argudiatu du LABek akordioarekin bat ez egiteko. Zubizarretaren ustez, parekatze hori soldatetara mugatzeak ez luke benetako parekatzerik ekarriko, eta, horregatik, KPIaren araberako soldata igoerak eskatzea lehenetsi dute negoziazioan: «Hori da langileen baldintzak hobetzeko benetako bermea». Gainera, langileen baldintzen homologazioa ontzat ematea «negoziazioa edukiz hustea» eta «esparru honetako negoziazioa beste esparru baten pentzudan uztea» litzateke.

LAB ez da iritzi horretakoa. Irakaskuntza arloko arduradun Irati Tobarrek gogorarazi du lan baldintzen parekatzea jasota zegoela sindikatuak eta Hezkuntza Sailak ekainaren 1ean sinatutako akordioan, eta urtarrilean horren inguruan eztabaidatu zutela negoziazio mahaian: «Orain, gainerako sindikatuek erabaki dute aldarrikapen hau baztertzea».

Sindikatuak ontzat jo ditu akordioan agertzen diren edukiak, hala nola lanpostuei eusteko prozedura bat abian jartzea eta lan zama arintzeko neurriak, eta horietako batzuk LABek Hezkuntza Sailarekin sinatutako hitzarmenaren ondoriozkoak direla deritzo, baina ez du egoki ikusten parekatzearen aldarrikapena baztertu izana: «Hezkuntza Lege berria indarrean da jadanik, eta, horrek finkatzen duen testuinguru berrian, soldatak arlo publikoko langileen soldatekin parekatzeko aldarrikatzea funtsezkoa da». Tobarrek dioenez, parekatzea onartuz gero, soldaten igoera %18-20koa izango zatekeen: «Ez dugu ulertzen horri uko egin izana, lortzeko aukera mahai gainean egonda». Bihar eta etzi LABek bilerak egingo ditu sindikatuko oinarriekin, egoera aztertzeko.

Steilasek «lorpen handitzat» jo du akordioa erdietsi izana, eta nabarmendu du «grebalariek egindako presioari esker» eta «bide luze bezain gogor» baten ondorioz iritsi dela hitzarmena: «Gure aldarrikapenak zilegizkoak eta neurrizkoak ziren, eta patronalek azkenean onartu behar izan dituzte. Grebalariek erakutsitako adore, kemen eta batasuna eredugarriak izan dira». Patronalaren «arduragabekeria» ere salatu dute: «Ez da bidezkoa hamalau greba egun egin behar izatea patronalak gatazka luzatzeko estrategiatik aterarazteko».

Gurasoen eskaria

Tentsio handiko garai batean iritsi da akordioa. Izan ere, Kristau Eskoletako eta IZEAko ikastetxeetako guraso elkarte gehienek ohar bat kaleratu zuten atzo bertan; han eskatu zuten grebak «berehala» bertan behera uzteko, beren seme-alabek «gatazka politiko bateko bahituak» direlakoan. Iazko urte amaieran, sindikatuek lanuzteak eta mobilizazioak egin zituzten bost egunez; urtarrilean beste bost greba egun izan zituzten, eta oraingoan ere beste bost egunez ziren lanuzteak egitekoak.

Eskakizun nagusiak beteta ere, ordea, negoziazioak ez dira amaitu. Datozen hilabeteetan, neurri berriak negoziatu eta adostuko dituzte kategoria berrietako lanpostuak sortzeko. Neurri horiek helburu izango dute hizkuntza gaitasuna eta euskara indartzea, premia bereziak dituzten ikasleentzako arreta hobetzea, hezkuntza berrikuntzan sakontzea, kudeaketa hobetzea eta lan kargak murriztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.