Santurtzin, Karmele Tubilla jeltzaleak alkatetza utzi du, udaltzain izateko azterketen auziagatik, eta EH Bildu ahaleginduko da aginte makila hartzen. Getxon, Amaia Agirre alkatea ez dago kargua uzteko prest, gobernu taldeko hiru zinegotzi Irurak Bat jauregia eraistegatik auzipetuta egon arren. Nahia Sanz (1990, Zalla, Bizkaia) Bizkaiko EH Bilduko arduradun politikoaren arabera, «agortuta» dago EAJk duen gobernatzeko eredua, eta horren ondorioa da bi herri horietan gertatutakoa.
Erlazionatuta
Getxon eta Santurtzin gertatutakoa salbuespena baino ez da?
Ez da kasualitatea, kausalitatea baizik. Getxoko eta Santurtziko auziek argi adierazten dute gobernantza eredu horrek [EAJrenak] agortze zantzuak dituela. EH Bildu kezkatuta dago kasu hauekin, uste baitugu testuinguru honetan inoiz baino garrantzitsuagoa dela erakundeen zintzotasuna eta zilegitasuna babestea. Bestalde, zuhurtziaz jokatzea eskatzen du egoera honek. Gainera, Getxokoa epaitegietan dago, eta noiz argituko zain gaude. Edonola ere, zorroztasunez jokatzen jarraituko dugu.
Getxoko Irurak Bat jauregiaren eraisketak ze ondorio izan ditu?
Hasieratik ikusi genuen zantzu nahiko zeudela gauzak txarto egin zituztela pentsatzeko, eta azalpenak eskatu genizkien udalari eta alkateari. Auzia fiskaltzara eramateko ere eskatu genien, baina hori ere EH Bilduk egin behar izan zuen. Horren ondotik miatu zituen Ertzaintzak udal bulegoak, eta hiru zinegotzi eta hainbat udal langile inputatu. Ondorio politikoak ere izan ditu horrek guztiak.
Hiru zinegotzi horiek kargugabetu izana ez da nahikoa?
Denbora honetan guztian, alkatea oztopoak jartzen ibili da: ez du gardentasunez jokatu, eta ez ditu hartu egoera argitzeko hartu behar zituen neurriak. Zilegitasun osoa galdu du udalaren buru jarraitzeko.
Oposizioak eskatu arren, Amaia Agirrek ez du dimititu. Zentsura mozio bat aurkezteko aukerarik badago?
Aukerarik ez dago; proposamenak ez du adostasun nahikoa. Legealdia bukatu artean, alderdi politiko guztiok udala kudeatzeko batzorde bat osatzeko eskatu zuen EH Bilduk. [Ez zuten onartu]. Ez dugu aurreikusten bestelako ekimen instituzionalik aurkeztea. Hala ere, horrek ez du esan nahi adi egongo ez garenik.
«Testuinguru honetan inoiz baino garrantzitsuagoa da erakundeen zintzotasuna eta zilegitasuna babestea. Zorroztasunez jokatzen jarraituko dugu»
NAHIA SANZ Bizkaiko EH Bilduko arduradun politikoa
Jauregia zegoen orubean luxuzko etxebizitzak eraikitzeko proiektua aurrera doa, ezta?
Orain gutxi jakin dugu baimena eman dutela. Hori dela eta, zentzuz jokatzeko eskatzen diogu udalari, eta baimen hori bertan behera uzteko, hau guztia argitzen den bitartean behintzat. Irudi oso kaskarra ematen ari dira herritarren aurrean, inpunitate osoz jokatzen ari direla ematen baitu.
Segurtasun zinegotziak ez ezik, Karmele Tubilla alkateak ere dimititu egin du Santurtzin. Zergatik han bai?
Egoera ez da berbera. Arrazoi osoz, zera esaten dute Santurtziko EH Bilduko kideek: «Bi dimisio egon dira, baina inolako azalpenik ez». Oraindik ez dakigu zehazki zer gertatu den, prentsaren bidez izan baitugu auziaren berri. Bitartean, kontraesanean dabiltza [arduradun politikoak] azken aste hauetan, udalaren eta santurtziarren kaltetan. Guk, ordea, pauso bat aurrera eman dugu: badago beste gehiengo batzuk osatzeko aukera udal horretan, eta EH Bilduk ahalbidetu dezake aldaketa hori.
Aurkeztu duzue zuen proposamena. Santurtziko EH Bilduri aginte makila hartzen utziko dio PSE-EEk?
Santurtziko PSE-EEko zinegotziek gauza bat esan dute, eta haien buruek beste bat. Argiago hitz egitea merezi dute santurtziarrek. EH Bilduk egin beharrekoa egin du. Gu prest agertu gara Santurtzik behar duen aldaketa ahalbidetzeko, eta, horretarako, elkarrizketak abiatu ditugu oposizioko gainontzeko alderdi politikoekin. PSE-EEko zinegotziei dagokie orain zer nahi duten erabakitzea: gobernu alternatibo bat ahalbidetzen ez badute, haiek eman beharko dizkiete azalpenak santurtziarrei.
Gernika-Lumon aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa erdietsi duzue. EH Bilduk duen gobernantza ereduaren adibidetzat har daiteke?
EH Bilduk irabazi zituen udal hauteskundeak Gernikan. EAJk eta Jose Maria Gorroñoren [Guztiontzako Herria] plataformak, ordea, hitzarmena egin zuten. Orduan salatu genuen akordio horren helburua EH Bilduri gobernatzen ez uztea zela, eta denborarekin argi geratu da. Bitartean, udalaren blokeoa, gobernurik eza eta egoera lotsagarriak nagusi izan dira Gernikako Udalean. EH Bilduk argi eta garbi esan du beti: beste alderdiekin ados jartzeko prest gaude, betiere herritarrei mesede egiten badiete akordio horiek. Gernikako Udalaren kasuan, uste genuen arduraz jokatu behar genuela, egoera desblokeatzeko.
«Herritarrak ez dira inozoak: egoera zein den eta ondorioak ateratzen badakite. Horren arabera erabakiko dute botoa nori eman eta nori ez»
NAHIA SANZ Bizkaiko EH Bilduko arduradun politikoa
Gernikako Udalaren egoera desblokeatzeko, EAJrekin ere hitz egin zenuten 2023ko abenduan, ezta?
EAJrekin hitz egiten ibili ginen, baina haiek Urdaibaiko Guggenheim proiektua hobetsi zuten. Gobernatzeko eredu desberdinak ditugu: haiek gobernatzen ez uztea, aldaketa ez ahalbidetzea, itxikeria eta beste gauza batzuk inposatzea lehenesten dute. Aitzitik, EH Bilduk elkarrizketa eta desberdinen arteko akordioak sustatzen ditu; eta beti-beti helburuak argi.
Politikan, lokatzetan ibiltzea atsegina da?
Honetaz guztiaz hitz egin beharrean, gustatuko litzaiguke beste gai batzuei buruz eztabaidatu ahal izatea: etxebizitza politikaz, euskaraz eta beste kontu batzuez. EH Bilduk kudeaketa garden eta zintzo baten alde egiten du beti, garai hauetan inoiz baino garrantzitsuagoa baita.
EH Bilduren gobernantza eredua izango da larunbatean Burlatan (Nafarroa) egingo duzuen Konferentzia Munizipalistaren ardatza?
Oso kondo dakigu trantsizio handien garai batean bizi garela, eta tokiko erakundeek herritarren beharrei erantzun behar dietela. Konferentzia Munizipalistan garrantzi berezia izango du etxebizitzaren gaiak, herritarren kezka nagusia baita.
Batzuen eta besteen jokabideek eragina izango dute 2027ko udal eta foru hauteskundeen emaitzetan?
Jendearen iritzia gutxiesteko joera dago, eta hori ez da zuzena. Herritarrek badakite zer gertatzen ari den. Ez dira inozoak: egoera zein den eta ondorioak ateratzen badakite. Horren arabera erabakiko dute botoa nori eman eta nori ez.