Getxoko alkateak ez du dimisioa emateko asmorik

Elkarrekin-ek mozioa aurkeztu zuen haren dimisioa eskatzeko, eta aurrera atera da, PPk eta EH Bilduk alde bozkatuta. Amaia Agirre jeltzaleak adierazi du Getxoko Udalaren buru jarraituko duela dimisioa emateko eskaera aurrera aterata ere.

Amaia Agirre Getxoko alkatea, ezkerrean, gaurko osoko bilkuran. ARITZ LOIOLA / FOKU
Amaia Agirre Getxoko alkatea, ezkerrean, gaurko osoko bilkuran. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Getxo
2026ko urtarrilaren 29a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohiz kanpoko arreta mediatikoa piztu du Getxoko (Bizkaia) gaurko udalbatzarrak, oposizio guztiak Amaia Agirre alkatearen dimisioa eskatua baitzuen Irurak Bat jauregia eraisteari buruzko auziaren harira. Bada, Agirrek hitza hartu du bilkuran, eta aukera hori baztertu: «Zarata sortu nahi dutenengandik aldenduta, nire erantzukizuna da Getxo gobernatzen jarraitzea, irmo eta zintzo». Udalbatzak gaur onartu du Irurak Bat jauregia eraisketagatik auzipetutako EAJko hiru zinegotziak kargutik kentzea.

Irurak Bat jauregia Getxoko ondare historikoaren parte zen, eta 2024ko abuztuan eraitsi zuten, luxuzko etxebizitzak egiteko. Biurban etxebizitza kooperatibak eraitsi zuen, eta bertako bazkide ziren EAJren bederatzi zinegotzietatik bi. Getxoko II. Instrukzio auzitegiak auzi horrekin lotuta hamar pertsona inputatu ostean —tartean EAJko hiru zinegotzi horiek— etorri dira dimisio eskaerak.

Agirreri babesa emateko, mukuru zen udalbatzar aretoan egon dira EAJren ordezkari esanguratsuak, hala nola, Iñaki Zarraoa eta Imanol Landa alkate ohiak, eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi izandakoa.

PPk eta Elkarrekin-ek mozio bana aurkeztu dute gaurko osoko bilkuran, alkateari eskatzeko dimisioa eman dezala Irurak Bat jauregiaren auziko kudeaketa «eskasagatik». Hain zuzen, PPren proposamen hori eztabaidatzen ari zirela eman du Agirrek bere erabakiaren berri.

Oposizioko taldeen, hau da, PPren, EH Bilduren eta Elkarrekin-en artean dauden desadostasunak ere agerian gelditu dira eztabaida horretan. Besteak beste, azken biek popularrei egotzi diete EAJren eta PSE-EEren udal gobernuaren «makulu» izatea, udal aurrekontuak babestu zituztela eta. Horretaz gain, HAPO hiri antolaketa plan orokor berria babestu izana aurpegiratu diete. PPren mozioa bozkatu dute aurrena, eta aldeko zazpi boto izan ditu; PPrenak berarenak eta Elkarrekin-enak; hamabost zinegotzik eman dute kontrako botoa; EAJkoek, EH Bildukoek eta PSE-EEkoek. Hortaz, PPren mozioa baztertu egin dute.

EH Bilduk mozioa aurkeztu du udala kudeatuko duen batzorde berezi bat sortzea eskatzeko, eta hori ere baztertu egin dute gainerako taldeek; Elkarrekin abstenitu egin da.

Elkarrekin-ek beste mozio bat aurkeztu du alkatearen dimisioa eskatzeko. Mozio hori aurrera atera da, EH Bilduk eta PPk alde bozkatuta. EAJk bederatzi zinegotzi ditu —gaur sei zeuden, dimisioa eman dutenen ordezkoek oraindik ez dutelako kargua hartu—, eta PSE-EEren hiru zinegotzirekin osatzen dute udal gobernua. EH Bilduk eta PPk seina zinegotzi dituzte, eta Elkarrekin-ek bat. Horrenbestez, udalbatzaren gehiengoak eskatu du alkatearen dimisioa.

«Egonkortasuna»

Carmen Diaz Getxoko PSE-EEko eledunak ez ditu babestu Amaia Agirre alkateak dimisioa eman zezala eskatzeko mozioak. Irurak Bat jauregiaren harira gertatuko guztia ikusita, udal gobernuan dagoen alderdiak izkin egin die ardura guztiei. Esan du PSE-EEk ez duela hirigintza saila kudeatu, ez duela inolako kooperatiban parte hartu eta ez duela inolako interes pribaturik izan auzi honetan. Gaineratu du PSE-EEk Irurak Bat berritzeko baimena ematen zion lizentzia eman zuela: «Gero, kooperatibak baimen hori urratu zuen, eta eraikina eraitsi zuen horretarako baimenik gabe», esan du Diazek.

Irurak Bat jauregia eraistea «oso larria» izan zela gehitu du, eta errespetua eskatu du ikerketa judizialarekiko. Halaber, gertatu dena argitzeko erraztasunak emateko eskatu die erakundeei.

Getxoko PSE-EEren ustez, zenbait zinegotzik dimisioa eman izanak erakusten du «ezinbesteko neurri politikoak» hartu dituztela dagoeneko. Gainera, mozioak lotesleak ez direla jakinda, udal gobernua ordezkatzeko «legezko tresna koherentea da zentsura mozio bat aurkeztea, egonkortasuna bermatzeko», PSE-EEk adierazi duenez.

«Jarduneko alkatea»

Oposizioko alderdiek udalbatzarra bukatutakoan egin dute Agirrek hartutako erabakiaren balorazioa. Eduardo Andrade Getxoko PPko bozeramaileak zera adierazi du: «Gaur herriak kargugabetu du alkatea. Getxoko Udalbatzak jarri zuen agintean, eta gaur udalbatza horrek kendu du». Are gehiago, hemendik aurrera EAJkoa «jarduneko alkatea» dela gehitu du.

Mikel Bildosola EH Bilduko eledunak gaitzetsi du tokiko gobernuak ezezkoa eman izana udala kudeatzeko batzordea eratzeko proposamenari: «Gobernatzeko eredua da arazoa. Berriro ere argi utzi dute ez dutela arazo hau konpondu nahi, ezta herri honek dauzkan premiei erantzun nahi ere».

Azkenik, hartutako erabakia berriz pentsatzeko eskatu dio Xabier Benito Elkarrekin-eko bozeramaileak alkateari: «Horrela bakarrik gaindituko dugu udal honek bizi duen blokeoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.