«Garaipen gazi-gozoa» lortu du Donostiako Saretxe etxebizitza sindikatuak Joucefen kasuan: Azora putre funtsak abiatutako etxegabetze prozesua ez dute geldiarazi, baina beste bizitoki bat erdietsi dute gizonarentzat. Kasu honetan, gainera, etxea edukitzeak esan nahi du osasun arreta ere jaso ahal izango duela: biriketako eritasun larri bat du Joucefek, eta transplante baten zain dago, baina bizitokirik eduki ezean ezin zioten halako ebakuntzarik egin. «Joucefentzako etxebizitza alternatiba bat eskuratu dugu; horri esker, berebizikoa duen birika transplantea egin ahal izango diote», jakinarazi du sindikatuak ohar bidez.
Dena den, erakunde publikoen jarrera gaitzetsi du taldeak: «Lotsagarria da pertsona baten bizitza arriskuan egon behar izatea udalak eta gizarte zerbitzuek esku har dezaten». Eta udalari leporatu dio Joucefi baino lehenago hedabideei jakinaraztea beste bizitoki bat bazutela harentzat: «Horrek agerian uzten du udalaren lehentasuna komunikabideen aurrean itxura ona mantentzea dela, herritarrak zaindu beharrean».
Edonola ere, beste etxe bat lortu izanak berresten du «antolakuntza eta borroka eraginkorrak» direla, sindikatuaren arabera. Baina ohartarazi du Azoraren jabetzako eraikinetan borroka ez dela amaitu; besteak beste, familia batek abenduan etxetik alde egiteko agindua jaso du, bertan adingabeak bizi diren arren.