Abuztuan salmonellosi kasu batek 29 pertsonari kalte egin zien Eibarren (Gipuzkoa). Hilaren 8an izan zen, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak adierazi zuen Aragoiko (Espainia) haztegi bateko arrautzen kontsumoagatik piztu zela kasua. Bada, orain, Espainiako autonomia erkidego bereko beste haztegi bateko arrautzek beste salmonellosi agerraldi bat piztu dute, Gasteizen. Hamahiru pertsonari eragin die, eta horietako hiru ospitaleratu behar izan dituzte, Osasun Sailak adierazi duenaren arabera.
Ikusi gehiago
Zehazki, kaltetutako guztiek patata tortilla kontsumitu zuten taberna berean. Irailaren 14an piztu zen kasua, eta, tortillak kentzeaz gain, Gasteizko Udaleko inspektoreek pasteurizatutako arrautza likidoa erabiltzera behartu zuten taberna.
Agerraldiaren berri jakin zutenean, Elikagai Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak arrautzen laginak hartu zituen, eta, azaldu dutenez, ez dute salmonellarik antzeman oraindik, baina azaldu dute analisiak oraindik ez dituztela amaitu. Osasun Saila kutsatutakoen laginak aztertzen ari da.
Bestalde, Aragoiko arrautza haztegi bateko salmentak gelditu egin dituzte kautelazko neurri gisa, bertako oilo batzuen gorozkietan Salmonella enteritidis bakterioa aurkitu dutelako. Horrez gain, haztegi horrek jada salduak zituen hainbat arrautza ere botatzea lortu dute, eta, Europako Batasunaren alerta azkarraren sistemari esker, agerraldiaren berri eman dute Portugalen eta Frantzian ere, bi herrialde horietan ere arrautzak saldu baitzituen haztegi horrek.