Beti On zerbitzuak ahots mezuen bidezko sistema eskainiko du, berote, sute eta isurketa abisuak emateko

Adineko pertsonei zuzendutako kanpainen berri ere emango du zerbitzuak.

Mijangos eta Melgosa, Beti On zerbitzuaren sistema berria aurkezten. IREKIA
Mijangos eta Melgosa, Beti On zerbitzuaren sistema berria aurkezten. IREKIA
2026ko uztailaren 13a
19:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendekotasunen bat duten edo laguntza premia duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako edadetuentzako telelaguntza zerbitzua da Beti On. Hain zuen, larrialdi egoeretan sakatzeko botoi bat da, eskumuturreko edo lepoko batean eraman daitekeena. Hemendik aurrera, Beti On telelaguntza zerbitzu publikoak ahots mezuen bidezko sistema eskainiko du, berote, sute eta isurketa abisuak emateko. Horrez gain, adineko pertsonei zuzendutako kanpainen berri ere emango du, hala nola gripearen aurkako txertaketarena. Gaur eman dute zerbitzu horren berri Bilbon Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Iñigo Mijangos Beti On zerbitzuko arduradunak.

Melgosak eman du berrikuntzen nondik norakoen berri. Jakinarazi duenez, mezu berriak erabiltzaileei egiten dizkieten «ohiko deien osagarriak» izango dira: «Erabiltzaileei laguntzeko, abisatzeko eta informatzeko beste apustu bat da». Zerbitzuak honela funtzionatuko du: Beti Oneko arreta zentrotik mezu bat bidaliko dute erabiltzailearen etxeko ohiko gailura. Bidali ondoren, gailuak ahots mezua emango du, erabiltzaileari jakinarazteko mezu bat duela. Erabiltzaileak gailuaren botoia sakatu eta mezua entzuten duenean, arreta zentroan egiaztatuta geratuko da entzun duela. Sailburuak azpimarratu du Beti On zerbitzuaren «hobekuntza argia» dela eta agerian uzten duela «digitalizazioak ere lagundu dezakeela komunitatearen ongizatea sortzen». Proba pilotua egin zuten Arabako erabiltzaileen etxeetan, eta «arrakastatsua» izan da.

Zerbitzua zabalduta dago adinekoen eta mendekotasunen bat duten pertsonen artean. Gaur-gaurkoz, Beti On zerbitzuak 89.636 erabiltzaile ditu: 11.509 Araban, 46.662 Bizkaian, eta 31.465 Gipuzkoan. Urtea amaitu baino lehen 90.000 baino gehiago izatea espero dute.

Beste pauso bat

Jaurlaritzak, baina, harago joan nahi du: aztertzen ari da telelaguntza bidezko zerbitzu berria Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek udako etxeetan ere jaso ahal izatea, gailu eramangarri batzuen bidez. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak dagoeneko egin du proiektu pilotu bat; hilabete amaieran emango du datu horien berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA