Beti On zerbitzuak «bakardadeari aurre egiteko» plan bat eskainiko die ehun erabiltzaileri

Bakarrik bizi diren ehun erabiltzaile identifikatu dituzte, eta haietako bakoitzari plan pertsonalizatu bat egingo diete. Bestalde, indartu egingo dute adinekoak edo mendekotasuna duten senideak zaintzen dituzten herritarren akonpainamendua.

Beti On zerbitzuak Bilbon duen bulegoa, artxiboko irudi batean. IREKIA
Beti On zerbitzuak Bilbon duen bulegoa, artxiboko irudi batean. IREKIA
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 3a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beti On zerbitzuak «bakardadeari aurre egiteko» plan pertsonalizatu bat eskainiko die ehun erabiltzaileri, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak gaur jakinarazi duenez. Egoera zaurgarrian dauden, adinekoak diren edo laguntza behar duten eta bakarrik bizi diren ehun erabiltzaile identifikatu dituzte programarako. Horrez gain, Melgosak jakinarazi du indartu egingo dutela senideak edo lagunak zaintzen dituzten eta zerbitzuan izena emanda dauden 1.500 herritarren akonpainamendua. «Ongizatearen bi alderdi funtsezko osatuko ditugu: harreman esanguratsuak izatearen beharra, eta zaintzaileak zaintzeko betebeharra», gehitu du. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 107.000 herritar inguruk zaintzen dute senideren edo lagunen bat. Hala, Beti On zerbitzuko talde profesionalek pertsona horien ongizatea aztertuko dute, baita haiei orientazioa, informazioa, akonpainamendua eta formakuntza eskaini ere. Halaber, akonpainamendua indartzearen beste helburuetako bat da pertsona horien lan kargari eta nekeari erreparatzea. 

Bakarrik bizi diren erabiltzaileen ongizate emozionala zaindu ez ezik, Beti On zerbitzuko programa horretan parte hartzen duten erabiltzaileek geolokalizazioa eta erorketak identifikatzeko sistemak ere izango dituzte. Tresna horiek alerta eta laguntza moduan ere erabili ahal izango dira, adibidez, zaintzaileak atseden hartu edo une batez irten beharra badu. «Ez ditugu giza harremanak ordezkatu nahi. Segurtasun, informazio eta laguntza handiagoa eskaini nahi dugu, zaintzea ez dadin bakarkako lan edo kezka iturri bilakatu», nabarmendu du Melgosak. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA