Bi adingabe dituen familia bat etxegabetu dute Gasteizko Alde Zaharrean

Familia hamalau urtez bizi izan da han. Ertzaintzak operazio handia jarri du martxan goizean goizetik, eta Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatua etxegabetzea geldiarazten saiatu da, baina ez du lortu. Udalak zazpi egun eskaini dizkie pentsio batean.

Gasteizko etxegabetzea salatzeko protestan izan dira etxegabetutako bi gurasoak. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gasteizko etxegabetzea salatzeko protestan izan dira etxegabetutako bi gurasoak. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko irailaren 25a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Orain ez dakigu non biziko garen. Aterpea eman digute astebeterako, baina gero zer?». Negarrari eutsi ezinik ari da hizketan Driss, Sanae bikotekidea ondoan duela. Minutu gutxi batzuk lehenago, hamalau urtez etxea izan dutenari sarraila aldatu diote. Eta, orain, kalean daude, bizitoki alternatibarik gabe. Bi seme-alaba dituzte, 8 urtekoa bata eta 10 urtekoa bestea. «Lotsagarria da, bota egin gaituzte. Alokairuaren kontratua eta ordainagiri guztiak ditugu, baina kalera goaz».

Gasteizko Kanpokale Berria kaleko 28. zenbakiko etxebizitza batean hamalau urte bizitzen zeraman familia bat etxegabetu dute gaur eguerdian. Familia bereko lau kide bizi ziren han: bi heldu eta bi adingabe. Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak, Alde Zaharreko Ramon Bajo ikastetxeko hezkuntza komunitateak —han ikasten dute bi adingabeek— eta beste hainbat eragilek hara joateko deia egina zuten goizetik, familiari babesa ematera. Dantza, musika eta bestelako jarduerak antolatu nahi zituzten han, elkartasun keinu gisa, baina 07:30erako Ertzaintzak inguruko bi kaleak hartuak eta hesituak zituen.

Hainbat lagun 28. zenbakiko atariraino iristen saiatu dira, eta horietako batzuek lortu egin dute, baina, ondoren, ertzainek handik aterarazi dituzte. Auzoan Bizi sindikatukoek Poliziaren «bortizkeria» salatu dute, eta hiru lagunek ospitaleko larrialdietara joan behar izan dutela adierazi. Are, jakinarazi dutenez, ertzainak larrialdietara joan dira, zaurituak identifikatu dituzte eta esan diete mozal legea aplikatuko dietela.

12:30erako zegoen aurreikusita etxegabetzea. Ordu horretan bertaratu da segizio judiziala, eta, sindikatuko kideak negoziatzen saiatu diren arren, ez dute lortu etxegabetzea gelditzea. Horren aurka protesta egitera joandako auzokide eta lagunekin batera egon dira une oro familiako bi gurasoak, hunkituta. Haien bi haurrak Ramon Bajo Alde Zaharreko eskolan egon dira protestak eta etxegabetzeak iraun duten bitartean. Hain justu ere, Ramon Bajo ikastetxeko irakasle, ikasle eta guraso elkarteko hainbat kidek bat egin dute gaurko protestarekin, eta «Ikaslerik ez etxerik gabe» irakur zitekeen pankartaren atzean egon dira.

Familia bat etxegabetu nahi dute gaur, Ertzaintzak goizetik itxi ditu inguruko kaleak. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Familia bat etxegabetu dute gaur, Ertzaintzak goizetik itxi ditu inguruko kaleak. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Alde Zaharreko eskolako irakasleek eta gurasoek adierazi dutenez, etxebizitzaren arazoak zuzenean eragiten die ikasleei. Izan ere, haurrek ere nozitzen dituzte alokairuen garestitzearen ondorioak, baita baldintza kaskarreko etxeetan, pentsioetan edo lokaletan bizi behar izatearenak eta, noski, etxegabetzeak. Ezegonkortasun horrek, haien esanetan, eragina du haurren osasunean eta ikaskuntza prozesuan. Haien aldarria argia da: hezkuntza eskubidea ezin da bermatu etxebizitza eskubidea bermatzen ez bada.

Etxegabetzearen ordua iritsi ahala, tentsioa handituz joan da. Etxebizitza eskubidearen aldeko eta Ertzaintzaren aurkako aldarriak gero eta ozenago entzuten hasi dira protesta egiten ari zirenen artean, eta gero eta ertzain gehiago bildu dira hesiaren bestaldean.

12:50 aldera atera dira ataritik segizio judiziala eta udaltzainak. Etxea zigilatuta geratu da. Sindikatuko kideek jakinarazi dute Gasteizko Udalak alternatiba bakarra eskaini diola familiari: zazpi egun sukalderik gabeko ostatu txiki batean. Gizarte zerbitzuek ez diete zehaztu epe hori igaro ondoren zer alternatiba eskainiko dieten. Auzoan Biziko kideek BERRIAri azaldu diote etxegabetzen dituzten familia askok hilabeteak ematen dituztela bizitoki alternatiborik gabe, eta udalak egin ohi dien eskaintza «adabakia» baino ez dela izaten.

75.600 euro ordainduta

Gaur etxegabetu duten familiak 75.600 euro ordaindu ditu errentan urteotan guztiotan, sindikatuak jakinarazi duenez. Errenta eskuz ordaintzen zuten hilero, ordainketen erregistrorik gabe. 2021ean, jabeari eskatu zioten gastuak banku transferentzia bidez ordaindu ahal izatea, baina hark ez zuen onartu. Hilabete batzuk geroago, 2022ko urtarrilean, etxegabetze agindua jaso zuten.

Prozesua, ordea, luzatu egin da. Familiak auzitara jo zuen, eta, etxegabetzeen luzapen edo moratoriaren ondorioz, agindua urtez urte atzeratu zen, 2025eko abendura arte. Aurtengo maiatzaren 7an berriz aktibatu zen prozedura. Familiak salatu du abokatuak haiekin kontsultatu gabe 2.487,24 euroko legezko interesen zorra ordaintzea onartu zuela, etxegabetze aginduarekin batera.

Auzoan Bizi sindikatuak, bitartean, familiaren zaurgarritasuna frogatzea lortu zuen. Horri esker, uztailaren 9rako aurreikusitako etxegabetzea gaur arte atzeratu zen. Egun batzuk irabazi zituzten, baina ez dute etxebizitza alternatibarik lortu. Gasteizko Udaleko gizarte zerbitzuek ez diete konponbiderik eskaini negoziazio prozesuan. Salatu dutenez, erakundeek egindako proposamen bakarra alokairu pribatuan beste etxebizitza bat bilatzea izan da.

«Eskerrik asko denei!»

Ertzaintzaren operazioa handia izan da goiz guztian, eta tentsio une batzuk ere bizi izan dira, batez ere etxegabetzea amaituta Poliziak lerroa kendu duenean. Orduantxe, Ertzaintza atzera egiten hasi da, eta protesta egitera joandako auzokideek eta etxegabetutako familiak oihu artean egin dute aurrera, eta etxearen atarirantz hurbildu dira. Poliziaren ibilgailuak kaleetan barrena urrundu ahala, txaloak eta txistuak gero eta ozenago entzun dira.

Ertzaintzak alde egin duenean hartu du hitza familiak. Hamalau urtez euren etxea izandakoaren aurrean, esker onez mintzatu da Sanae, bereziki azken urteotan jasotako babesarekin eta laguntzarekin hunkituta: «Eskerrik asko denei!» esan die auzokideei. Hamalau urteko bizitza kolpe batez itxita, beldurrez eta ziurgabetasunez begiratu dio etorkizunari: «Orain ez dakigu zer egingo dugun», esan du, etsirik.

Gasteizko etxegabetzea
Sanae eta Driss, gaur, etxegabetuak izan ostean. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Auzokideak gerturatu egin zaizkie, berotasuna eta kontsolamendua ematera. Haien eskuzabaltasuna eskertu dute Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatukoek gero: «Hau ere bada komunitate politikoa eraikitzea!». Arratsalderako protesta batera deitu du sindikatuak Olagibel plazatxoan.

14:30erako kalea hustu egin da, baina Driss, Sanae eta bi umeen etxea izan denaren leihoetatik pankarta bat geratu da eskegita: «Auzokideen etxeak defendatuko ditugu».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA