«Euskal banketea» deitu diotenaren ezeztatzen lortzeko esperantza aspaldi desagertu zen: bihar egitekoak dira Canon Français enpresak antolatutako oturuntza erraldoia, «bankete faxista», batzuek diotenez. Miarritzeko (Lapurdi) Irati aretoko bortak 12:00etan irekitzekoak dituzte ofizialki, baina ikusteko dago zenbat pertsona helduko diren haraino, batzuk helduko badira. Sare eta dinamika antifaxistek ekitaldia oztopatzeko manifestazioa eta blokeoak eginen dituzte.
Ikusi gehiago
Banketearen bezperan, tentsioa areagotzen ari dela antzematen da, eta borroka ideologikoa nehoiz baino nabarmenagoa da Ipar Euskal Herriko karriketan. Tokika, oturuntzaren kontrako tindaketak ageri dira, bai eta haren aldekoak ere, berrikiago: joan den larunbat gauean, erraterako, Frantzia goraipatzen eta Canon Français defendatzen duten idazkiak agertu ziren Irisarrin eta Ortzaizen (Nafarroa Beherea); segidan, horien salatzeko elkarretaratzea eginen zuten herritarrek.
Canon Françaisena ez baita «Frantziako kultura eta ohiturak» ospatzeko oturuntza soila: Pierre-Edouard Sterin eskuin muturreko miliarduna da enpresaren hiru finantzatzaile nagusietariko bat, akzioen %30 baititu. Beste bi akziodun nagusiak enpresaren sortzaileak dira, Pierre-Alexandre de Boisse eta Geraud du Fayet de la Tour.
Kolektibo antifaxistek behin eta berriz oroitarazi dutenez, ez da kasualitatea Sterinek enpresa hori diruztatzea, ideiak argi baititu, eta horiek gauzatzeko planak eginak. Apirilean egitekoak diren Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetan RN Batasun Nazionalak irabaztea du xede, eta horretarako plan bat osatua du, Perikles izenekoa. Hari esker, eskuin muturreko ideiak zabaltzeko finantzaketa eta komunikazio operazioak plantatzen ditu. Funtsean, Perikles izendapenaren hizki bakoitzak ontsa baino hobeki definitzen ditu Sterinen proiektu politikoaren ildoak: patriotak, errotuak, erresistenteak, identitarioak, kristauak, liberalak, europarrak, subiranistak.
Hori dela eta, militanteek argi dute Canon Français enpresaren oturuntzak ideia horien hedatzeko tokia besterik ez direla, kontuan harturik 2.000 pertsona biltzekoak direla Miarritzeko bazkarira. Hainbat lekutan irain arrazista eta homofoboak eta ikur naziak dokumentatu dituzte kazetariek. Frantziako Caen hirian egin zuten oturuntzak, erraterako, susmo horiek berresten ditu: fiskalak ikerketa bat zabaldu zuen maiatzean, hiri hartan egindako bazkarian keinu naziak izan baitziren, kazetari batek filmatutako irudietan ikusten denez.
Erantzuna karrikan
Visa 64 kolektiboaz gain, zeinak hainbat sindikatu eta ekinaldi antifaxista biltzen dituen, sare autonomo bat mobilizatzen ari da oturuntzaren kontra, baita Herri Harresia dinamika ere, ikuspegi abertzaletik begiratzen diona «besta frantseszaleari». Oturuntza Euskal Herrian egiteak, hain zuzen ere, karga berezia baitu. «Frantziako kultura berreskuratzeko» egitasmo baten gisan aurkezten dute, eta oturuntzetan grabatutako bideo eta irudietan nonahi ageri dira Frantziako banderak, Laulhere enpresak egindako bonetak, galtza uhal zuri, gorri eta urdinak, kantu frantsesak...
Guziagatik, «bankete faxistaren» ezeztatzea ez baita lortu, manifestazioa eta blokeoak eginen dituzte bihar, oturuntzara doazenak oztopatzeko eta ekitaldia egitea galarazteko. Parean, Polizia dispositibo zabala ukanen dute militanteek, Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetak gaur goizean Ici Pays Basque irratian adierazi duenez. Bi erabaki hartuak izan dira: lehenik, urriaren 27tik 29ra bitarte, debekatu dute Irati aretoko inguruan armak, morteroak, ezantza edo begitartea tapatzeko objektuak eramatea; bigarrenik, eremua droneekin zainduko dute Poliziak esku hartu behar baldin badu aski goizik esku har dezan.
Bestalde, Miarritzeko Herriko Etxeak argitara atera du hartu berri duen erabaki bat: Irati areto inguruko hainbat lekutan aparkatzea debekatu dute igandera arte, «erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko».
Zehaztu behar da, hasieratik, Serge Blanco auzapezak Canon Françaisen bazkaria bertan behera uztea errefusatu duela, ordena publikoari eraginen balio baizik ez lukeelakoan hori egiten ahalko. Oraingoan, bai prefeturak eta baita herriko etxeak ere onartzen dute arrisku hori egon badagoela, baina ekitaldia ez da ezeztatu, eta, segur ere, konfrontaziorako bidea da geratu dena.
MOBILIZAZIOAK
- 09:00. Manifestazioa Miarritzeko Marion lakutik, asanblada antifaxistak deiturik.
- 10:30. Blokeoa barnealdetik datozenentzat, Eden Villages Bela Basque kanpinean, Herri Harresiak deiturik.
- 10:30. Blokeoa BAM ingurutik datozenentzat, Mousse-Irati biribilgunean, Herri Harresiak deiturik.
- 10:30. Blokeoa Lapurdi hegoaldetik eta Hego Euskal Herritik datozenentzat, Leclerc supermerkatuaren ondoko biribilgunean, Herri Harresiak deiturik.