Bi estatu, lore sorta bakarra

Alemaniako presidenteak barkamena eskatu die Gernikako bonbardaketaren biktimei. Hilerrian jarritako lore koroaren aurrean makurtu da, eta diosala egin dio. Espainiako erregea atzean gelditu da, zutik, keinurik egin gabe.

(ID_15555989) ESPAÑA ALEMANIA
Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeier eta Felipe VI.a Borbokoia, Espainiako erregea, Alemaniako estatuko ordezkariek eramandako lore koroari begira. MIGUEL TOÑA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
Gernika-Lumo
2025eko azaroaren 28a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi estatuburu elkartu dira gaur goizean Gernika-Lumoko Zallo hilerrian. Elkarren alboan zeuden, baina, era berean, bata bestearengandik oso urrun. Frank Walter Steinmeier Alemaniako presidentea eta Felipe Borboikoa elkarrekin iritsi dira Gernikako bonbardaketaren biktimen omenezko mausoleora. Aurrenekoak biktimen omenezko krabelin zurien koroa bat ekarri du, sarraskian izandako erantzukizunaren ikur. Espainiako erregea, berriz, esku hutsik etorri da. Ekitaldi hunkigarri bat izan da gero, eta hartan ere ezberdin jokatu dute: lehena koroaren aurrean makurtu da, eta diosala egin dio; bigarrena atzean gelditu da, zutik. Aurpegi serioa bai, baina damu keinurik ez.  

Alemaniako Gobernuak 1997an eskatu zuen lehenengoz barkamena bonbardaketarengatik. Roman Herzog orduko presidenteak gutun bat bidali zion Gernikako herriari, eta, atzo, egungo presidentea damu horren erakusle izan zen. Bisita egin zuen bai biktimen omenezko mausoleora eta bai 1937ko apirilaren 26ko sarraskia gogoratzen duen museora. Bietan izan ditu lagun Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Felipe VI.a Espainiako erregea. Biktimen ordezkari moduan, bonbardaketatik bizirik ateratako 95 urteko bi gernikar, Crucita Etxabe eta Mari Karmen Agirre. Biak agurtu zituzten hilerrian, eta biekin bildu dira museoan.

«Gure erantzukizun historikoa onartzen dut. Krimen doilorra izan zen, eta zibilak baino ez zituen izan jomuga. Garrantzitsua da aurreneko aldiz Alemaniako agintari batek garai hartan gertaturikoen gaineko erantzukizuna onartzea»

FRANK WALTER STEINMEIER Alemaniako presidentea

Egunotan, Steinmeierren etorrerak adinako ikusmina sortu du Felipe Borboikoarenak. Alemania eta Espainia dira, Italiarekin batera, bonbardaketaren erantzule nagusiak, eta, gainera, Espainiako errege etxea erasoa sustatu zuen erregimenaren oinordekoa da. Hala, Elkarte memorialistek, Gernika-Lumoko Udalak eta hainbat ordezkari politikok eskatu zuten Espainiako erregeak ageriko barkamen keinu bat egin zezala, baina Felipe VI.ak ez du halakorik egin. Iragarri zuen Steinmeierri lagun egitera etorriko zela, eta horixe egin du, haren alboan egon.

Steinmeierrek aitortu du bere herrialdeak zorrak kitatzeke zeuzkala Gernikarekin: «Gure erantzukizun historikoa onartzen dut. Garrantzitsua da aurreneko aldiz Alemaniako agintari batek garai hartan gertaturikoaren gaineko erantzukizuna onartzea». Halaber, gehitu du bonbardaketa «krimen doilorra» izan zela, eta haren «jomuga bakarra» zibilak zirela. «Gernikara umil etorri naiz: ez dugu ahaztu nahi eta ez dugu ahaztuko zer-nolako sufrimendua eragin genuen. Bakea, askatasuna eta demokrazia defendatu behar ditugu: Gernikak mezu horixe bidaltzen du gaur».

Presidenteak bereziki nabarmendu du Gernika-Lumo eta Alemaniako Pforzheim hiria senidetuta egotearen garrantzia sinbolikoa, zauriak «oraindik irekita» daudelako eta ez direlako «guztiz sendatu»: «Goizean bonbardaketako biktimekin izandako bileran entzun dugu zein luzea eta zaila izan den Gernika eta Alemaniaren arteko adiskidetze prozesua gauzatzea». Esan du funtsezkoa dela mezu hori belaunaldi gazteei zabaltzea.

Espainiako Gobernuko inor ez

Gernikan ezarritako segurtasun neurri zorrotzek baldintzatu dute eguna, baina baita protokoloan pilaturiko atzerapenek ere. Nonbait, eguraldi arazoen erruz, Steinmeier presidentearen hegazkina ordubete berandu irten da Madrildik eta eragozpen horrek are gehiago estutu du agenda. Forondan hartu du lur eta Pradalesek Ajuriaenea jauregian egin dio harrera. Elkarrekin abiatu dira Gernikara.

Hilerriko ekitaldia bezperan aurreikusitakoa baino ordu eta erdi beranduago hasi da. Hilerrian ziren, besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Jaurlaritzako hainbat sailburu eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi ia guztietako buruak. EH Bildu izan da kale egin duen bakarra, esana baitzuen ez zela agertuko Espainiako Koroa legitimatu zezakeen ekitaldi batean. Hutsune hori bezain deigarria izan da, dena den, Espainiako Gobernuarena. Ez du lehen mailako kargurik bidali. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria eta Daniel Calleja Europako Batzorderako estatu idazkaria egon ziren. Alegia, ez ministrorik ezta ministrorderik ere.

Bilera biktimekin

Hilerriko ekitaldia hunkigarria izan da, eta bertaratutakoek adinako presentzia izan du San Joan Ibarrakoaren elizako kanpaiak. Bonbardaketan birrindutako elizako kanpaia hilerrira eraman zuten, eta urtero jotzen dute bonbardaketaren urteurrenean. Gaur lan berriak jarri dizkiote, eta bost aldiz eginarazi diote aiene hildakoen omenez. Horren ondoren, koru batek Pablo Sorozabalen Gernika abestu du, lehen estrofa gordina barne: Gernika, hilketa, su ta gar erreta/ andreak ta haurtxoak, heriotzari ihesika./ Gernika gaixoa, malkozko itsasoa,/ odolez gainezka, zoritxarrean itoa. 

Hilerrikoak eginda, agintariak Bakearen Museora abiatu dira. Auto karabana pasatzean tirabirak izan dira herri erdiko kaleetan. Museoko bisita laburtu egin dute, baina Steinmeierrek aukera izan du Kruzita Etxaberekin eta Mari Karmen Etxaberekin biltzeko. Espresuki egina zen horretarako eskaera. Espainiako erregea ere bileran egon da. Biktimek esana zuten ez zutela ezer espero erregearengandik, eta hark barkamena eskatzea nahi zutela. Ez da zabaldu halakorik egon denik. Steinmeierrek esan du bilera «bizia» izan dela eta biktimak «pozik» ikusi dituela Alemaniak eginiko aitortzarengatik.  

Emilio aperribairen gutuna

Etxabe eta Agirre ez dira hilerrian izan diren bonbardaketaren biktima bakarrak. Haiekin batera egon da Emilio Aperribai: bonbardaketaren egunean, zortzi hilabete zituen. Aperribaik, gonbita baliatuta, esker oneko gutun bat eman dio Steinmeierri. Hilerriko atarian azaldu duenez, keinua eskertu dio gutunean, «horrelakorik berriro gertatu ez dadin: ez Gazan, ez Ukrainan, ez beste inon». Aperribaik urteak egin zituen erbestean bonbardaketaren ondoren. Espainiako erregeari, aldiz, ez dio ezer eman: «Hori beste kontu bat da, eta nahiago dut ez komentatu. Nondik dator? Zeinek jarri zuen?». Iradoki du barkamena eskatu beharko lukeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.