Bi gazte atxilotu dituzte Tolosan, bi udaltzaini eraso egitea egotzita

Ertzaintzak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko. Udaltzainen aurkako erasoa txarretsi du Tolosako Udalak.

Tolosako kale bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Tolosako kale bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
2026ko azaroaren 6a
08:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tolosako Udaltzaingoak bi gazte atxilotu zituen asteazken gauean, eta bi udaltzaini eraso egitea leporatzen die. Erne polizia sindikatua izan zen gertatutakoa salatzen lehena: erakunde horren arabera, udaltzainek sei gazte geldiarazi zituzten Andra Mari kalearen atzeko partean, eta identifikatzeko eskatu zieten. Sindikatuaren arabera, gehienak adingabeak ziren. Agiriak erakutsi beharrean, baina, poliziei oldartu zitzaizkien gazteak, eta haietako batek patinete batekin eraso egin zien. Ertzaintzaren ibilgailu bat heldu zen berehala, eta gazte gehienek ihes egin zuten. Udaltzainek une horretan bertan atxiki zituzten gazteetako bi.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du Ertzaintzak ikerketa abiatu duela, zer gertatu zen argitzeko. Erne sindikatuak, berriz, gertatutakoa gaitzetsi zuen asteazken gauean bertan, eta babesa adierazi zien atxiloketan parte hartu zuten agenteei, haien familiei eta Tolosako Udaltzaingoaren lantalde osoari. Poliziak babesteko neurri gehiago ere eskatu zituen polizia sindikatuak, eta «gaitzespen adierazpen publiko eta esplizitu bat» exijitu zion Tolosako Udalari.

Atzo eguerdian, hain zuzen, oharra argitaratu zuen udalak. Agirian, erakundeak «zeharo txarretsi» zuen asteazken gauean gertatutakoa, eta zera gaineratu zuen: indarkeriazko jokabide oro «onargaitza» dela, are gehiago «herritarren elkarbizitza eta segurtasuna bermatzeko ardura duten udal langileen aurkakoak badira». Udalak elkartasuna eta babesa adierazi zien eraso egin zieten udaltzainei, eta berretsi gatazkak konpontzeko bide bakarra dagoela: «Elkarbizitza, elkarrekiko errespetua eta elkarrizketa».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA