«Kubatarrentzat itxaropen argi bat zarete». Hori adieraziz, Euskadi Kuba elkarteak eskerrak eman dizkie Karibeko herrialde horretako osasun zentroak energiaz hornitzeko diru bilketan parte hartu duten guztiei. Aurreikuspenak «soberan» bete ditu Argia eta indarra Kubarentzat kanpainak: Euskal Herriko 1.255 norbanako eta eragilek egin dute dohaintza, eta, horiei esker, 245.000 euro batu dituzte bi hilabetean. Diru horrekin, Habanako William Soler ospitale pediatrikoko poliklinikan eta ospitalizazio eremuan jartzeko energia fotovoltaikoko bi instalazio erosi eta hara bidaliko dituzte. 160.000 haur artatzen dituzte bertan.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Kubaren kontrako 243 neurri ezarri zituen bere lehen agintaldian, eta 1962an hasi zen blokeoa gogortu zuen. Bada, legealdi honetan, agindu exekutibo bat onartu du, Kubarekin salerosketan aritzen diren edo irla energiaz hornitzen duten herrialdeak zigortzeko. Hori dela eta, kubatarrek ez dute baliabide energetiko nahikorik egunerokoari eusteko: elektrizitatea luzaz etetea eragiten du horrek, eta, gainera, oinarrizko zerbitzuen funtzionamendua ere mugatzen du, besteak beste ospitaleena, Mila Aceak, Toni Merlan eta Dana Moyak azaldu dutenez.
«Kubako herritarrak genozidio mota bat sufritzen ari dira, bonbak erortzen ez diren arren. Auskalo noiz eror daitezkeen»
MILA ACEA Kubako diasporako kidea
Euskal Herrian bizi diren kubatarrak dira haiek. Kuba: genozidioa gelditu lelopean, Euskadi Kuba elkarteak gaur eguerdian egindako elkarretaratzean hitza hartu dute hirurak. Bilboko udaletxe aurrean elkartu dira, dozenaka lagunekin batera. Aceak salatu duenez, «Kuba genozidio mota bat sufritzen ari da, bonbak erortzen ez diren arren». «Auskalo noiz eror daitezkeen», gehitu du. Blokeoaren helburua uhartearen ekonomia «itotzea» eta «eskasia eta ezegonkortasuna» sortzea dela ohartarazi du kubatarrak. Herrialdea «higatzea», alegia.
Osasuna arriskuan
«Egun osoko argi eta ur mozketak daude; garraio publikorik edo zabor bilketarik ia ez dago; eta emigrazioa eta pobrezia nabarmen handitu dira», azaldu du Moyak. Baina, kubatarren osasunean ere eragin zuzena dauka blokeoak: «Gaur egun medikamentuen heren bat baino ez dago, 96 mila pertsona baino gehiago daude kirurgia baten zain, eta haurren heriotza tasak %148 egin du gora», ohartarazi du.
Horregatik guztiagatik antolatu zituen Argia eta indarra Kubarentzat izeneko kanpaina eta diru bilketa Euskadi Kuba elkarteak. Martxoaren erdialdean abiatu zuten, eta hilabetean 180.000 euro biltzea lortu zuten, Habanako William Soler ospitale pediatrikoaren poliklinikan eguzki energiako instalazio bat martxan jartzeko. Hala ere, diru bilketarekin ekainera arte jarraitzea erabaki zuten, erietxe horretako ospitaleratze eremuan aurrekoren pareko beste instalazio bat erosteko; baita lortu ere. Guztira, 244.000 euro batu dituzte, eta euskal herritarrek emandako laguntza «bihotzez» eskertu dute sustatzaileek: 1.255 norbanako eta eragilek egin dute dohaintza.

Gainera, diru bilketa bultzatzeko, Utzi Kubari bizitzen! manifestua aurkeztu zuten, euskal kulturaren arloko 130 eragilek eta sortzailek babestuta. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Bernardo Atxaga, Fermin Muguruza, Itziar Ituño, Jon Maia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, eta Burutik eta Merina Gris musika taldeak. Horiek guztiek, argi utzi zuten artistek ez dutela besoak gurutzatuta geratzeko asmorik. Hain zuzen, gaurko elkarretaratzearen ostean, kultur ekitaldi solidarioa egin dute Virginia Imaz pailazoak eta Xabi San Sebastian trobadoreak. Bitartean, Kubaren aldeko besarkadak banatzen aritu dira Oihulari Klown taldeko kideak.
Azkenik, maiatzaren 2an Habanan egindako Nazioarteko Elkartasun Konferentzian iragarri zen sinadura kanpainan parte hartzera deitu dute, Firmoporcuba.com webgunean sartuz. Kubako herriari eta bere subiranotasunari babesa ematea da horren helburua.