Martxoaren erdialdean abiatu zuen Argia eta indarra Kubarentzat kanpaina Euskal Herria Kuba plataformak, eta hilabetean 180.000 euro bildu ditu, Habanako ospitale pediatriko bat energiaz hornitzeko. Taldeak nabarmendu du euskal gizarteak interes handia agertu duela «garai kritiko hauetan» Kubari laguntzeko, eta hala, kanpaina eta diru bilketa luzatzea erabaki du: maiatza amaierara arte iraungo du.
Hiriburuko William Soler ospitale pediatrikoaren poliklinikari autonomia elektrikoa emango diote kanpainan lortutako ekarpenari esker: energia fotovoltaikoko instalazio bat erosi eta hara bidaltzeko erabiliko dute dirua. 160.000 haur artatzen dituzte bertan. Hain justu, erietxe horretako ospitalizazio eremuan eguzki energiako beste instalazio bat martxan jartzeko erabili nahi dute ekainera bitarte bildutako dirua; 244.000 eurora iritsi nahi dute.
Kubako blokeoari aurre egitea du xede kanpainak. Diru bilketa sustatzeko, Utzi Kubari bizitzen! manifestua aurkeztu zuten, euskal kulturaren arloko 130 eragilek eta sortzailek babestuta. Bertan, «eraso onartezin» gisara hartu zuten gosea eta energiarik eza «tresna politiko» moduan erabiltzea; izan ere, blokeoaren ondorioz, gaur egun kubatarrek ez dute baliabide energetiko nahikorik eguneroko oinarrizko beharrei eusteko.