Bi pertsona atxilotu dituzte «terrorismo» delitu bat egotzita

Biak Ertzaintzaren Irungo polizia etxera joan dira, eta bertan atxilotu dituzte. Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utziko dituzte.

Ertzain batzuk, errepideko kontrol batean. ERTZAINTZA
Ertzain batzuk, errepideko kontrol batean. ERTZAINTZA
jakes goikoetxea
2026ko urriaren 17a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, «material oso delikatua» zeramaten hiru pertsona identifikatu zituzten irailaren 26an egindako kontrol batean, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Material horrek barne hartzen du poliziei eta segurtasun indarrei buruzko informazioa, eta «ustez armak eta lehergaiak dituen leku bat» aurkitzeko informazioa.

Hiru pertsona horietatik bi Ertzaintzaren Irungo polizia etxera (Gipuzkoa) joan dira gaur, abokatuarekin, eta Ertzaintzak atxilotu egin ditu. Atxilotuak 34 urteko gizon bat eta 22 urteko emakume bat dira. «Terrorismo» delitu bat egin dutelakoan atxilotu dituzte. Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utziko dituzte «lehenbailehen». Segurtasun Sailak nabarmendu du atxilotuek «aurrekari nabarmenak» dituztela. Ez du zehaztu zer eratako «terrorismo» delituagatik ikertzen ari den eta zer eratako aurrekariak dituzten.

Eskoriatzako kontrolaren ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta harremanetan jarri zen Espainiako Auzitegi Nazionalarekin, «kontuan hartuta bazitekeela gertakariak terrorismo delitu bat izatea». Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Nagusiak egin du ikerketa, eta, Segurtasun Sailak zehaztu duenez, hainbat bilera egin dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko agintari judizialekin, baldin eta ekintza judizialen bat egin behar zela erabakitzen bazen, haiei «bide emateko». Ikerketak eta harremanak «aurrerapauso nabarmenak» izan dituzte, prentsa ohar baten bitartez jakinarazi dutenez.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA