Bi urtera arteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete Ekain Perrinori eraso egin zioten 11 pertsonei

Gaur eman dute 2021eko ekainaren 6an Basaurin gertatutako erasoaren inguruko epaia. Epaileak frogatutzat jo du «taldean» eraso egin ziotela Perrinori.

Akusatuak epaiketaren lehenbiziko saioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Akusatuak epaiketaren lehenbiziko saioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko apirilaren 1a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

2021eko ekainaren 6ko gauean jipoitu zuten Ekain Perrino, Basaurin (Bizkaia), «marikoi zikina» oihu artean. 11 lagunek egin zioten eraso, konorterik gabe utzi zuten arte. Bortz urte geroago egin dute epaiketa: martxoaren 9an hasi zen, Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Eta gaur iritsi da epailearen erabakia: kartzela zigorrak eta isunak ezarri dizkiete 11 lagunei, honako delitu hauengatik: gorroto delitua, osotasun moralaren kontrako delitua eta lesio delitu arina. Epaileak adierazi du frogatuta gelditu dela erasoa «taldean» egin zutela, eta «esanahi homofobo eta baztertzailea» zuela. Epaia, baina, ez da irmoa, eta helegitea jar daiteke EAEko Auzitegi Nagusian. 

Zehazki, auzipetutako hamar lagunei bi urteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete, eta 2.700 euro bitarteko isunak. Azkenari, berriz, hamalau hilabeteko kartzela zigorra jarri diote, eta 1.710 euroko isuna, nahasmendu psikikoaren aringarria aplikatu diotelako. Horrez gain, guztiek debekatua izanen dute Perrinorengana hurbildu edo harekin harremanetan jartzea, eta, gainera, 6.000 euro ordaindu beharko dizkiote kalte moralengatik eta bertze 350 euro erantzukizun zibilagatik. 

Perrinok berak epaiketan kontatu zuenez, eraso homofoboa larunbatez gertatu zen, 02:30ean. Perrino lagun batzuekin zegoen, Basauriko Bizkotxalde plazan, eta bertze gazte bat hura iraintzen hasi zen; gero, irainak kolpe bilakatu ziren. Gutxienez 11 gizonen artean jipoitu zuten azkenean, «marikoi zikina» eta bertzelakoak oihukatzen ari zirela, eta konorterik gabe utzi zuten. Erasotzaileek ihes egin zuten, baina Poliziak handik ordu gutxira atxilotu zituen akusatuak. Perrinoren kontakizuna aintzat hartuta, epaileak frogatutzat jo du 11 lagun horiek izan zirela gazteari eraso egin ziotenak. Nabarmendu du gaztearen testigantza «sinesgarria» dela eta bat egiten duela lekukoek kontatutakoekin. 

«Kutsatu» egingo zituela

Hain justu, Perrinok epaiketan kontatu zuen parkean lagun batzuekin solasean ari zela, eta zigortu duten pertsonetako batek «alde egiteko» erran ziola: «kutsatu» egingo zituela eta «nazka» ematen ziela. Perrinok erantzun zion erranez bera han egoteak «gogaituz gero joan zedila». Are, ziurtatu zuen berak ez ziela kolperik eman. 

Orduan akusatuetako batek bizkarretik eraso egin ziola kontatu zuen, nahiz eta ezin izan duen zehaztu nor izan zen. Hartutako kolpearen ondorioz, lurrera erori zen, eta ondoren gainera etorri zitzaizkion guztiak, eta ostikoka hasi: «Besteak ez ziren geldirik geratu». Hori bera berretsi zuten ordu hartan Perrinoren bikotekidea zenak eta bertan zeuden bertze sei lekukok. Gaztearen bikotekideak liskar bat zegoela ikusi zuen, eta harantz joan zen: «Arropa ikusita jakin bainuen lurrean zegoena Ekain zela». Iritsi bezain laster, Perrinoren gainera bota zuen bere burua, kolpeez babesteko. «Hil egin behar zuten». Gainontzeko lekukoek ere adierazi dute ez zirudiela erasotzaileek biktima jipoitzeari uzteko asmorik zeukatenik. «Plazan zegoen jende guztia tartean sartu zenean baino ez zuten alde egin».

Akusatuek, baina, Perrino jipoitu izana ukatu zuten epaiketan, eta hark jo zituela erran. Epaian zalantzan jarri dituzte 11 lagun horien «arrazoibideak, aitzakiak edo zurigarriak», eta erran «nahiko sinesgaitzak» direla, «sinesgarritasun zantzurik» gabeak. 

Gorroto delitua

Epaileak nabarmendu du erasoaren aitzinetik eta erasoak iraun bitartean erabilitako irainek «esanahi homofobo eta diskriminatzaile argia» izan zutela eta, beraz, gorroto diskurtsoari erantzuten diotela. Hain justu diskurtso horien arabera, «pertsona edo kolektibo jakin batzuek ez dutelako merezi begirunerik edo errespeturik». Horiek horrela, epailearen irudiko, irain horiek ez ziren «inguratze soil» baten ondoriozkoak izan, «soilik sexu orientazioagatik egindako baztertze soziala» baizik: «Biktimaren osotasun morala, duintasuna, larriki kaltetu zen, eta umiliazio, laido eta gutxiespen handiko esperientzia bat bizi izan zuen, soilik bere sexu orientazioagatik».

Lesio delitu arina ere egotzi diete auzipetu guztiei. «Arina» zela ebatzi dute «talde erasoa laster» akitu zelako, bertan zeuden lekukoek erasoa hasi eta minutu gutxiren buruan esku hartu zutelako, eta hala «zauri larriagoak izatea eragotzi». Ondorio fisikorik ez, baina Perrinok epaiketan baieztatu zuen erasoak ondorio psikiko larriak ekarri zizkiola: «Astero joan behar izan dut psikologoarengana, antsietateagatik eta depresioagatik, eta psikiatrarengana ere hainbat aldiz joan naiz. Desintoxikazio zentro batean ere egon nintzen, gertatutakoaren ondorioz substantzia estupefazienteak hartzen hasi bainintzen». Are, bortz urte geroago ere tratamenduan dago oraindik.

Epaileak ebatzi du frogatuta gelditu dela ondorio horiek dituela, eta erasoa «taldean» eta esparru publikoan egin izanaren ondorio direla. 

Ortzadar: «Positiboa da sententziak aldagai lgtbifoboa kontuan hartu izana»

Gaur eman dute Ekain Perrinoren kasuko epaia, eta gaur bertan iritsi dira lehenbiziko erreakzioak. Ortzadar LGBTI+ elkarteak positibotzat jo du sententzia, batez ere erasoaren «aldagai LGTBIfoboa kontuan hartu izana»: «Horrek lagundu egiten du justizia eta zorroztasun handiagoz neurtzen bortizkeria mota hauen benetako larritasuna». Halaber, taldeak adierazi du sententziak argi uzten duela «salaketak jartzearen eta justiziara jotzearen garrantzia»: «Horrelako epaiek erakusten dute salaketa jartzea merezi duela, justiziara jotzea garrantzitsua dela eta aldagai LGTBIfoboak dituzten erasoak merezi duten seriotasunarekin landu behar direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA