Bide berriak zabaltzeko giltzak

Dozenaka norbanakok eta eragilek bat egin dute Sare Herritarrarekin, euskal presoen afera konpontzeko eskatzeko. Plataformak urtarrilaren 13an egingo du manifestazioa

Sare Herritarra plataformako kideak, eta politika, gizarte eta kultur arloko ordezkariak, atzo, Gernikan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Iosu Alberdi - Olatz Enzunza
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Sare Herritarrak eta politika, gizarte eta kultura arloko dozenaka aurpegi ezagunek euskal presoen afera konpontzeko beharra adierazi zuten atzo, Gernikan (Bizkaia), manifestu baten bidez: «Konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare zabaldu nahi eta behar ditugu». Konponbiderako giltzak kanpaina abiatu dute horrela, eta urtarrilaren 13an Bilbon mobilizatzeko deia egin dute. «Bete ditzagun kaleak giltzaz, konponbidearen mesedetan», adierazi zuen Bego Atxa Sareko eledunak.

150 lagunek baino gehiagok sinatu dute manifestua. Honela dio: «Giltzari esker sartu eta irten egiten gara: aurrera egiten dugu. Edo atzean geratzen gara, gotorturik». Izan ere, giltza «iraganeko minak, gorrotoak eta biolentziak» atzean uzteko baliatu beharrean, «inoren sufrimendua ahaztu edo gutxietsi gabe» aurrera egiteko irakaskuntza izan daitekeela adierazi dute: «Akatsetatik ikasiz ez errepikatzeko, norgehiagokak giltzapetu eta iraganean ainguratzen gaituzten lehiak ixteko». Bi arlotan eskatu dituzte urratsak sinatzaileek. Batetik, biktima guztiei «tratamendu justu eta berdina» emateko modua egiteko, «sufritu duten pertsona guztiak» aintzat hartuz eta errespetatuz. Bestetik, euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbide bat bilatzeko: «Espetxe eredu berri, humanizatu eta justuago batean sakonduz, euskal presoei dagozkien eskubideen jabetza aitortuz». Esan dute eskaera hori ez dela «zigorgabetasunarekin» nahastu behar.

ETAk borroka armatua etetearekin zein euskal presoei ezarritako bakartze eta urruntze politiken amaierarekin «urrats sendoak» egin direla onartu dute, baina gogoratu dute presoekoraindik ere «legearen bidea jorratzeko ateak ireki ahala» aurrera egiteko «oztopo diren sarraila berriak» izaten dituztela sarri: «Salbuespenak giltzarrapo izaten darrai, etxerako ateak itxita jarraitzen du».

Bide beretik, Atxak azaldu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileen eta fiskalen jarrera urrun dagoela oraindik «espetxe politika justu bat» izateko helburutik, nahiz eta salbuespenezko politikak «inolako justifikaziorik» ez izan. Are gehiago, espetxeetako tratamendu batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin «talka» egiten duela salatu du. «Eusko Jaurlaritzak onartu dituen gradu progresioen % 75i helegitea jarri die Fiskaltzak, eta askok itzuli behar izan dute espetxera eta bigarren gradura», xehatu du, azalduz egoera horrek «estres egoera nabarmenak» eragiten dizkietela presoei. Horren harira, gizartea «elkarbizitzarako ateak irekitzeko lanetan» ari dela azaldu dute, eta arlo politiko, sindikal zein sozialean eragiteko nahia dute, «etorkizuneko ateak irekitzeko».

Hori da, sinatzaileen hitzetan, «elkarbizitza oinarri izango duen etorkizuna» eraikitzeko bidea. Hala, Sarek dei egin die manifestuarekin bat egiten dutenei hura babestu dezaten: horretarako bidea giltzak.sare.eus webgunea da.

Konpromisorako deia

Bi oinarriren pean abiarazi zuten Sare plataforma 2014ean: «Euskal presoek jasaten duten eskubide urraketa amaitzeko» helburuarekin, batetik, eta «indarkeria guztien biktima guztien errespetu, babes eta elkartasun beharrarekin» bat egitearenarekin, bestetik. Hala, Atxak azaldu du ez zutela espero bederatzi urte geroago bi aferak «konpondu gabe» egotea. Halaber, gogoratu du «erabat ezberdina» zen testuinguru batean jarri zirela martxan salbuespenezko politikak, baina Auzitegi Nazionalak «uko» egiten diola errealitate berria onartzeari: «Zuzenbidea bihurritzen du gizarteratze printzipioa ezagutzen ez duen bertsio bat aplikatzeko». Era berean, gaineratu du ez direla «pribilegioak» eskatzen ari, legez jokatzea baizik.

Eragile politiko, sindikal eta sozialei eskatu diete «konpromiso irmoa» erakusteko egoera hori amaitzeko bidean: «Orain da etapa berri hau hasteko garaia. Zaila, korapilatsua, baina gure elkarbizitzan aurrera egiteko funtsezkoa izango delakoan gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.